VII. Mintza Eguna Santurtzin, bagilaren 2an
2012-05-28 12:21 Euskerea berbagaiBagilaren 2an, Mintza Eguna egingo dabe Santurtzin, Topaguneak, Bai Esan Santurtzin Euskaraz alkarteak eta AEK-k antolatuta. Antolatzaileek egun osoko egitaraua prestau dabe. Mintza Eguna mintzalagunen ikasturte amaierako jaia da.
Bagilaren 2an, Mintza Eguna egingo dabe Santurtzin, Topaguneak, Bai Esan Santurtzin Euskaraz alkarteak eta AEK-k antolatuta. Antolatzaileek egun osoko egitaraua prestau dabe, Santurtziko Udalaren eta Udal Euskaltegiaren laguntzinoagaz. Mintza Eguna mintzalagunen ikasturte amaierako jaia da eta aurtengoa zazpigarren edizinoa da.
Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen daben berbalagun, mintzakide, mintzalagun eta solaskide guztiek alkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko aukera ederra da Mintza Eguna. Proiektuok euskera alkarteek, euskaltegiek eta euskalgintzako beste hainbat eragilek kudeatzen ditue, eta mintzapraktika mobimentuaren neurria ezagutzera emoteaz aparte, ikasturteari amaiera gozoa eskaintzen deutso jaiak.
Santurtziko txokoak eta historia hobeto ezagutzeko, eta mihina jantzan ipinteko aukerea be izango dabe Santurtzira doazenek. Aurreko urteetan lez, 400 lagun inguru batuko direla pentsetan dabe arduradunek. Aurten, ume eta gurasolagunentzako -gurasoentzat beren-beregi osotutako mintzapraktika aldaerea- jolasak egongo dira Mintza Egunean, kideek seme-alabekaz olgetako aukerea eukiteko. Bazkalostean mintzapraktika egitasmoen bilakaeran parte-hartze eta garrantzi berezia izan daben erakunde eta lagunak sarituko ditue.
Mintzapraktika egitasmoak euskerea jakitetik euskeraz berba egiteko saltoa emoten laguntzeko sortu ziran. Donostiako Bagera alkartea izan zen aitzindaria, 1993an, eta gaur egun 4.800 mintzalagun baino gehiago dagoz Euskal Herri osoan. Bost-sei lagunek osotutako talde txikiak dira, eta astean behin batzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena be hartzen dabe, eta Euskal Herri osoko 80 herri eta eskualdetan dagoz martxan. Azkenaldion, urigune handietako egitasmoak indartu dira, Donostialdea, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo zein inguruko eskualdeak, hain zuzen be.
Hemen, Santurtziko Mintza Eguneko egitarau osoa:
11:00 Harrerea eta hamaiketakoa, portuan
12:00 Ibilaldi gidatua / Ume eta gurasolagunentzako jolasak
13:30 Berba Kalejirea
14:30 Bazkaria Gernika Parkean
16:30 Sari banaketea eta bertsolariak
17:00 Erromeria Aldats taldeagaz
20:00 Kantu-triki-poteoa
Bazkarirako txartelak herriko mintzapraktika dinamizatzaileen bidez lortu daitekez. Helduen menuak 20 euro balio ditu, eta umeenak, 10 euro. Barazkijale eta zeliakoek menu berezia eukiko dabe, baina aurretik esan beharko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!