Bost kimikari eta kazetari bat, 2011ko CAF-Elhuyar sarietan irabazle

Bizkaie! 2012-04-27 11:16

Sei irabazle ditue aurten CAF-Elhuyar sariek, Alfredo Sarmiento, Patricia Navarro eta Jone Omar kimikariek, Jon Makibar Ingeniaritza Kimikoan doktoreak eta Gorka Zabaleta kazetariak. Sari-emotea apirilaren 26an izan zan, Donostiako San Telmo Museoan. Merezimendu saria Jose Mari Elortza kimika-doktoreak jaso eban.

Sei irabazle ditue aurten CAF-Elhuyar sariek, Alfredo Sarmiento, Patricia Navarro eta Jone Omar kimikariek, Jon Makibar Ingeniaritza Kimikoan doktoreak eta Gorka Zabaleta kazetariak. Sari-emotea apirilaren 26an izan zan, Donostiako San Telmo Museoan. Merezimendu saria Jose Mari Elortza kimika-doktoreak jaso eban.

Dibulgazino-artikulu orokorra atalean, Jone Omarrek, Alfredo Sarmientok eta Patricia Navarrok idatzitako Kimikaren artea eta artearen kimika izan da lanik onena. Gizartean hedatutzat jotzen daben kimiofobiari aurre egitea dau helburu artikuluak. Izan be, egileen arabera, gaur egungo gizarteak kimikarekin lotutako guztiari zeozelango bildurra deutso. Hainbat produktu ekologiko eta bio pil-pilean dagoz, eta askotan entzuten dogu produktu kimikoek eragina daukela minbizian eta beste gaixotasun batzuetan. Baina, benetan, dana da kimika.

Hori erakusteko, artikuluak kimikeagaz lotuz artearen historiaren errepasoa egiten dau, historiaurretik hasita: Aitatu nahi genduzan, zeozelan, artelan gehienak eta garai historiko guztietako jazoera garrantzitsuenak. Epaimahaiak nabarmendu dauenez, klasikoa izanagaitik, ondo egituraturiko lana da, abiapuntu ona dau eta egileek ederto defendatzen dabe artikuluaren tesia.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako artikulua kategorian, Jon Makibarren Pirolosia eta biofindegiak lanak jaso dau saria. EHUn eta Ikerlan-en osotu dau tesia Makibarrek. Biomasearen sektoreko hondakinak energia bihurtzeko prozesu bat garatzea izan dau helburu: unibersidadean diseinautako ikerketa-erreaktore bat hartu eta pirolisia egiteko instalazino pilotu baten eskalara eroatea, hain zuzen be. Doktore-tesia dibulgazino-artikulu egitea gatxa izan dala deutso Makibarrek: Tesia euskera oso teknikoan idatzi ostean, edozeinek ulertzeko moduko euskeran idatzi behar izan dot. Hori lortzeko “au-bost zirriborro egin behar izan dituala autortu dau, eta hurrekoekaz kontrastau: Ulertzea apur bat kostau jakela esaten badeutsue, aldatu egin behar dozu.

Epaimahaiaren esanetan, inoiz baino gatxago izan dabe aurten kategoria honetako sariduna aukeratzeko, inoiz baino lan gehiago aurkeztu dituelako, besteak beste, baina, batez be, “oso onak” begitandu jakozalako epaimahaiari kategoria honetara aurkeztutako lanak, edukiz eta formaz. Itziar Alkorta epaimahaikideak nabarmendu dauenez, pozteko eta zoriontzeko modukoa da tesiaren mamina euskeraz holan komuniketako gaitasuna dauken geroz eta ikertzaile gehiago dagozala ikustea.

Zientzia-kazetaritzako lan irabazlea Itsas hondoa eskura. Mapetan agertzen ez den mundua izan da, Gorka Zabaleta kazetariarena. Zabaletaren esanetan, tokiko gaiak eta zientzia buztartzeko ahaleginaren emoitzea izan zan artikulua. Horretarako aukera emon eutsen Azti-k egindako itsas hondoaren mapeak. Orain arte ez dogu izan itsas hondoaren zehaztasun hori, baina kostaldean bizi gara eta jentea itsasoan mobidu da, itsasoan egin dau lan, itsasoari etekina atara deutso. Mendez mende batutako jakintzea Azti-k egindako mapegaz alderatzea otu jakun, dino Zabaletak.

Epaimahaiak Kazetariaren estilo zuzena, dokumentazino zabala, ikuspuntu desbardinak batzeko gaitasuna, erabilitako grafiko ederrak eta gaurkotasunagaz lotzeko abilezia nabarmendu ditu, tokiko gaiak zientziagaz buztartzeko egilearen ahalegin mamitsua bere bai.

Kategoria bakotxari jagokozan sariez gan, Jose Mari Elortza (Bergara, 1950) Kimikan doktoreak jaso dau 2011ko Merezimendu saria, Kimikaren alorrean euskereari egindako ekarpenagatik. Valladolideko Unibersidadean egin zituan Elortzak Kimikako ikasketak, eta 1976an hasi zan Donostiako Kimika Fakultadean lanean. Sasoi haretan ekin eutson kimikako testuliburuak euskeraz idazteari. “Bi liburu baino ez genduzan ezagutzen, biak Espainiako Gerrearen aurretik idatziak, 1936an; Gabriel Jauregiren 'Kimia' eta 'Pisia', hain zuzen be. Kimika Fakultadean ikasle batzuk eta ni alkartzen ginan, eta erabagiten genduan Fakultadean zelan esango genduzan gauzak. Leioakoagaz be harremonetan gengozan eta eurekaz biribildu egiten genduan kontua, UEUn bere bai. Hain zuzen be, Elortzak idatzitakoak dira ikasle-belaunaldi askok erabili dituen Kimika Fisiko Makromolekularra eta Termodinamika liburuak. 2010eko Merezimendu saridun Jose Ramon Etxebarria, Jazinto Iturbe eta beste batzuekaz batera, aitzindaria izan zan Elortza euskerazko irakaskuntzarako testugintzan.

2011ko CAF-Elhuyar sarietara 48 lan aurkeztu dira danetara: Dibulgazino-artikulu orokorren kategorian, 23 behar; Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazino-artikuluetan, 14 lan; Zientzia-kazetaritzan, 9; eta, Gazteei zuzendutako zientzia-narrazinoetan, 2 testu.

Epaimahai bik baloratu ditue jasotako lanak. Gazteei zuzendutako zientzia-narrazinoen epaimahaia ondokoek osotu dabe: Yolanda Arrieta idazlea eta haur- eta gazte-literaturan aditua, Jesus Mari Olaizola Txiliku, idazlea, Biologiako irakaslea eta haur- eta gazte-literaturan aditua eta Josu Waliño, Elhuyar Fundazioko proiektuen kudeatzailea eta gazteentzako ipuinen idazlea.

Ganerako kategoerietan lanak baloratzen jardun dabe Itziar Alkortak (Zuzenbide Zibileko irakaslea eta bioetikaria), Jose Maria Pitarkek (CIC-NanoGUNEko zuzendaria), Juan Ignacio Pérez Iglesiasek (Kultura Zientifikoko EHU-BFA katedrako zuzendaria), Txema Ramírez de la Piscinak (EHUko Kazetaritzako irakaslea) eta Jose Mari Rodriguez Ibabek (Elhuyar Fundazinoko lehendakaria eta CEITeko ikertzailea).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu