Maiatzaren 18an Amorebieta-Etxanon hainbat ekitaldi izango dira gerra zibileko biktimak omentzeko

Bizkaie! 2012-05-16 15:47

Hiru belaunaldiren emozinoak proiektuak hiru belaunaldiren emozinoak batu nahi ditu jazoera mingarri hau ardatz hartuta: gerrea zuzenean sufridu ebenak, zeharka haren barri jakin genduanok eta, azkenik, gerra zibilari buruz entzun baina urruneko zeozer lauso moduan ikusten dabenak

Amorebieta-Etxanok maiatzaren 18an gerra zibileko biktimak gogoratuko ditu. Udalak egun hau aukeratu eban 1937. urtean, gerra zibila dala-eta Bizkaiko herri honek bizi izandako okupazinoa eta bonbardaketak gogorarazoteko. Hain zuzen be egun horretan, 1937ko maiatzaren 18an, tropa frankistak herrira sartu ziran.

Biktimei omenaldia egiteko, Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Koralak (Sociedad Artístico Cultural Zornoza) antolatutako hainbat ekitaldi izango dira. Lehenengo eta behin, arratsaldeko 19:30ean, lore eskaintza bat egingo da igaz Zelaieta parkean gerra zibileko biktimen oroimenean jarritako plakearen inguruan.

Plakearen aurrean, biktimen oroimenean ekitaldi txiki bat egingo da eta gerrako umeak bezela ezagutzen diranei omenalditxu bat egingo jake. Bertan izango dira Alaiak korala, Udabarri jantza taldea eta Etxanoko Andra Mari auzoko taldea.


Ikus-entzunezkoen proiekzinoa

Gaueko 22:15ean, Udaletxeko Plazan, Zerutik sua dator dokumentalaren zati dan Hiru belaunaldiren emozinoak ikus-entzunezko proiektua pantaila erraldoian ikusi ahal izango da. Dokumental hau Gerra Zibileko bonbardaketei buruzkoa da eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu dau. Proiektu honek herriko sortzaileek egindako film laburrak batzen ditu eta bertan hiru belaunaldiren emozinoak azaltzen dira, Bizkaiak gerra zibilaren ondorioz bonbardatuak izan ziran 30 herri baino gehiagotan.

Horrezaz gan, herriko ikastetxeetan dabilzan 300 ume baino gehiagok egindako lanak be ikusiko dira. Lan horreen bidez gazteak gerrako biktimek bizi izandako sentsazino eta emozinoetara hurreratuko dira. Proiekzinoa girotzeko Mikel Urdangarinek, Zornoza Koralak eta Agate Amilibia biolontxelo-jotzaileak zuzenean kantauko dabe.



Hiru belaunaldiren emozinoak. Amorebieta-Etxano 1937-2012

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen dauen Zerutik Sua Dator proiektuaren harian, Sociedad Artístico Cultural Zornoza alkarteak ideia osoari ekarpen txiki bat egiteko aukerea izan eban. Amorebieta-Etxano herriaren historian sakondu eta 1937ko Gerra Zibilera ikuspuntu pedagogiko batetik hurreratzeko aukerea izan eban, pedagogiko berbea erabiltea zilegi bajaku, jakin badakigulako gerrak familia askotara sufrimendu handia ekarri ebala eta gaia oso mingarria dala.

Zerutik Sua Dator proiektuari ekarpen hori eginda, ezagutza-arlo, lanbide eta edade desbardinetako personek osoturiko lan taldeak pentsau eban ordura arte egindako lanagaz jarraitu behar zala, batez be, kontuan hartuta tropa frankistek Amorebieta-Etxano menpean hartu ebenetik 75. urteurrena maiatzaren 18an bete zala.

Aurretik egindako lanaren emoitza legez, Sociedad Zornoza alkartearen inguruan sortutako kolektiboaren eretxiz, proiektua gauzatzeko aukera ezin hobea zan. Proiektuak helburu nagusi bi honeek euki behar zituan:

a) Urte hareetako jazoerak gogorarazo eta zuzenean gerra zibilaren ondorio mingarriak sufridu zituen personei arreta berezia eskaintzea.

b) Udalerriko belaunaldi guztiei orain gitxi izandako gertaera historiko bat ezagutarazotea eta herriaren ezagutza historikoan sakontzea, historia ahaztu ez daigun, eta hondamena baino, eraikuntza eta begirunea baloreak nagusitu daitezan.

Proiektuak hiru belaunaldiren emozinoak batu nahi ditu jazoera mingarri hau ardatz hartuta: gerrea zuzenean sufridu ebenak, zeharka haren barri jakin genduanok eta, azkenik, gerra zibilari buruz entzun baina urruneko zeozer lauso moduan ikusten dabenak; azken horreen etxean noizean behin gerreari buruz zeozertxu aipatu da.

Ideia sortu eta proiektua gauzatzeko, funtsezkoa izan da herriko hezkuntza-zentroen lankidetzea, eta holan frogatzen dabe aurkeztutako ia-ia 300 marrazkiek. Gaueko bigarren ekitaldian garrantzi handia izango dabe marrazki horreek eta proiekzinoan guzti-guztiak erakutsiko dira, herriko kultur eta gizarte alkarteen lanakaz batera, jakina, Amorebieta-Etxanoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu