Ezagutza eta erabilerearen arteko aldea murrizteko asmoz dator Getxoko III. Euskera Plana

Bizkaie! 2012-04-27 12:58   Euskerea berbagai

Maiatzaren 3ko ekitaldia gizarteratze lanaren hasierea baino ez da izango, izan be, asmoa baita, aurkezpenak sektoreka egitea: kirol munduko eragileei, ikastetxeetan, kultur eragileei, merkatariei, eta abar. Koldo Iturbek eskerrak emon deutsez, tartean Euskara Aholku Batzordeari be, egindako eta egiten dagozan lanagaitik.

Getxoko III. Euskera Plan Nagusia onartzeko prozesuaren eta Euskera Zerbitzuak hizkuntzearen gaitasunari eta erabilereari buruz egindako azterketen emoitzen aurkezpena izango da datorren eguenean, maiatzaren 3an, 20:00etan, Andres Isasi Musika Eskolan. Imanol Landa Alkateak, Getxoko Euskera Plana preparetan titulupean, herriari emongo deutsoz datuak eta ekitaldiak Planari ekarpenak egiteko eta parte hartzeko konbitea izan nahi dau herritarrentzat. Bertan Juan José Ibarretxe, aurreko Lehendakaria be izango da, euskerea ikasi eta bere bizitza familiarrean eta profesionalean sartu dauen ereduetako bat dalako. Lehendakariak bere euskereagazko esperientziaz berba egingo deusku eta zesangura horretan nire esker beroena adierazo nahi deutsat Getxora hurreratzeko eta Getxogaz euskerearen alde lan egiteko adierazo dauen borondate garbia eta interes bakoagaitik. Euskereagazko konpromisoa adierazoten dau, Getxora sosik kobrau barik etorriko dalako nabarmendu dau Alkate getxotarrak. Ekitaldiaren helburua herritarrak parte hartzera konbidetea da, beren eretxiak eta gomendioak emon deiezan, onartu nahi dan III. Euskera Plan Nagusia ahalik eta parte hartze handienagaz egin nahi dauelako Udalak, izan be, danon kolaborazinoa beharko baita plan hau gauzatu ahal izateko, euskerea danona dalako.


Ezagutza handiago baina erabilera eskasa

Getxoko Udaleko Euskera zerbitzuak egindako Euskereak badauka etorkizunik III. azterketa soziolinguistikoaren ondorioak ezagutzera emongo ditue. Datu horreen artean, Eustat-en hizkuntza gaitasunari buruzko azken datu ofizialak agertzen dira, hain zuzen be, 2006koak eta horreek erakusten dabe Getxon euskerearen jakite maila igon egin dala azken urteotan. Hain zuzen be, 2006ko datuen arabera, getxotarren % 29 euskalduna da, % 27 ia euskalduna eta % 44 erdalduna. Horrek esan nahi dau bi urtetik gorako 23.000 lagun dirala euskaldunak Getxon, hamarretik hiru. Azken 25 urteotan Getxon euskaldunen ehunekoak nabarmen egin dau gora, 1981ean % 9,9 zalako, eta 2006an, barriz, % 29.

1996an euskaldunen kopurua % 19koa zan; ia euskaldunena % 28 eta erdaldunena % 53. 2001ean euskaldunen kopurua % 20 izan, ia euskaldunena % 31 eta erdaldunena % 49. Datu horreek ibilbide ona erakusten badabe be, hau da, euskerea ikasten dabilzanak gero eta gehiago diran arren, euskerearen presentzia Getxoko kale-bizitzan eskasa da oraindino, 2010ean Euskera Zerbitzuak egindako neurketeak erakusten dauenez eta bide horretan lan egiten segidu behar da azaldu dau Alkateak. Neurketa horretan entzundako personen % 9,2k egiten eban euskeraz. Kopuru hori 1994ean % 2,8koa izan zan eta 2001ean % 4,8koa. Honek esan nahi dau, oraindino baxua dan arren, 9 urtetan lau puntu igon dala euskerearen erabilerea Getxoko kaleetan.

2010ean egindako neurketa horretatik ondorioztatzen da euskerea batez be, umeen aurrean egiten dala, % 65 kasu ume eta nagusien arteko barriketaldiak izan ziralako; % 18 nagusien artekoak eta % 17 umeen artekoak.

Bestalde, 2008tik 2011ra bitartean egindako II. Euskerea Bizibarritzeko Plangintzearen betete mailea ezagutzera emongo da. Plangintzan 281 neurri proposatu ziran eta horreetatik % 72,9 jarri ziran martxan.

Azkenik, Alkateak ezagutza eta erabilerearen arteko aldea murrizteko asmoz datorren III. Euskera Plan Nagusiaren helburuak eta ardatzak be aurkeztuko ditu: euskerea, belaunaldiz belaunaldi eta etenik barik transmitidutea, familia, eskola, helduen euskalduntzea eta kulturartekotasuna lantzearen bidez; euskerearen erabilerea ziurtatzea, administrazinoan, aisialdian, kirolean, kulturan, lan-munduan… Eta hizkuntza eroso eta erraz berba egin eta elikatzeko, eten barik elikatzea: plangintzak eginez kulturgintzan, komunikabideetan eta teknologia barrietan.


Aurkezpen publikoa

Datuak Alkate getxotarrak aurkeztuko ditu eta Juan Jose Ibarretxe, aurreko Lehendakariak be parte hartuko dau Nire esperientzia euskereagaz'berbaldiagaz. Koldo Iturbe Euskera zinegotziaren berbetan, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria izandakoa, plan nagusiak lortu nahi dauena ondo irudikatzen dauen personea da. Euskerea ikasi eban eta hizkuntzea familia esparruan sartzeaz gan, bere eginkizunetan be sartu eban, gorengo mailaraino, danok egiaztatu ahal izan genduanez. Eredu ona da.

Ekitaldian sartu ahal izateko konbidapena behar izango da eta konbidapen horreek datorren maiatzaren 2ra arte egongo dira eskuragarri Villamonteko eta Romoko Kultur Aretoetan. Konbidapenak geldituko balira, egun berean, hau da, eguenean bertan, ordu erdi bat lehenago txarteldegian bertan hartu ahal izango dira. Aldi bereko interpretazino sistemea egongo da, euskeratik gaztelaniara.

'Gure nahia da, Euskera Plan Nagusi barria dokumentu edegia izatea, herritarren, alkarteen, erakunde sozial eta politikoen eta oro har, gizartearen proposamen eta iradokizunakaz eguneratua izan daitekeena gehitu dau Euskera zinegotziak. Horretarako, Euskera Zerbitzuak hainbat bide proposatzen ditu: www.getxo.net webgunean aitatutako txosten guztiak, datu guztiak ikusi ahal izango dira, eta baita ekarpenak modu erraz batean egiteko formulario bat be. E-postaz, faxez edo idatziz bialdu daitekez ekarpenak. Bestalde, txostenak batzen dituan CDa egin dau Udalak, interesa daukanak eskatu eta jasoko dauena. Azterketak eta datuak batzen dituan Euskereak badauka etorkizunik III izeneko liburu honen 500 ale kaleratu ditue, udal egoitzetan, alkarteetan, ikastetxeetan eta abarretan banatzeko. Azkenik datuen laburpena jasoten dauen hiru orrikoa be getxotarren postontzietara helduko da.

Maiatzaren 3ko ekitaldia gizarteratze lanaren hasierea baino ez da izango, izan be, asmoa baita, aurkezpenak sektoreka egitea: kirol munduko eragileei, ikastetxeetan, kultur eragileei, merkatariei, eta abar. Koldo Iturbek eskerrak emon deutsez, tartean Euskara Aholku Batzordeari be, egindako eta egiten dagozan lanagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu