Astegoienean abiatuko da Barakaldon aurtengo Eskualdetako Bertsolari Txapelketea

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-05-02 15:10   Bertsolaritzea

Aurtengo Eskualdetako Bertsolari Txapelketan 63 bertsolarik hartuko dabe parte, zortzi taldetan banatuta. Saioak maiatzean eta bagilean egingo dira; lehenengoa, hilaren 5ean, Barakaldon. Aurton be, txapelketea online segidu ahal izango da, www.bizkaikotxapelketea.biz webgunean.

Aurtengo Eskualdetako Bertsolari Txapelketan 63 bertsolarik hartuko dabe parte, zortzi taldetan banatuta. Saioak maiatzean eta bagilean egingo dira; lehenengoa, hilaren 5ean, Barakaldon. Txapelketearen webgunea eta sare sozialak indartzeko asmoa daukie antolatzaileek.

Bilbon aurkeztu dabe txapelketea, eta bertan izan dira Bizkaiko Bertsozale alkarteko presidente Asier Ibaibarriaga, Jokin Castaños sustapen arduraduna, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera Sustatzeko zuzendari Miren Dobaran eta BBK Fundazinoko Gorka Martinez.

Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale alkarteko presidente barriak azaldu dauenez, txapelketea danon artean egindakoa da, danon artean osotu dogu taldea. Horregaitik, letra-zopea aukeratu dabe ikur lez. Letra-zopa horretan lau berba nabarmendu ditue, gure filosofia eta helburu nagusiak azaltzeko, ganeratu dau Ibaibarriagak. Bertso eskola, herria, zabaldu eta plaza dira berbok.

Bertso-eskolak ezinbesteko tresna dira bertsolaritzearen transmisinorako, alkarteko buruaren ustez. Herriak oso garrantzitsuak dira txapelketa honetan, eskualdeka antolatuta dago-eta. Eskualde bakotxak, ganera, bere nortasuna daukala nabarmendu dau. Zabalkundea be sano garrantzitsua da, eskolatik plazara, eta Interneteko plazara bere bai. Ataria eta sare sozialak indartu egingo doguz edizino honetan, esan dau Ibaibarriagak.

Bertsolaritzea gazteak euskerara hurreratzeko modu aproposa dala nabarmendu dau Miren Dobaran Aldundiko Euskera Sustatzeko zuzendariak aurkezpenean, produktu erakargarria da euskerea gazteen artean zabaltzeko. Bizkaierarean transmisinorako be bide egokia da Eskualdetako Bertsolari Txapelketea, Dobaranen eretxiz. Euskera batuan ikasten daben gazteentzat, bizkaierara hurreratzeko modu bat da.

Eskualdetako Bertsolari Txapelketako lehenengo saioak asteburuan izango dira: maiatzaren 5ean Enkarterriko eskualdea, Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean; eta, maiatzaren 6an, Hego-Uribekoak, Arrigorriagako Lonbo aretoan. Saio biak 17:30ean dira. Hurrengo hitzorduak: Durangaldea, maiatzaren 11n, Abadiñoko Probalekuan; Arratia, hilaren 12an, Zeanuriko frontoian; Lea-Artibai, hilaren 19an, Ondarroako Kafe Antzokian; Uribe Kosta, bagilaren 2an, Getxoko Villamonte kultur etxean; Uribe Butroe, bagilaren 9an, Sondikako kultur etxean; eta, Busturialdea, bagilaren 10ean, Bermeoko Kafe Antzokian. Abadiñoko hitzordua 22:00etan izango da, ganerako guztiak, barriz, 17:30ean.

Beraz, aurreko edizinoetan lez, zortzi taldetan jardungo dabe bertsolariek, eskualdeka: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri, Hego Uribe, Lea Artibai, Uribe Butroe eta Uribe Kosta. Hego Uribe taldea lehen Bilboaldea zana da. Izena aldatu deutsagu, baina barruan lehengo herri bardinak dagoz, argitu dau Jokin Castaños txapelketako sustapen arduradunak.

Epaimahaia Bizkaiko Bertsozale alkarteak izentau dau, holan eskualde danetan baldintza bardinetan epaituko dala ziurtatzen da. Epaile-taldean dagoz Nahikari Ayo, Gorka Intxaurbe, Jon Jaio eta Jurgi Fuentes.

Bertsolariek egin beharreko lanak atal bi daukaz. Lehenengo zatian, ondokoak egin beharko ditue: binaka, gaia emonda hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emonda hiruna bertso zortziko txikian; bakarka, hasierako puntua emonda bertso bi zortziko txikian; eta, bakarka, gaia emonda bina bertso doinu eta neurri librean. Bigarren atalean, hau da egin beharrekoa: binaka, gaia emonda hiruna bertso hamarrako txikian; eta, kartzelako lana, banaka, gaia emonda hiruna bertso doinu eta neurri librean.

Lehenengo atalean puntu gehien lortzen daben bertsolari biak pasauko dira bigarrenera. Atal bietako puntuak batu egingo ditue, eta irabazlea Bizkaiko Txapelketera joango da. Bizkaiko Bertso Txapelketea udagoienean egingo da, bost kanporaketa eta hiru finalaurre eukiko ditu, eta finala abenduaren 15ean izango da.

Aurton be, txapelketea online segidu ahal izango da, www.bizkaikotxapelketea.biz webgunean. Txapelketearen ganeko informazino osotu eta eguneratua egongo da. Ez dau bakarrik txapelketearen ataria izan gura, Bizkaiko bertsogintzearena baino, horregaitik Plaza izeneko bloga sortu dogu, azaldu dau Jokin Castañosek. Bertsozaleek euren bideoak, testuak, bertsoak eta abar ipinteko aukerea eukiko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu