UPV/EHUko bi irakaslek AESLA ikerkuntza-sari nazionala irabazi dabe Hizkuntzalaritza Aplikatuaren arloan
2012-05-17 14:50Oro har, eleaniztasuna eta, beren-beregi, edukiak eta hizkuntzak aldi berean ikasteko prozesua interesetan jakezan irakaslei, ikertzaile eta ikasleentzako liburu interesgarria da honako hau.
Yolanda Ruiz de Zarobe eta Juan Manuel Sierra UPV/EHUko irakasleek, Francisco Gallardo del Puerto Kantabriako Unibersidadeko irakasleagaz batera, Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainiako Alkartearen Ikerkuntza saria irabazi dabe ikertzaile trebatuentzako modalidadean, Content and Foreign Language Integrated Learning: Contributions to Multilingualism in European Contexts izeneko liburuagaitik. Sariaren helburua Hizkuntzalaritza Aplikatuari lotutako gai-eremuetan eginiko ikerkuntzea saritzea da.
Sari hori emoterakoan, AESLA, Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainiako Alkarteak kontuan hartu ditu unibersidade-irakasle horreen ikerkuntza-jarduerek edukien bidezko atzerriko hizkuntzen ikaskuntzearen arloan egindako ekarpenak. Ikaskuntza-mota horrek sustatzen dau atzerriko hezkuntzak eskola-testuinguruetan ikasgai komunen bitartez (esate baterako, historia edo zientzia ikasgaien bidez) hobeto ikasten dirala. Horren harira, horixe izan da Europar Batasunak orain gitxi hezkuntza-politikan egin dituan barritasunetako bat, hau da, hizkuntzak edukien bidez ikastea; metodologiak oso arrakasta handia lortu dau, eta Europako herrialde gehienek horixe ezartzea erabagi dabe.
Lan saridunak argi erakusten ditu ikaskuntza-mota hori ezartzeko eta ikertzeko aukera anitzak. Dibertsidade hori agirikoa da hezkuntza-maila guztietan eginiko esperientzietan (Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta unibersidadean). Esperientziak Europaren iparraldean, hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean garatu dira (Espainian, Estonian, Finlandian, Bretainia Handian, Italian).
Liburu saridunaren edukia eta helburua
Eleaniztasuna bi ikuspegitatik bultzatu dabe egileek: batetik, Europan atzerriko hizkuntzen ikaskuntza integratuari buruz egin dan ikerkuntzea liburuaren lehen zatian jaso dabe (Research in European Contexts izenburupean); eta, bestetik, atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan eta ikaskuntzan lorturiko emoitzak bigarren zatian jaso ditue (Classroom practice and Outcomes izenburupean); eta zati horretan Edukien eta Atzerriko Hizkuntzen Ikaskuntza Integratuaren arloko teoria eta praktika buztartu ditue.
Oro har, eleaniztasuna eta, beren-beregi, edukiak eta hizkuntzak aldi berean ikasteko prozesua interesetan jakezan irakaslei, ikertzaile eta ikasleentzako liburu interesgarria da honako hau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!