Jose Mari Andres: 'Euskerea teknologia barrietan sartzen aintzindari izandakoak omenduko doguz'

Koldo Isusi Zuazo 2012-05-28 11:48   Barriketan
Trapagarango Itxaropena Ikastolako zuzendaria

Bizkaiko ikastolen aldeko XXXIV. Ibilaldia datorren bagilaren 3an ospatuko da Trapagaranen IbiPuntuZero lemapean. 96koaren ostean, bigarrenez egingo da Ibilaldia Meatzaldean eta zehetasunen bila Itxaropena Ikastolako zuzendariarengana jo dogu.


1.- 1972an hamaika ikaslegaz sortu zan Itxaropena Ikastolea eta, laster, 700 ikasletik gora izatea espero dozue. Gauzak ondo doaz...

Bai, gustora gabilz baina 700era heltzeko apur bat falta da, sei, zazpi bat urte beharko doguz ikasle kopuru horretara heltzeko; gaur egun, 500 inguru dira eta gure kalkuluen arabera, urtetik urtera 30 bat gehituko dira. Azken zazpi urteotan sano ugaldu da ikasle kopurua eta pozik gagoz


2.- Nondik nora otu jatzuen aurtengo lema: IbiPuntuZero?

Aurtengo Ibilaldia antolatzeko ardurea hartu genduanean, egungo jokereagaz bat eginik, hasiera-hasieratik argi izan genduan 2.0 filosofiaren barruan sartu behar ginala, Internet eta sare sozialetan aparteko ahalegina egin behar genduala eta asmoa bete dogula esango neuke; berbarako, kantua aukeratzeko lehiaketea antolatu genduan sare sozialetan eta lemea asmetako orduan be, hiru mezu batu gura izan genduzan, Ibi, Ibilaldia adierazoteko; bi, Trapagaranen bigarren Ibilaldia dalako aurtengoa; eta PuntuZero, 2.0 filosofia hori adierazoteko.


3.- Sare sozialak erabili dozuez Ibilaldia sustatzeko eta kantua aukeratzeko...

Bai. Tresna oso baliogarriak dira sareok, iraultza handia dago hor eta gazteak eta hain gazteak ez diranak be buru-belarri sartu dira saltsa horretan. Jaiaren promozinoa ez eze, kantua aukeratzeko lehiaketea be sare sozialetan antolatu dogu eta jentearen parte hartzea sekulakoa izan da; izan be, jentearen botoek erabagi dabe aurtengo Ibiladiko kantua. Euskal Herri osotik heldu ziran proposamenak eta azkenean bost finalisten arteko botazinoan Basaki taldea izan zan irabazlea.

Horrezaz gan, aurten teknologia barriak eta euskerea buztartuz, euskerea teknologia barrietan sartzen aintzindari lana egin ebenei egingo deutsegu gorazarre.


4.- Nortzuk dira omenduak?

Harluxet lehengusuak, Donostiako Informatika Fakultadeko Kepa sarasola, Iñaki Alegria eta Olatz Arbelaitz, Aholab alkartea, Maite Goñi, PuntuEus, Kaixo.com, .eus domeinua, Gorka Julio, Luistxo Fernandez eta Erentzun Ikastolako Fultxo Crespo omenduko doguz. Urteetan lan handia egin dabe programak euskeratzen eta euskerea teknologia barrietan txertatzen eta ondo merezidutako gorazarrea egingo deutsegu. Omenaldia goizeko 11:00etan hasiko da.


5.- Maiatzean meatzean, Ibilaldiko kantua Basakik egin dau baina kantu proposamenak piloa izan dira...

Bai, oso pozik gagoz erantzunagaz. Euskal Herri osoko taldeek erantzun eutsien deialdiari eta azkenean 26 doinu jaso genduzan. Finalistak bost izan ziran: Boys of Birle, Larregi, Basaki, Nabil eta The Uski's eta esan behar deutsut, bagilaren 3an, bost finalista horreek Trapagaranen izango doguzala zuzen-zuzenean. Kantu lehiaketeagaz jarraituz, erabagi justu bat hartzeko Internet bidez aukeraketea egiteko deialdia zabaldu genduan eta azkenean, Basaki taldea izan zan boto gehien jaso zituana. Danetara, 8.000 bototik gora izan ziran eta irabazleak 4.000 inguru jaso zituan.

Ion Barrokal, Itxaropena ikastolako ikasle ohiak idatzitako berbei ahotsa eta musikea jarri deutsie Leioako Basaki taldeko kideek eta doinua sano alaia da.


6.- 16 urtean, Ibilaldia bigarrenez egingoda Trapagaranen. 96an, Barne barnetik lelopean egindako jai arrakastatsuaren ostean, ikastolako polikiroldegia eregi zenduen. Orain, barriz, DBHko ikasleak eta 0-3 zikloa hartzeko eregi barri dozuen eraikin barria guztiz amaitu ahal izateko dirua behar dozue...

Eraikin hori orain lau bat urte egin genduan eta dagoeneko ikusi dogu hemetik lau bat urtera ikastolea txiki geratuko jakula. Aurtengo Ibilaldian batuko dogun diruagaz falta jakuzan bigarren lerro osorako gelak egin nahi doguz. Helburu ekonomikoa da hori baina bestelako batzuk be badagoz, berbarako, beti pentsau dogu Itxaropena Ikastolea izan behar dala Meatzaldeko hezkuntza proiektuaren erreferentea eta, esangura horretan, gure ikastolea sendotzea eta zabaltzea da asmoa. Kontuan hartu Sopuertatik Zorrozara bitarteko ikasleak dagozala gurean.


7.- Meatzaldera euskerea eroatea be ez da helburu txarra... Ze egoera bizi dozue gaur egun?

Egoerea baikorra da. Gure ikasle ohien seme-alabak ikastolan doguz egun, 20 bat, hain zuzen eta geugaz beharrean badabilz ikasle izandako batzuk be, sei, oso oker ez banago. Itxaropena Ikastoleak 40 urte egingo ditu datorren urtean eta tarte horretan egindako beharraren ondren, egoerea asko hobetu da. Gaur egun be gure ingurua erdalduna izan arren, orain 20 bat urte % 95 erdalduna bazan, gaur egun, portzentaje hori % 80 edo % 75era joan da. Urtetik urtera igarten da hobekuntzea, etxeetan gero eta ume eta heldu euskaldun gehiago dago eta kaleetan be inoizkorik gehien entzuten da euskerea.


8.- Aurten 8 kilometroko zirkuitua atondu dozue, Trapagaraneko lurretatik ez eze, baita Urtuellatik be. Zelako zirkuitua da?

Ederra, zer esango deutsut... Urtuellan leku zoragarria dago holako jai bat antolatzeko La Balsa, hain zuzen. Hortik Durañonara bitartean hiru bat kilometro dira. Bidegorria oraintsu konpondu dau Aldundiak eta antxina burdina, minerala garraiatzeko trenbide zaharraren bidea da, paraje zoragarria. Bizkaiko historiaren zati inportante bat hortxe dago eta jai giroan historiako kontuak ezagutzea be ez dago bape txarto.

Durañonan, besteak beste, Ibiltxo, aurtengo Ibilaldiko maskotearen etxea ezagutzeko aukerea izango dabe txikitxuenek.


9.- Egitarauari jagokonez, zer nabarmenduko zeunke?

Zeozer lehen be esan dogu. Danetara, edade guztietarako 30 bat ekitaldi izango dira. Musikeari jagokonez, kantu lehiaketako bost finalistak, Boys of Birle, Larregi, Basaki, Nabil eta The Uski's zuzenean izango dira beste musika talde batzuekaz batera, berbarako Mikel Markez eta Erramun Martkorena eta Adarrrots taldeagaz batera eta holako hitzorduetan ohikoa izaten dan legez, euskal jantzak, bertsoak, umeentzako puzgarriak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak eta bestelakoak be izango dira.

Meatzaldean gagozala kontuan hartuta, harri zulatzaileen erakustaldiak be ez dira faltako eta nobedade legez, aurten Balmasedako putxerak izango doguz bertako Zubi Zaharra ikastoleari esker. 600 bat lagunentzako jatekoa preparauko dabe Itxaropena Ikastolan. Sano eskertzen deutset Balmasedakoei euren kolaborazinoa.


10.- 100.000 lagun inguru espero dozuez Trapagaranen eta holako jente pilaketak diranean, danok dakigu garraio publikoa erabiltea dala onena...

Duda barik. Betiko mezua da hori baina aurten be esan behar dogu garraio publikoa izango dala biderik onena Trapagaranera heltzeko. Renferen trenak 15 minuturo abiatuko dira Bilbotik eta autobusak be ohikoa baino maiztasun handiagoagaz ibiliko dira eta ez ahaztu Metroa be Portugaleteraino heltzen dala, geltokitik ibilbidera 15 bat minutu edo izango dira oinez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu