Asier Ibaibarriaga: 'Lehendakaria izateak lan eta ardura asko eskatzen ditu'

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2012-05-04 14:13   Barriketan
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Bihar Barakaldoko Clara Campoamor Kultur Etxean hasiko da aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketea, eta badakizue Bizkaie!-k hurretik segiduko dauena bertso-saio bakotxa. Horreen ganeko kronikarik ez, baina noizik behinean kuku bai egingo deutsuet, Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketea be laster jatorku-eta. Txapelketakaz hasi orduko, baina...

Nire alkarrizketek honezkero Rocky Balboa sagearen itxurea hartu badabe be, hemen natortzue laugarren parteagaz: Asier Ibaibarriaga (Ermua, 1973) Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakaria ezagutuko dogu bertan. Oraintsu hartu dau Asierrek Karmelo Uriarteren lekukoa, eta bera izango da Bizkaiko Txapelketearen eta bertsoaren osasun instituzionalaren protagonistetako bat. Injineru elektronikoa da eta Zermik injinerutza-enpresearen zuzendaria.


1.- Lehenengo beharra: noz hasi zinan eta ze bide egin dozu orain arte Bertsozale Elkartean?

Ni 1998 inguruan hurreratu nintzan Bizkaiko Bertsozale Elkartera. Batzar Nagusia zan. Han Jose Luis Basterretxea Altzalei, Karmelo Uriarte, Joxin Iturriotz, Moises Enbeita, Jose Antonio Aranburu Natxi eta Jon Lopategi ezagutu nituan. 2000ko Txapelketan —eskualde mailakoa izan zan—, Durangaldeko ordezkari legez, talde antolatzailean eta gai-jartzaile taldean hasi nintzan. 2001 eta 2005ean, Euskal Herriko Txapelketan gai-jartzaile taldean jardun neban. Epaile moduan 2004an Bizkaiko Txapelketan hasi nintzan eta, 2006tik hasita, Euskal Herriko epaileen koordinatzaile ibili naz. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko idazkari legez 2006an hasi nintzan eta, 2009tik aurrera, diruzaina naz.


2.- Karmelo Uriarteren lekua hartu barri dozu. Zer nabarmenduko zeunke beragandik eta bere beharretik?

Ni Elkartera hurreratu nintzan sasoi berean izentau eben Karmelo Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakari. Garai gatxak pasauta egoan Elkartea -gorabehera asko-, eta Karmelogaz estilo barri bat, lan egiteko era barri bat etorri zala uste dot. Elkartea egonkortu, lan-taldea sendotu eta lanerako molde barria eregi zan. Asko ikasi dot beragandik. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzan alboan izan dot urte askoan.


3.- Zelangoak izan dira zure lehen asteak lehendakari moduan?

Beharbada ez da jakingo, baina lehendakaria izateak lan eta ardura asko eskatzen ditu. Lehendakarion papera asko aldatu da. Ez gara aurkezpenetan agertzen diran ordezkariak bakarrik: egunerokoan makina bat kontu eta betekizun eskatzen dauen jarduna da. Lanik ez jat falta izan. Alkarte handia da, eguneko dinamikea be bai, eta makina bat batzar egin behar dodaz gauzak zertan diran, zelan lan egiten dan eta abarrak ikasten. Lan-taldea ezagutzen nabil.


4.- Galdera original bat: ze erronka daukazuz etorkizunerako?

Orain arte egin diran lanei eta erronkei eutsi, lan-taldea (profesionala zein borondatezkoa) sendotu eta eskualdeak indartu.


5.- Txapelketea datorrenean, barkutik eskapan zoaz eta ez ei dozu epaituko...

Danera heltzerik ez dago. Nahikoa daukat lehendakari-lanakaz. Jente barria badator, eta lekua egiten be jakin egin behar da.


6.- Epaile-talde majoa aurtengoa?

Oso pozik nago. Bost lagun barri hurreratu jakuz: pentsakera, jatorri eta eguneroko oso ezbardinekoak.


7.- Bertsoak bakarrik ez dozuz puntuau: argazki, gaztai eta ogi-sariketak be bai besteak beste. Ja arbitro izatea baino ez jatzu falta!

Umetan futboleko arbitro izatea neukan ames (kar,kar). Futbolean ez, baina esku-pilotan makina bat partidu epaitu izan dodaz.


8.- Enterau naz pelikulak, film laburrak gustuko dozuzala...

Ea laster baten bat egiteko astia hartzen dodan. Oso zinezalea naz.


9.- Durangoko Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egoitza ederto ezagutuko dozu honezkero...

Makina bat bilera egiten doguz, bai! Halanda be, Arrasaten lan egiten dodanez, ez jat oso urrun paretan. Egoitza gozoa da.


Galdera laburrak

- Biziteko leku bat: Ermua.
- Bidaiatzeko leku bat: Argentina.
- Mania bat: Ondo bazkalduta egon arren, postrea eskatzea.
- Gorroto dozu: Faltsukeria.
- Pelikula bat: Trainning day eta 21 gramos.
- Liburu bat: Tobacco days (Anjel Lertxundi).
- Musika talde / abeslari bat: Mark Knopfler.
- Jateko bat: Espagetiak carbonara eran.
- Bertsolari bat: Joxe Agirre.
- Futbol-talde bat: Euskal Herriko selekzinoa.

Mila esker, Asier eta aupa Athletic!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu