Getxoko III. Euskera Plana onartzeko prozesua aurkeztu dabe
2012-05-04 15:47 Euskerea berbagaiImanol Landa Getxoko alkateak III. Euskara Plana onartzeko prozesua aurkeztu eban eguenean, Andres Isasi Musika Eskolan. Ekitaldian Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia izan zan, euskereagaz izandako esperientziaren ganean berbetan
Imanol Landa Getxoko alkateak III. Euskara Plana onartzeko prozesua aurkeztu eban eguenean, Andres Isasi Musika Eskolan. Ondo goaz Getxon egiten gabilzan euskerearen normalizazinorako politiketan, baina asko falta da egoera egoki batera ailegetako, beraz lanean segidu behar dogu, Euskera Planaren bitartez, nire ustez, tresna egokia da eta, adierazo eban Landak. Ekitaldian Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia izan zan, euskereagaz izandako esperientziaren ganean berbetan.
150 lagun inguru batu ziran aretoan, tartean udal alderdietako zinegotziak eta alkarteetako ordezkariak. Imanol Landak euskereak udalerrian dauen egoereari buruzko datu ugari azaldu zituan. Euskaldun kopuru nahikoa dago Getxon, 23.000 bat, ezagutza handitu da eta erabilerea bere. Baina oraindino ez da nahiko, beraz erronkea erabilerea sustatzea da. Horretarako abiatu dira Euskera Bizibarritzeko Planak; orain hirugarrena zehazten gagoz. Herritarrak prozesu horretan parte hartzera animau gura doguz, esan eban.
Getzoko alkateak azaldu ebanez, III. Planak indar berezia egingo dau gazterian -ezagutza handia baina erabilera txikikoa-, erdaldunakan, gaur egun biztanleen gehiengoa diralako, eta orain arteko Euskera Planetan kontuan hartu ez diralako, eta etorkinakan, kulturen arteko hurreratzea sustatzeko. Udalak guztion laguntzea behar dau. Garko ekitaldiak gizarteratze prozesuari hasteko balio dau, guztion inplikazinoa lortu nahi dogulako, ganeratu eban Landak.
Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakari ohiak euskereagaz bizi izandako esperientzia izan eban berbagai. Historian munduko hainbat idazlek zein politikarik euskereari lotuta egindako aitamenak gogora ekarri ostean, Ibarretxek nabarmendu eban euskerea izan dala bere bizitzako proiekturik politena. Umetan ez eban euskerarik ikasi, eta ondoren ez eban erabili etxean, herrian, ikasketetan edo beharrean. Halanda be, Eusko Jaurlaritzara ailegau zanean ikasteko beharra onartu eban, eta maitasunez egin nebanez, lortu neban, ezina ekinez egiten da eta.
Alabakaz euskeraz berba egin ahal izatea sano garrantzitsua izan zan Ibarretxerentzat. Euskereak kultura unibersalari egindako ekarpena izan nahi dau eta plazara atara behar da nabarmendu eban. Ekitaldiaren amaieran, Imanol Landa alkateak Aixerrota oroigarria emon eutson Juan Jose Ibarretxeri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!