Bilbo-Bizkaia nazinoarteko kantu lehiaketea barrituta dator aurten, Maria Bayo epaimahaiburu dala
2012-05-09 15:18 MusikeaIzena aldatu deutsie ekimenari, lehen Bilboko Nazinoarteko Kantu Lehiaketea zana, orain, Pedro Maria Unanue Bilbo-Bizkaia izango da. Epaimahaia be aldatu dabe eta, Maria Bayoren gidaritzapean, nazinoarteko musika-adituak egongo dira. Ganera, parte-hartzaileakaz emonaldiak egin nahi ditue Bizkaitik kanpora, nazinoartean.
1984an egin eben lehenengoz abeslari liriko gazteentzako txapelketea, baina, aurten, beste dimensino bat emon nahi deutsie eta aldaketak egongo dira. Holan, izena aldatu deutsie ekimenari, lehen Bilboko Nazinoarteko Kantu Lehiaketea zana, orain, Pedro Maria Unanue Bilbo-Bizkaia izango da. Epaimahaia aldatu dabe eta, Maria Bayoren gidaritzapean, nazinoarteko musika-adituak egongo dira. Ganera, parte-hartzaileakaz emonaldiak egin nahi ditue Bizkaitik kanpora, nazinoartean.
Tradizino handiko lehiaketea da, baina urteotan indarra galdu dauelakoan nago, barrindartu egin nahi dogu, esan dau Maria Bayo soprano ezagunak lehiaketearen aurkezpenean. Gaur egin dabe jentaurreko deialdia, urriaren 19ra arte izena emoteko epea dagoan arren, sasoiz aurkeztu nahi izan dogu, parte-hartzaileek hautagaitzea preparetako astia euki daien, azaldu dau Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak. 18 eta 35 urte bitarteko kantariek parte hartu ahal izango dabe, bertokoek zein atzerrikoek. Gaur egun gatxa da kantagintza liriko profesionalerako bidea egitea, lehiaketeagaz salto hori emoten lagundu nahi deutsegu gazteei, iragarri dau Bayok. Helburua, punta-puntakoak izateko bidean diran artistei bultzadea emotea da, ganeratu dau Ariztondok.
Lehiaketako kanporaketak zemendiaren 26, 27 eta 28an izango dira. Lehiakide bakotxak pieza bi eskaini beharko ditu. Piezetako bat, oratorio, kantata, lied edo abesti-kontzertu erakoa izango da derrigorrez. Bigarren piezea, barriz, operea, operetea edo zartzuelea izan leiteke. Fase hori gainditzen dabenek finalerdia izango dabe zemendiaren 29an eta, finala, abenduaren 1ean izango da. Bertan, aria bina abestu beharko ditue finalistek. Kanporaketak Bilboko Euskalduna Jauregian izango dira eta, finala, seguruenez, leku berean. Euskalduna handitu egin dabe eta finala hartzeko moduan dago, beraz, ondo bidean, saio guztiak han egingo dira, aurreratu dau Ariztondok.
Saritan, 55.000 euro emongo ditue. Hiru sari nagusi egongo dira gizonezkoen kategorian eta beste horrenbeste emakumeenean. Publikoaren eta kritikearen sariak be antolatu ditue eta euskal abeslari onenari be emongo jako beste bat. Ganera, bide pribaduetatik etorriko diran sari gehiago egongo diralakoan dago Josune Ariztondo, Maria Bayo ezaguna da mundu honetan eta lan bikaina egiten dabil, ziur babes pribatua lortuko dauena.
Hain zuzen, lehenengoz izango da epaimahaiburu Maria Bayo. Adierazo dauenez, ilusinoa egiten dau holako kargu bat izatea, ganera, neu be holako lehiaketetan hasi nintzan. Beragaz batera, Brasil, Katalunia, Frantzia, Italia eta Kolonbiatik etorritako adituak egongo dira epaimahaian. Era berean, bertoko ordezkaritzea osotzeko, Jon Paul Laka OLBEko zuzendari artistikoa, Emilio Sagi Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa eta Olatz Saitua abeslari lirikoa egongo dira epaimahaian. Parte-hartzaileen izena ahalik eta gehien zabaltzeko, epaimahaiaren asmoa da, Bilboko saioez gan, beste batzuk be antolatzea atzerriko antzokietan. Lehiakideentzat aberasgarria da, baina lehiaketearen izena ezagutarazoteko be balioko dau kanpora urteteak, Maria Bayoren ustez.
Bilbo-Bizkaia kantu lehiaketan nobedadeak datoz, beraz, epaimahaiko kideen eta nazinoarteko proiekzinoaren aldetik. Baita izenean be, izan be, orain, Pedro Maria Unanueren izena daroa lehiaketeak, gurea lako lehiaketek artista handien izenak eukiten ditue eta, horregaitik, Pedro Maria Unanue Bizkaiko tenore handiari omenaldia egin nahi izan deutsagu, azaldu dau Ariztondok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!