Langune hizkuntz industrien alkartea Bruselan aurkeztu dabe

Bizkaie! 2012-05-25 14:46   Euskerea berbagai

Langune Euskal Herriko Hizkuntz Industrien Alkartea egunotan Bruselan aurkeztu dabe, Hizkuntza Industriaren Europako I. Foroan. Languneko zuzendari Fernando Alanak erakundearen jatorria, funzionamentua eta helburuak aurkeztu zituan.

Langune Euskal Herriko Hizkuntz Industrien Alkartea egunotan Bruselan aurkeztu dabe, Hizkuntza Industriaren Europako I. Foroan. Languneko zuzendari Fernando Alanak erakundearen jatorria, funzionamentua eta helburuak aurkeztu zituan. Europako Batzordeak antolatu dau foroa, partekatu, alkarlanean jardun, hazi lemapean.

Langunek foroan parte hartu izana Europako erakundeek EAEko hizkuntza-industriari egiten deutsen onespenaren emoitzea da alkarteko arduradunek adierazo dabenez. Igaz izan zituan Langunek lehenengo hartu-emonak Europako erakundeekaz, hain zuzen be Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eta Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzearen bitartez. Espaniako estaduan sektorearen bultzatzailea da, ez dago-eta antzeko beste alkarterik.

Hizkuntza-industriak EAEn daukan garrantzia nabarmendu dau Alanak Bruselan. 2011n, ia 602 miloe euro fakturau zituan, eta 3.307 laguni emon eutson beharra. Europan sektoreak daukan fakturazino-bolumen osoaren % 4,5 da bertokoa, eta mundu osoa hartu ezkero, barriz, % 1,9. EAEko aurreikuspenaren arabera, % 2 inguru haziko da 2012an.

Languneren bazkide Elhuyar Fundazinoa, Eleka Injinerutza Linguistikoa, UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa eta Elhuyar Aholkularitza be batzarrean izan dira. Lehenengo foro honen helburua izan da hizkuntzearen europar industriako agenteen arteko topaketea erraztea, euren ezagutzak, esperientziak, beharrak, erronkak eta abar alkarri azaltzeko. Horretarako, hainbat berbaldi, eztabaida-tailer eta networking eremuak prestau ditue.

Languneko zuzendari nagusiak Lankidetza sustatzea: hazkundera bidean izenburuko berbaldian gogoratu ebanez, alkartearen helburu nagusia da EAEko hizkuntza-industriaren garapena eta hazkuntzea sustatzea, hazten dabilen sektore estrategikoa gara, gure gizartean guztiz errotuta dagoana. Alanak gogorarazo eban eten barik aldatzen eta hazten dabilen sektorea dala. Izan be, kanpoko merkatuetan edozein produktu edo zerbitzuren salmenta- eta merkaturatze-prozesuetan kontuan hartzen hasi dira hizkuntza-produktuak.

Topaketan Europa osoko hizkuntza-industriako alkarte, unibersidade eta enpresen ordezkariek parte hartu dabe. Makina bat gai jorratu ditue, tartean, sektorearen definizinoa, proiektu pilotuak, sektorean enplegua lortzeko aukerak, hizkuntzearen funzino soziala eta industriaren ikusgarritasuna.

Langunek itzulpengintzearen, edukien, hizkuntzen irakaskuntzearen eta hizkuntza-teknologien inguruko 30 erakunde baino gehiago batzen ditu. Alkartearen helburu nagusia Euskal Herriko Hizkuntzearen Industriaren garapena eta hazkuntzea sustatzea da, baliodun zerbitzuak eskainiz bai bazkideen, bai sektorearen onurarako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu