Eduardo Galeano eta Kirmen Uribegaz zabalduko dabe Bilboko Liburu Azokea

Dabi Piedra Robledo 2012-05-30 15:35   Kulturea

Uruguayko idazlea Los hijos de los dias liburu barria aurkezten etorri da eta, ganera, kritikearen saria jaso dau. Maiatzaren 31tik bagilaren 10era egongo da Bilboko Arenalean liburu azokea eta ohiko moduan, azkenaldiko nobedadeak ezagutzeko, idazleakaz solasalditxua eukiteko eta antolatzaileek eratutako jardueretan parte hartzeko aukerea egongo da.

Uruguayko idazlea Los hijos de los dias liburu barria aurkezten etorri da eta, ganera, kritikearen saria jaso dau. Maiatzaren 31tik bagilaren 10era egongo da Bilboko Arenalean liburu azokea eta ohiko moduan, azkenaldiko nobedadeak ezagutzeko, idazleakaz solasalditxua eukiteko eta antolatzaileek eratutako jardueretan parte hartzeko aukerea egongo da. Liburuaren jaia da, erosteko eta irakurteko ez eze, idazleakaz egoteko aprobetxau behar dogu, adierazo dau Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko kultura zinegotziak.

Aurtengo ekitaldian, aurreko urteetan baino argitaletxe gehiago etorriko dira Bilbora. Krisi ekonomikoak irakurleen poltsikoan ahalik eta eragin txikiena euki daian, ganera, azokako liburuak % 10eko deskontuagaz erosi ahal izango dira. Bihar, eguena, eguerdiko 12:00etan egingo dabe inaugurazino ofiziala, Kirmen Uribe eta Eduardo Galeano idazle ezagunak bertan dirala. Holan, bagilaren 10era arte, euskerazko eta gaztelaniazko liburugintzearen nobedadeak ezagutu ahal izango dira. Bilbon egongo dira, besteak beste, Ramon Saizarbitoria Martutene nobeleagaz, Jon Arretxe 19 kamera lanagaz, Ramiro Pinilla, Miren Agur Meabe, Iñaki Egaña historialaria eta Toti Martinez de Lezea. Azken honek Zidarrezko Luma saria jasoko dau. Urrezko Luma Kasildo Alkortari egokitu jako eta bagilaren 4an jasoko dau saria.

Dana dala, Bilboko liburu azokako aurtengo izarra, Eduardo Galeano da. Idazle uruguayarrak kritikearen saria jaso dau Bilbon, Abando hotelean egindako ekitaldian. Idazle konprometidua da Galeano, irakurleek asko maite dabe, azpimarratu dau Kepa Torrealdai Bizkaiko liburuzainen alkarteko presidenteak, alaitasunetik be kritika soziala egin leikela erakutsi dau. Galeanok Los hijos de los dias liburua argitaratu barri dau eta Campos antzokian izango da gaur eguaztena, iluntzeko 19:30ean, lan horren pasarteak irakurten. Goratik irakurtea plazerra da niretzat, idatzitako berbek beste dimensino bat hartzen dabe, idatzizkoaren sonoridadea topetako modua da, azaldu dau Galeanok berak. Los hijos de los dias liburua idaztea ez da erraza izan, urte ugari behar izan ditu amaitzeko, hamaika bersino oso idatzi ditu gustukoa topau arte: sobran berba bakar bat be ez egotea bilatu dot, esan dodan guztiak merezidutea, izan be, gaur egun, berba gehiegi erabilten dogu gitxiegi esateko.

Kritikearen saria hartu dauenean, Eduardo Galeanok liburugintzearen osasun ona azpimarratu dau, krisi ekonomikoa eta teknologia barriak mehatxua badira be. Liburua irakurlearen laguna, kidea da, ezin dot gauza bera imajinau tramankulu elektroniko bategaz, adierazo dau. Bestetik, Galeanok nabarmendu dauenez, liburu azoka bat topagunea da, liburuek, idazleek eta irakurleek bat egiten dabe, alkarregaz egon leitekez.

Literatureagaz lotutako beste ekintza asko be antolatu ditue egunotarako Bilbon, azokearen harira. Bagilaren 1ean, Bidebarrieta Kulturguneak eratuta, Nobela Baltzaren Bilboko VII. Topaketea eratu dabe. 19:30ean, azokako karpan, ipini dabe hitzordua. Bagilaren 4an, barriz, Errumaniako idazleen inguruko saioa egongo da, Dan Lungu, Florin Lazarescu eta Sorin Ghergut herrialde haretako idazleen parte-hartzeagaz. Bagilaren 5ean, Emakumea eta literatura gaiaz jardungo dira Teresa Aranguren eta Clara Sanchez. Hilaren 6an, barriz, euskal idazleen topaketea egingo da. Umeentzako tailerrak egongo dira eta, aurtengo liburu azoka guztietan egiten dabilzan legez, Bilbon be Gerra Zibil aurreko Euskal Pizkundeari buruzko erakusketea ipiniko dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu