Eusko Jaurlaritzeak Euskerea Sustatzeko Ekintza Plan barria gizarteratzeko prozesua hasi dau
2012-05-25 11:13 Euskerea berbagaiBide nagusia Euskera 21 bloga izango da. Hilebetez, bagilaren 24ra arte, nahi dauenak bere ekarpen eta proposamenak egiteko aukerea izango dau blog horretan.
Eusko Jaurlaritzeak euskerearen erabilerea areagotzea helburu dauen Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) gizarteratzeko prozesua hasi dau. Plan honek Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusia (EBPN) osotuko dau eta datozen hamar urteetako hizkuntza plangintza arrakastaz gidatzea da asmoa.
Euskerearen Aholku Batzordearen eskutik Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak 2011. urtean abian jarri eban prozesua aurrera doa. Hizkuntza politikearen inguruan 2008an izandako Euskara 21 gogoeta-prozesuaren ondorioz, EBPN berraztertu eta datozen hamar urteetarako proposamena lantzen dago.
Holan, Euskararen Aholku Batzordeko kideek egindako lanari esker, ESEPen sarrera-dokumentua osotu da eta, horregaz batera, horretarako propio eratutako lan-taldeek esparrukako ekintza-proposamenak zehaztu ditue.
Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazo dauenez, hizkuntza politikearen eremuan Gobernu honek hasieratik hartu eban konpromisoetako bat euskerearen normalizazinoan aurrera egiteko plan barri bat atontzea zan. Izan be, Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusia, 1999an onartua eta oso tresna baliotsua izan dana, gaur egungo premina barrietara egokitu behar genduan. Euskerearen Aholku Batzordeak urte bat baino gehiago lanean emon eta gero, haren egitekoaren emoitzea aurkeztu geinke orain jentearen aurrean. ESEP barriak ordeztu baino gehiago osotu egingo dau Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusia, gaineratu dau.
ESEP adostasun handiaren ondorioa izan da, Euskera 21 ponentzia legez, ESEPen abiapuntua izan dana eta Eusko Jaurlaritzearen hizkuntza politika osoaren ardatza dana. Izan be, Euskadin euskerearen aldeko jarrerea oso zabala da eta ideologia eta sensibilidade guztiak gainditzen ditu, aitatu dau sailburuordeak.
ESEPen helburu nagusia euskerearen erabilerea areagotzea da, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eta Euskerearen Aholku Batzordearen alkarlanetik sortutako sarrera-dokumentua ezinbesteko aurrerapausu bat izango da euskerearen normalizazinoan.
Adostu dogun testua aproposa da, eguneroko errealidadera egokituta dago eta hiru helburu estrategiko batzen ditu: euskerearen jabekuntzea, erabilerea eta elikadurea, hau da, hizkuntza aberastasuna handitzeko behar diran izapideak eta eguneroko esparru guztiak ukitzen ditu: irakaskuntzea, administrazinoa, lan mundua, hedabideak, kirola eta aisia, kulturea, publizidadea. Teknologia barriei be aparteko garrantzia emon jake, nabarmendu dau Auzmendik.
ESEPen sarrerako testua behin-behinekoa da, eta orain, gizarte osoari aurkeztuko jako eta ekarpenak egiteko aukerea emon; izan be, ESEP adostasunean oinarritutako prozesu edegiaren emoitzea izango da. Holan, aurkezpen sektorialak egingo dira arlo sozio-ekonomiko eragileakaz eta hedabideetako ordezkariakaz. Bide nagusia, ostera, Euskera 21 bloga izango da (http://blog.euskara21.euskadi.net). Hilebetez, bagilaren 24ra arte, nahi dauenak bere ekarpen eta proposamenak egiteko aukerea izango dau blog horretan.
Behin denpora-tarte hori pasau ondoren, herritarrek egindako proposamen guztiak batu eta Euskerearen Aholku Batzordean aztertuko dira. Ondo bidean, plana garagarrilean onartu eta 2013. urtearen hasieran ESEP barria indarrean jartea espero da. Amaitzeko, aitatu behar da ESEP planaren logotipo barria aukeratzeko lehiaketa bat zabalduko dala laster, eta irabazleak 1.500 euro jasoko dituala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!