Catherine Destivellek jasoko dau WOP Mendi Film Saria

Bizkaie! 2025-11-11 09:54   Kirola

Abenduaren 12an, barikua, Euskalduna Bilbaoko 0B Aretoan.

Catherine Destivelle. | Ikusi handiago | Argazki originala

Edurne Pasaban, Lynn Hill, Catherine Destivelle, Josune Bereziartu, Katie Ives eta Bernadette McDonald, 2017ko Mendi Filmen.

Catherine Destivellek Wop Mendi Film Saria irabazi dau. Abenduaren 12an, barikua, 18. Mendi Film jaialdiaren barruan, Euskalduna Bilbaoko 0B Aretoan emongo deutse saria. Horrezaz gan, ekitaldian Sail Ofizialeko Champions of the Golden Valley pelikula estreinauko dabe, Ben Sturgulewski zuzendariak aurkeztuta.

The Walk On Project Fundazinoa eta Mendi Filmek emoten dabe WOP Mendi Film saria. Mendiko kultureari eginiko ekarpena eta mendiko baloreen eredu izateagaitik nabarmendu dira hainbat personaia eta entidade.

Catherine Destivelle (1960, Oran)

Eskalatzailea, alpinista, idazlea, editorea eta hizlaria. 16 urte zituala, Verdonen eskalatzen eban. Munduko lehen eskalada txapelketan lortutako garaipenak (Bardonechia, 1985) mundu profesionalaren ateak edegi eutson. Gero alpinismora egin eban salto: Eiger mendiaren ipar horma neguan eta bakarka egiten lehen emakumea izan zan, Cervinoko iparraldean Bonatti bidearen lehen errepikapen absolutua egin eta Shisha Pangmaren hego-mendebaldeko aurpegia igon eban... Kirol ibilbidearen Piolet d'Or autortzea jaso eban 2020an.

Les éditions du Mont-Blanc argitaletxea sortu eban mendia bera hezkuntza-tresna bihurtzeko. Argitaratzen dituan liburuek sekulako mendizaletasun istorioak kontetan ditue, baita maitasuna partekatu be. Haren argitaletxeko lan-taldea emakumez osotuta dago.

Mendi Filmegaz hartu-emon zuzenak ditu Catherine Destivellek. Nabarmentzekoa da 2009ko Sari Nagusia irabazi eban Au-delà des cimes pelikulan, bera zala protagonista. Gainera, 2017an, Mendi Filmen 10. edizino berezian parte hartu eban, batetik Women at the Top mahainguruan Lynn Hill, Edurne Pasaban, Josune Bereziartu, Bernadette McDonald eta Katie Ives-ekin batera; mendi literatureari buruzko beste mahai inguru batean Bernadette McDonald, Katie Ives, Lara Izagirre eta Luisa Alonso Ciresekaz; eta, bakarkako berbaldian: From Bouldering to High Mountains Ascent.

WOP Mendi Film Sariaren palmaresa

  • 2024: Euskal eta Nafar Mendi Federazinoak.
  • 2023: Edurne Pasaban.
  • 2022: Eduardo Martínez de Pisón.
  • 2021: Sebastián Álvaro.
  • 2020: Fundación Baltistán Fundazinoa.
  • 2019: Nives Meroi e Romano Benet.
  • 2018: Juanjo San Sebastián.
  • 2017: Peter Habeler.
  • 2016: Sir Chris Bonington.
  • 2015: Josep Manuel Anglada. 
  • 2014: Drawn filma (Jeremy Collins).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu