Iñaki Iturriotz igorreztarra eta Gorka Lazkano iurretarra zuzenean sailkatu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketara

Bizkaie! 2012-05-14 11:26   Bertsolaritzea

Eskualdeetako Bertsolari Txapelketako bigarren ekinaldia egin dabe astegoienean Abadiñon eta Zeanurin. Iñaki Iturriotz igorreztarra eta Gorka Lazkano iurretarra zuzenean sailkatu dira Bizkaiko Txapelketarako.

Eskualdeetako Bertsolari Txapelketako bigarren ekinaldia egin dabe astegoienean Abadiñon eta Zeanurin, Durangaldeko bertsolariek Abadiñoko Probalekuan eta Arratiakoak, Zeanuriko kultur etxean. Iñaki Iturriotz igorreztarra eta Gorka Lazkano iurretarra zuzenean sailkatu dira Bizkaiko Txapelketarako.

120 lagun inguru batu ziran Zeanuriko kultur etxean, giro politean. Arratiako txapela Iñaki Iturriotzek jantzi eban, Juanjo Respaldiza bertsolari eta bertso irakasle orozkoarraren eskutik. Iturriotz zuzenean sailkatu da Bizkaiko Txapelketara, eta ganerako bostak puntuazinoaren arabera: Iñaki Iturriotz 390,5 puntu; Unai Ormaetxea 359 puntu; Illart Gumuzio 199; Ander Aldazabal 190,5; Beñat Romero 182,5; eta, Irati Astondoa 170 puntu.

Abadiñoko probalekuan 150 ikusle inguru batu ziran, Durangaldeko Txapelketearen harira. San Trokaz jaien barruan egin zan saioa. Peru Madalenagaz buruz burukoa jokatu ostean, barriro be Gorka Lazkano izan zan irabazlea. Pello Mugerza bertsozale eta bertso-eragile mallabiarrak ipini eutson txapela Lazkanori.

Iurretarra zuzenean sailkatu da Bizkaiko Txapelketara, eta beste bost bertsolariak, puntuazinoaren arabera: Gorka Lazkano 415 puntu; Peru Madalena 410 puntu; Garikoitz Sarriugarte 242,5 puntu; Eñaut Uruburu 242 puntu; Ander Salaberria 215 puntu; eta, Julen Sololuze 197 puntu.

Eskualdeetako Bertsolari Txapelketako hurrengo saioa maiatzaren 19an izango da, Ondarroako Kafe Antzokian, Lea Artibaiko bertsolarien eskutik. Txapelketearen ganeko jakingarri guztiak: www.bizkaikotxapelketa.com

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu