Aurreikuspen guztiak bete dira Trapagarango Ibilaldian
2012-06-04 12:03 Euskerea berbagai100.000 lagun inguru espero zituen eta aho-betez esan daiteke antolatzaileen aurreikuspenak bete egin dirala.
2013ko Ibilaldia Portugaleten izango da Asti Leku ikastoleak antolatuta.
Eguna lainotsu esnatu arren, eguraldia lagun izan eban IbiPuntuZero lemapeko Ibilaldiak urte osoan egindako lanari amaiera ezin hobea emoteko. Goizeko 09:30ean protokoloagaz emon jako hasierea XXXIV. Ibilaldiari, Ibiltxo eta harri zulatzaileakaz. Ekitaldian, agintari, konbidatu eta Ikastolen mobimentuko ordezkariak batu ziran Trapagaranen euskereari eta ikastolen proiektuari bultzadea emoteko asmoz.
Ondoren zirkuituari edegiera hunkigarria emon eutsien Itxaropena ikastolearen sorreran ibilitako gurasoek. Datorren urtean Itxaropena Ikastoleak 40 urte beteko ditu eta hasierako pausu gogor hareetan behar handia egin eben gurasoek ondo merezidutako omenaldia jaso eben eta eurak izan ziran ibilbideari hasierea emon eutsienak.
Goizeko 11:00etan Ibilaldia Omenaldia izan zan. Ibipuntuzero aurtengo leloari jarraituz, Euskera teknologia barrietan aitzindari ibilitako hamaika persona edota talde omendu zituen. Euskereak etorkizunean teknologia barrien bidez ate guztiak zabalik dituala argi gelditu da.
Milaka euskaltzale han eta hemen ibili ziran Ibilaldiak egokitutako ibilbidean zehar. Giroa ezin hobea izan zan egun guztian, eta antolatutako ekintza guztiak egin dira. Bazter guztietan zer ikusi, zer entzun eta zertaz gozetako aukerea egon zan. Bertsolariak, kontzertuak, kirola, pailazoak, tailerrak, karaokea, apar festa, harri zulatzaileen erakustaldia, jantzak… Egitarau zabala, edegia eta aberatsa. Berdeguneak eta meatzeak euskeraz blai izan dira.
Ibilaldiaren lekukoa hartu zanetik jakina zan ikastoleak erronka handia ebala, baina herriak oso ondo erantzun dau, eta zailtasun guztiei aurre egin deutse. Zorionak, Ibilaldia!
Ibilaldia arrakastatsua izan da, eta eten barik antolatzaileak ekinean ibili dira egoereari erantzuteko. Garraio publikoak oso ondo funtzionau du eta bai trenak bai autobusak ganezka etorri dira. Autoetan be jente ugari hurreratu zan eta aparkalekuak be ondo antolatuta egon ziran. Bizkaiko zein Bizkaitik kanpoko herrietatik be 200dik gora autobus zenbatu zituen.
Honenbestez, aho-betez esan daiteke antolatzaileen aurreikuspenak bete egin dirala eta alkarregaz aurrera egin eta egingo dogula.
Azkenik, eskerrak emon Euskal Herriko bai ikastolek bai euskal alkarteek geugaz egoteko egin daben ahaleginagaitik. Eskerrik asko Trapagaranen, ezkerraldean etgun seinalatuan egon diranei eta hau dana aurrera eroatea posible egin daben guztiei.
Gogoratu datorren urteko Ibilaldia, Portugaleten izango dala, Asti Leku ikastoleak antolatuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!