Basque Research: hamarkada bete Euskal Herrian egiten diran ikerketak mundura zabaltzen
2012-06-07 17:53Elhuyar Fundazinoaren Basque Research webguneak hamar urte bete ditu Euskal Herrian egiten dan ikerketa, garapen eta barrikuntzearen erakusleiho izaten. Hamar urte honeetan, 8.000 albiste eta ekitaldi batu eta zabaldu ditu; ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu zabalean be.
Elhuyar Fundazinoaren Basque Research webguneak hamar urte bete ditu Euskal Herrian egiten dan ikerketa, garapen eta barrikuntzearen erakusleiho izaten. Hamar urte honeetan, 8.000 albiste eta ekitaldi batu eta zabaldu ditu; ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu zabalean be.
Izan be, ikerketa eta garapenerako sareak sortzea izan da Basque Researchen lehentasuna hasiera-hasieratik. Esaterako, aitagarriak dira Europako ikerketea batzen dauen Alphagalileo eta Europako Batzordearen Cordis Wire webguneakaz dituan lankidetzak. Era berean, Basque Researchen argitaratutako albisteak Eurekalert! webgunean be zabaltzen dira, 2004an sinatutako hitzarmen bati esker. Science aldizkari ospetsua editetan dauen taldearen webgunea da Eurekalert!, hau da, American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundearena.
Sare horri esker, hamar urteotan, Euskal Herrian egiten dan ikerketeari buruzko albisteak komunikabide entzutetsu askotan agertu dira: The Times, New Scientist, BBC, Discovery Channel, National Geographic, CNN...
Urteurrena ospatzeko, argitaratutako albiste irakurrienen zerrendea osotu dau Basque Research webguneak. Horrexek dira, hain zuzen, nazinoartean oihartzun handiena izan dabenetako batzuk. Urre-, zilar- eta kobre-atomoen magnetismoari buruzko albiste bat da webguneko albiste irakurrienen zerrendaburu. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko zenbait ikertzailek nazinoarteko talde bategaz alkarlanean egindako ikerketa-lan baten emoitzea da. Lan horrek galdera barriak planteetan ditu magnetismoari lotutako mekanismo fisikoen inguruan, eta ate barriak zabaltzen deutsez zenbait gaixotasunen tratamendurako aplikazino interesgarriei. Aplikazinoak alde batera itxi barik, Lizarrako BSH enpreseak Siemens etxeagaz batera garatutako Dressman plantxetako robotaren inguruko albistea da irakurrienen artean bigarrena. Alkandorak plantxau eta sikatzeko robot bat da hori. Gaia erabat aldatuz, antxinako DNAren azterketak erabiliz Arabako Aldaieta nekropoliko populazinoaren inguruko lan batek jaso ditu ondoren bisita gehien. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko ikerketa-lana da hori be.
Urtemugea ospatze hutsagaz nahikoa ez, eta zenbait hobekuntza egin barri ditu Basque Researchek, berbarako, Twitter bidez, lehenengo pausua egin dabe sare sozialetan. Era berean, webgunea erabilten daben ikertzaileek, kazetariek eta bisitariek astero eta hilero jasoten dituen buletinak erabarritu ditue, besteak beste, elementu grafikoak indartuz.
Orain hamarkada bat ezarritako helburuaren harian, erreminta eroso eta azkarra izaten jarraitu nahi dau Basque Research webguneak, Euskal Herrian egiten dan ikerketearen barri jakin nahi dauenarentzat edo ikerketea zabaldu nahi dabenentzat.
Hamar urte, hamar albiste, 10 urteotako hamar albiste irakurrienen zerrendea:
1. Magnetikoak bihurtu ditue urre-, zilar- eta kobre-atomoak. 38.962 bisita.
2. Dressman, plantxetako robota. 18.824 bisita.
3. Antxinako DNA: Aldaietako historia biologikoa berregiten. 16.737 bisita.
4. Familia-insomnio hilgarria (FIH) eragiten dauen mutazinoaren jatorria ikertu dabe. 10.596 bisita.
5. Itziar Laka Gogo Elebiduna ikertzaile-taldeko zuzendaria: 'Hizkuntzea burmuinean dago'. 10.304 bisita.
6. Robot industrialen portaerea hobetzeko metodo barriak. 9.950 bisita.
7. Osasunari lotutako bizi-kalidadea neurtzea, bioestatistikearen desafioa. 9.779 bisita.
8. BIOSEK, biometriako sistemak ebaluetako sistemea. 9.631 bisita.
9. Propiedade elektromagnetiko barriak dituen metamaterialak. 9.585 bisita.
10. Bertsolarien 'gaitasuna' aztertuko dau BCBL-k. 9.339 bisita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!