Ikasturte honetan, UPV/EHUk 690 ikasle bisitari jaso ditu, eta 1.290 ikasle bialdu

Bizkaie! 2012-05-14 18:44

Epe ertain eta luzeari begira, ikasle trukerako programa honeek unibersidadeko prestakuntzan txertatzea da asmoa, eta ikasleek euren borondatez bizi daben esperientzia izatetik nahitaezko esperientzia izatera aldatzea.

Gaur goizean UPV/EHUn ikasten daben ikasle bisitariakaz urteko ohiko topaketea egin dabe UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaría Zentroan; izan be, unibersidadeak ikasle trukerako hainbat programetan hartzen dau parte, eta hori dala bide dagoz hemen ikasle bisitariak. Ospakizuna lehen aldiz Carlos Santamaría Zentroan egin da, orain arte Donostiako Miramar Jauregian egiten izan dalako. Ekitaldian nazionalidade ugariko 150 gazte batu dira, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Campusetik heldutakoak. Argazki ofiziala atara ondoren, UPV/EHUko erretore Iñaki Goirizelaiak eta Nazinoarteko Hedakuntzako erretoreorde Miriam Peñalbak berba egin dabe. Ondoren, Kepa Junkerak euskal musika-tresnei buruzko erakustaldia eskaini dau. Saioa amaitzeko, hamaiketakoa egin dabe.

UPV/EHU 1987-1988 ikasturtean hasi zan nazinoarteko mobikortasun programetan parte hartzen; 2000-2001 ikasturtetik, gainera, estadu mailako mobikortasun programetako kide be bada, programak martxan jarri ziran ikasturte beretik. Azken urteetako datuen bilakaereak agirian itxi dauenez, UPV/EHUko ikasleek gero eta parte hartze handiagoa dabe truke programetan, jakin badakitelako denpora tarte batez UPV/EHU ez beste unibersidade batean ikastea oso garrantzitsua dala maila akademikoan eta personalean hazteko. Horrezaz gan, UPV/EHU ikasle bisitarientzako helburu erakargarri moduan finkatu da.

2010-2011 ikasturtean estaduko eta nazinoarteko 690 ikasle bisitari heldu dira, danetara; UPV/EHUko ikasle izan eta estaduko edo nazinoarteko beste unibersidade batera joan diran ikasleen zenbatekoa, barriz, 1.290 personakoa da.


Hitzarmenak

UPV/EHUk parte hartze aktiboa dauka truke programa nagusietan, besteak beste Europako Batzordeak eta Hezkuntza eta Zientzia ministerioek sustatutako Sócrates-Erasmus programan; egitasmo horren barruan, UPV/EHUk bostehun hitzarmen inguru ditu Europako makina bat unibersidadegaz. Horrezaz gan, Espainiako Unibersidadeetako Erretoreen Konferentziak (CRUE) abiarazotako SICUE (Espainiako Unibersidadeetako Ikastegien arteko Trukatze Sistema) programan be parte hartzen dau; programa horrek Hezkuntza Ministerioaren laguntza ekonomiko nabarmena jasoten dau, Séneca bekearen bitartez bideratzen dana.

Era berean, UPV/EHU Erasmus Mundus proiektuko partaide be izan da; Europako eta Honduras, Nikaragua, Mexiko, El Salvador eta Guatemalako goi hezkuntzako erakundeen arteko kooperazino eta mobikortasun sarea da Erasmus Mundus. Proiektua Europako Batzordeak finantzaten dau, eta 20 unibersidade batzen dira bertan, UPV/EHU koordinatzaile dala; ekimena aurten amaituko da. Halan da be, holako ezaugarriak izango dituen etorkizuneko proiektuetan parte hartzearen aldeko apustuari eutsi deutso Euskal Herriko Unibersidadeak.

UPV/EHUk, gainera, trukerako bi programa propio ditu. Alde batetik, mobikortasunerako UPV/EHU-AL izeneko programea dago, eta horri esker, Latinoamerikako unibersidade ugarigaz lankidetza hitzarmenak sinatu dira. Akordio horreei esker, 2010-2011 ikasturtean UPV/EHUko ehun ikasle baino gehiago Latinoamerikako hainbat unibersidadera joan dira. Beste alde batetik, UPV/EHUk hainbat hitzarmen ditu beste unibersidade batzuekaz, besteak beste Japonia, Filipinak, Txina, Kanada edota AEBetakoakaz. 2010-2011 ikasturtean, berrogeita hamar bat ikaslek hartu dabe parte mobikortasun programa horreetan.


Harrera zerbitzuak, laguntzaile birtuala, Skype eta hizkuntzak

Hiru campusetan (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba), UPV/EHUra heltzen diran ikasle bisitarientzako harrera zerbitzua dago; zerbitzu horreen eginkizuna ikasleen egonaldi akademikoa erraztea da. Horrezaz gan, unibersidadearen Ostatu Zerbitzuak laguntza eskaintzen deutse helu barri diran ikasleei, eta ostatu hartzeko moduei buruzko informazinoa helarazoten deutse.

Bidenabar, oraintsu Nazinoarteko Hedakuntzarako Erretoreordetzeak laguntzaile birtual barria ezarri dau (ANE), unibersidadeko nazinoarteko mobikortasun aukerei buruzko dudak argitzeko diseinautakoa. Ane-k, laguntzaile hirueledunak (ingelesez, euskeraz eta gaztelaniaz erabil daiteke), atzerrira truke programetan doazen tokiko ikasleen dudak argitu eta etorriko diran bisitarien galderak erantzuten ditu, eta teknologia semantikoan eta inteligentzia artifizialaren arloako iSOCO enpreseak garatu dau. Era berean, UPV/EHUk nazinoarteko bideo deietarako zerbitzu bat be badauka, dobakoa eta astero martxan jarten dana, eta horren bidez unibersidadera etorriko diran atzerriko bisitarien galderak erantzuten ditu.

Bestalde, unibersidadean gero eta ikasle bisitari gehiago dagoanez, Nazinoarteko Hedakuntzarako Erretoreordetzeak atzerritarrentzako hizkuntza ikastaroak antolatzen ditu (euskerea eta gaztelania). GAITERA, Cervantes Institutuaren laguntzaz, UPV/EHUk gaztelania maila ebaluetako eta ziurtatzeko aukerea eskaintzen deutse ikasle guztiei, gaztelaniaren diplomea atzerriko hizkuntza gisa (DELE) emonez.


Etorkizuna

Ekintza horreek guztiek eragin handiagoa izango dabe herrialdeen arteko errealidadeak gehiago hurreratzeari eta unibersidadeen artean lankidetza estuagoa izateari jagokonez. Holan, epe ertain eta luzeari begira, ikasle trukerako programa honeek unibersidadeko prestakuntzan txertatzea da asmoa, eta ikasleek euren borondatez bizi daben esperientzia izatetik nahitaezko esperientzia izatera aldatzea. Izan be, 2009ko Lisboako Goi Bileran, Europako herrialdeetako hezkuntza ministroek finkatutako asmoen artean jaso eben 2020. urterako unibersidadeko ikasleen % 20k nazinoarteko mobikortasunerako esperientzia batean parte hartu behar ebala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu