Trapagaraneko Itxaropena Ikastoleak danon babesa eskatu dau, hazten jarraitzeko
2012-05-22 14:34 Euskerea berbagaiLaster, 700 ikasleren kopurua gaindituko dogu eta Ibilalditik lortzen dan dirua behar dogu, geure azpiegiturak handitzeko, zehaztu dau Jose Mari Andres Itxaropena Ikastolako zuzendariak.
Bagilaren 3an, Ikastolen Ibilaldia Bizkaiko Meatzaldera doa. 1972an hamaika ikaslegaz sortu zan Itxaropena Ikastolea eta, laster, 700 ikasletik gora izatea espero dabe, eskualde osokoak. Beraz, Ibilaldira hurreratzeko deia egin deutsie euskaltzale guztiei, azpiegiturak handitzeko babes ekonomikoa behar dabe-eta.
Aurtengo Ibilaldiko zirkuitua, Trapagaraneko lurretatik ez eze, Urtuellatik be igaroko da. Meatzalde osoko ikastolea izan nahi dogu, ez bakarrik Trapagaranekoa, adierazo dau Jose Mari Andres Itxaropenako zuzendariak. Zortzi kilometroko ibilbidea izango da, luzea baina erraza, eta bost gune egongo dira. Eskualdearen goiko aldetik joango da bidea eta paisajeaz disfrutetako aukerea emongo dau horrek aurreratu dau Andresek. Ohiko moduan, makina bat jarduera egongo dira ibilbide osoan, umeentzako ekintzak, kontzertuak, flash-moba, karaokea, jantzak, bertsoak eta abar. Meatzaldeari jagokon eran, harrizulatzaileen erakustaldia be egongo da. Ganera, Ibilaldiko abestia aukeratzeko lehiaketan finalista izan ziran bost musika-taldeak konbidatu ditue.
Bazkaltzeko alternatiba barritzailea preparau dabe: Balmasedako talde bat putxerak egiten ibiliko da, bisitariei jaten emoteko. Enkarterriko jateko tradizional hori probau nahi izan ezkero, 1. Gunera joan behar da, baina internetez be tiketak erosi leitekez, jente pilaketei aurre egiteko. Urtero legez, omenaldia be egongo da Ibilaldian. Aurten, euskerea teknologia barrietan sartzen aintzindari lana egin dabenei egingo deutsie gorazarre. Harluxet lehengusuak, Donostiako Informatika Fakultadea, Aholab, Maite Goñi, PuntuEus, Kaixo.com, Gorka Julio eta Luistxo Fernandez omenduko ditue, besteak beste.
Jenteari ondo pasetako konbita egingo deutsie bagilaren 3an. Dana dala, jaiaz gan, beste helburu batzuk be badaukaz aurtengo Ibilaldiak. Jose Mari Andresen esanetan, Itxaropena Ikastolea sendotutako proiektua dala erakutsi nahi dogu, 1972an baliabide gitxigaz hasi zana zer bihurtu dan agertu. Era berean, helburu ekonomikoa ezin da ahaztu. Laster, 700 ikasleren kopurua gaindituko dogu eta Ibilalditik lortzen dan dirua behar dogu, geure azpiegiturak handitzeko, zehaztu dau Jose Mari Andres zuzendariak. Gaur egun, Meatzalde eta inguruetako ikasleak hartzen ditu Itxaropenak, ikasleen ehuneko hogei Trapagarenetik kanpoko herrietatik datoz.
Itxaropena Ikastolea egokitu eta handitzeko lanek 800.000 euroko kostua izango dabela kalkulau dabe. Ibilaldiari esker, ia dana pagetea espero dabe, baina ez da erraza izango. Andresen esanetan, krisiak ez dau lagunduko, materialaren salmentan igarri dogu, baina herritarren gogoan esperantzea ipinita daukagu. Eguraldiak be izango dau zeresana Trapagaraneko jaiaren arrakastan. Dirua batzeaz ganera, beste erronka bat be badaukie bagilaren 3rako, Ibilaldiko koordinatzaile Garikoitz Meabek esan dauenez: Meatzaldera euskerea eroatea da gure erronkea, hango kaleetan gure hizkuntzea hedatzea, lau haizetara zabaltzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!