Aiko taldeak erromeria tradizionala eskainiko dau Urbiako landatan
2012-05-11 14:35 KultureaLehen erromeria datorren domekan, maiatzaren 13an, egingo da Urbiako landatan, Aitzgorriko Natur Parkean. Jai-giro eder honetan parte hartu nahi dauenak eta zaletasun bardineko jente berria ezagutzeko gogoa dauen guztiak, urteerako hitzordura agertzea besterik ez dau egin behar, 11:30ean Arantzazuko baseleizan (ostatuaren aurrean).
Aiko taldeak, gure ondare musikal tradizionalaren zabalkundea eta sustapena helburu dauen musikari eta jantza-maisu taldeak, familiartean egun dibertigarria pasetako proposamena dakar: aire librean eta antxina legez, erromeria ederra, hain zuzen be. Taldeak bere bosgarren urteurrena ospatzeko, hiru jai herrikoi antolatu ditu, eta era honetara, euskal musika eta ospakizun tradizionaletara itzuli nahi dau, eta holan ikusten da disko-lan barriko doinu guztietan. Era honetara, lehen erromeria datorren domekan, maiatzaren 13an, egingo da Urbiako landatan, Gipuzkoako Aitzgorriko Natur Parkean.
Jai-giro eder honetan parte hartu nahi dauenak eta zaletasun bardineko jente berria ezagutzeko gogoa dauen guztiak, urteerako hitzordura agertzea besterik ez dau egin behar, 11:30ean Arantzazuko baseleizan (ostatuaren aurrean). Ogitartekoa, ardao zahagia eta ondo pasetako gogoa eroan behar dira azpimarratzen dabe Aiko taldeko kideek. Hitzordu gune horretatik hasiko da ibilbide-txangoa zelaietaraino, eta behin bertan, pasodobleak, porrusaldak, mazurkak, jotak, sokadantza edo jauziak izango ditue gozamenerako.
Gipuzkoako hitzorduaren ondoren, bigarren erromeria, bagilaren 3an Arabako Gorbeia mendian izango da; eta Bizkaiko hitzordua Urkiolan izango da bagilaren 17an. Parte hartu nahi dauenak informazino gehiago topau leike taldearen webgunean.
Dantzazale Eguna, bagilaren 23an
Aikok Oinak Kantuz aurkezteko antolatu dituan aire libreko erromeriak, Dantzaldi Ibiltaria programearen barruan urtero antolatzen dan Dantzazale Eguna azken jaiaren aperitiboa baino besterik ez dira izango, parte hartu nahi dauen guztiarentzat zabalik dagoan jai dibertigarria; zuzeneko musikeak lagunduta, Aikoren jantza ikastaroetan parte hartu daben hainbat ikasle batzen dituan bazkari herrikoiagaz batera. Egun hau Aiko Taldeak antolatzen dau Durangon azken bost urteotan. Aurten be, ospakizun honek agertoki bi izango ditu: Landako Azoka gunea, jantza tradizionalak eta bazkaria bertan izango diralarik eta Plateruena Kafe Antzokia. Hitzordua bagilaren 23an, zapatuan, izango da eta parte hartzeko taldearen webgunean izena emotea besterik ez da egin behar.
Oinak Kantuz
Aiko taldeak bere bosgarren urteurrena ospatzen dau aurten eta modu egokienean egin be; Elkar diskoetxearen eskutik argitaratu dau taldeak bere ibilbideko zazpigarrena dan diskoa. Lan barria, Sabin Bikandik (txistua), Aitor Furundarenak (eskusoinua), Álvaro Garcíak (gitarra) eta Asier Garcíak (danborra) konposatutako 19 lan originalez osotzen da. Bertan, euskal musika herrikoiaren sustraiak erakusten deuskuez pasodoble, porrusalda, mazurka, jota, sokadantza edo jauzien bidez.
Aikoren lanak antxinako usadioen antzera edozein ospakizunetan musikearen inguruan batu eta jantzan egiteko gogoa gaurkotu eta gurera ekarri ez eze, jantzan egiteko modu erraz bat eta naturala aldarrikatzen dau; konplexutasunak alde batera itxi eta jendarteari jantzan egitera dei eginez baina bakotxak bere modura eta bere aukeren barruan gozau eta ikasi daizan.
Entzuten dogun musikearen erritmoa oinakaz marketea, jantzarako lehen pausua baita. Disko honen helburua horixe da hain zuzen be eta taldearen lehen laneko diskoan jasoten dan kantu batetik jatorko izenburua, izan be, Dantzan ez dakiena, beti dau kontetan / Dantzari ona berriz, hankakaz kantetan. Oinakaz kantetako kontzeptua, jantzearen bitartez eta gorputza erabiliz, musikea entzun eta interpretearena beti izan da Aikoren inspirazino iturri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!