Kepa Acero: 'Itsasoa libre sentiduarazoten nauena da'

Koldo Isusi Zuazo 2012-04-23 11:30   Barriketan
Unai Basurko eta Kepa Acero

Bizkaie!-ren 10. urteurreneko Barriketan berezietan azkena da oraingo hau, Unai Basurko eta Kepa Aceroren artekoa. Itsasoa da bien bizibidea, itsasoagaz jantzan ibilten dira, bata Pakea Bizkaia belaontzian eta bestea surfean. 2008an, Vendee Globe (munduari itzulia, bakarka eta kanpoko laguntzinorik barik) bildurgarrian parte hartu eta Velux 5 Oceans estropadan 3. sailkatu ondoren, Pakea Bizkaia hezkuntza proiektuan dabil buru-belarri Unai Basurko portugaletearra.

Kepa Acero surflari getxotarra, barriz, gazte mailan Europako txapelduna izan ostean, lehia kirola baztertu eta olatu, esperientzia eta kultura barrien bila dabil azken boladan.

Aurten, ganera, zehaztasunak falta badira be, leitekeana da Unaik eta Kepak alkarregaz Antartikea bisitetea...


1.- Batzuk itsasoa sekula ikusi barik hilten dira eta zuek, barriz, itsasoa barik galduta zagoze, ala ez? Zer da zuontzat itsasoa?

Kepa Acero: ez da erraza erantzuna, txikitatik itsasoa beti euki dot hur, gauza naturala da niretzako. Itsasotik urrun nagoanean, presinoa lakoa sentiduten dot, ondoeza eta berba bakarra erabiliko neuke eskatu deustazun definizinorako: askatasuna; itsasoa libre sentiduarazoten nauena da.

Unai Basurko: bai, gatxa da itsasoa niretzako zer dan zehaztea; hain da handia itsasoaren indarra ze, gauza asko emoten deuskuz. Itsasorik bako bizitzarik planteau be ez dot egiten, itsasoagaz bat eginda bizi gara eta itsasoaren eta askatasunaren arteko buztarketa horregaz bat nator, jakina. Guk suberte handia euki dogu itsasertzean jaio garelako eta umetatik lotura estua euki dogulako itsasoagaz.

K.A.: itsasorik ez daukadanean, orduantxe jakiten dot itsasoa zer dan niretzako, hutsune hori sentiduten dodanean.

U.B.: luzaroan itsasoa ikusi barik egon ostean, bainu bat hartu edo nabegetea lakorik ez dago, itsasoa osasuna da...


2.- Baina, zer da zuretzako lurra Kepa?

K.A.: itsasora heltzeko bidea da lurra, niretzako itsasoa da helburua baina lurra be garrantzitsua da hor be gauza asko pasetan diralako, jente asko, kultura desbardinak, pareje ederrak ezagutzen dozuzalako eta esperientzia horreek guztiek egiten gaitue garen modukoak.

U.B.: nabegazinoaren, leku eta kultura barriak deskubridutearen eta itsasoaren beraren parte da lurra. Nik argi daukat egun asko emon neikezala lurrik ikusi eta sentidu barik.


3.- K.A.: bakardade egoerak Vende Globen bizi izan zenduzan, momentu on eta txarrei aurre eginez. Baina zer da momentu txarra zuretzako ekatx bat, haizerik eza...

U.B.: gauza txiki asko pilatzen diranean sortzen da benetako momentu txarra. Barkuan bakarrik zagozanean dana kontrolpean euki behar da ze gauzarik txikienak hankaz gora jarri leike jardun normala, berbarako, loan eta elikatzeko ordenean eragin leikielako. Nabigatzailearen egoera ideala izaten da itsasoa, belaontzia eta gizakia bat eginda dagozanean, hiru elementu horreen arteko koordinazino perfektua dagoanean, goserik, hotzik, berorik eta logurarik ez daukazunean, ezbehar teknikorik eta istripurik ez daukazunean, egualdia ona danean...


4.- K.A.: bakardadea ez dozu aitatu baina zenbat egun pasau dozuz bakar-bakarrik itsasoan? Egokitzapen faserik behar al da, lehorreratzen zatozenean?

U.B.: bakar-bakarrik 150 egun izan ziran bi fasetan banatuta; lurra ikusi barik 72 izan ziran. Eta, jakina, lehorreratzen zarenean, etxekoak, hurrekoak eta gustora hartzen dozuzan arren, kosta egiten da ohitzea; nabigatzaile beterano batek esan eustan behin, nabegazinoko egun bakotxeko lurrean egun bi behar dirala alde fisikoan eta sikikoan egokitzeko edo errekuperetako. Hasieran gehiegizkoa begitandu jatan baina gero konturatu nintzan behar-beharrezkoa dala lurrera eta hemengo bizimodura ohitzeko fase hori. Kontuan hartu 72 egunetan ez nebala gizakirik ikusi eta heltzeaz batera, gizakiz inguratua ikusten dozu zure burua eta alde emozionalean shock handia izaten da.


5.- Zu zeu be Alaskan eta Patagonian bakarrik ibili zara surfean. Zelan baloretan dozuz gizakiakazko hartu-emonak holako esperientzia batetik bueltan?

K.A.: nik ez dodaz horrenbeste egun pasau bakarrik baina anekdota moduan kontauko deutsut, hiru bat aste bakar-bakarrik pasau ostean, zeozer galdetzeko atxakiagaz, etxeetako tinbreak joten ibili nazela jenteagaz berba egin eta jenteagaz egon beharra sentiduten nebalako... Ostean, dutxetako eta bazkaltzeko konbita egiten deutsuenean, zoragarria da hori. Bakardadea ondo dago norberaren erabagia danean baina jenteagazko hartu-emonak be behar-beharrezkoak dira.


6.- Bakardadeak ba al dauka alde onik?...

U.B.: bakardadea gogoetarako momentu aproposa izaten da, gaur egun azkarregi bizi gara, mila gauza egin eta mila lekutara heldu gura dogu eta gogoetarako, hausnarketarako denpora oso gitxi erabilten dogu. Alde fisikoaren eta gogoaren arteko orekea topetako nahitaezkoa da norberarentzat tartea hartzea.


7.- Surfaren gaia be atara gura neuke, ze inbidia handia daukotsut Kepa... Maila apalean baina neu be ibili izan naz surfean, ola zahar bategaz hasi, gero erdi usteldutako Jeronimo bat erosi neban anaiagaz batera eta aurrerago Genesis bategaz eta ibilten ginan. Baina pena handia daukat surfean ez dodalako mailarik lortu gozau ahal izateko...

K.A.: olatuen gainean jantzan egitea gatxegia be ez da baina maila bat lortzea beste kontu bat da, dedikazino handia eskatzen dau surfak eta kirola baino gehaigo biziteko filosofia bat dala esango neuke.

U.B.: niri asko gustetan jat filosofia hori. Australian bizi nintzanean, itsasoa ondo-ondoan neukan, paraje bakartia zan eta erritmoa hartuta han gustora ibilten nintzan surfean; hemen, barriz, kosta egiten jat.


8.- Edozelan be, surfa eta bela eskutik doazela esan daiteke, Pakea Bizkaia belaontziagaz 20 korapiloko abiadan, olatuaren puntan jantzan ibiltea subertau jat eta hori sekulakoa da... Gainera, gaur aroko belan, surfingak zeresan handia dauka, desplazamendu arinak, txirristadak...

K.A.: bai, surfa horixe da olatuetan txirristaka joatea, beste aukerarik ez dago. Bueno, gaur egun haizearen indarragaz airean surfeetea be indarrean dago, kite surf izeneko modalidadean. Windsurfa be hor dago baina niri belaontziak gustetan jataz, egia esateko; Alaskan be olatuen bila joan nintzan barkuan lagun bategaz eta zeugaz Pakea Bizkaia barkuan nabegetako aukera izan neban oraintsu eta osogustora ibili nintzan...

U.B.: belak atrapetan bazaitu, akabo, nabegeteak emoten deutsun askatasun sentsazinoa sekulakoa da.

K.A.: timoia hartu nebanean, gozadea da gauzak ondo egiten dozuzanean ze argi eta garbi igarten da sakakadea, surfean izaten dan sentsazinoaren parekoa, hain zuzen be.


9.- K.A.: orain buru-belarri zabilz Pakea Bizkaia hezkuntza proiektuan, hurrengo espedizinoa nora izango da?

U.B.: bai, Patagoniara eta Antartikara izango da hurrengo bidaia. Pakea Bizkaia gaur egun hezkuntza proiektua da, belaontziak munduan zehar egiten dituan espedizinoetatik elikatzen dana. Bidaiotan, dokumentalak grabau eta esperientziak jasoten doguz gero ikastetxeetatik datozen umeei kontetako. Orain, barriz, aurreko espedizinoan, XVI. mendeko euskal arrantzaleen arrastoari jarraituz, Groenlandiara eta Ternuara egindako bidaia dogu ardatz. Igaz Bizkaia osoko 5.000 ume inguruk bisitau eben Pakea Bizkaia; barkua bisitau ostean, ikus-entzunezkoak proiektetan doguz eta zeozelan natureagazko errespetua, itsasoa ezagutarazoten deutsegu eta umen heziketa integralean sano garrantzitsuak dira arlo horreek.

K.A.: nire kasuan, 5 olatu, 5 kontinente abenturearen ostean, Alaskatik Patagoniara bitartean ibili nintzan igaz eta orain, barriz, aurtengo udan edo abiatzeko esperantzeagaz, 5 itsaso proiektua preparetan nabil, Bering itsasoa, Indonesia, nire paraje faboritoa, Angola, Libia eta gero, Antartikara joateko asmoa dago zeugaz batera... Ia posible dan...

U.B.: polita izango litzateke biok bat egitea Antartikan, izan be, nik beti egin dot kirol modalidade ezbardinak buztartzearen alde, ezbardinak izan arren, amankomunean gauzak dituen kirolak buztartzearen alde, bela eta mendia, bela eta surfa, bela eta bizikletea...


10.- K.A.: gure gizartean surfak presentzia handiagoa dauka belak baino. Zergaitik?

U.B.: azalpena erraza da. Bela elite-kiroltzat hartu izan da gurean, karua eta aberaskumeen kirola dala eta belaren espiritua ez da hori inondik inora. Gurean traba asko dagoz bela munduan sartzeko, zergak, zentzunik bako titulazinoak eta abar. Atara kontuak, barku baten prezioaren % 30 inguru zergak dira, hori zorakeria da. Zorionez, gauzak aldatzen doaz eta argi esan behar da aurrekontua edozein izanda be, barku bat erostea ez dala gatxa. Umeentzako ikastaroak be badagoz, astean 50 eurokoak eta, beraz, bela elite-kirola dala esatea ez da egia.


11.- Amaitzen joateko, ze mezu bialduko zeunskio surfean hasi gura dauenari?

K.A: pribilegiatua sentiduten naz gustoko dodan jardueratik ataraten dodalako bizimodua baina mezu bat bialtzekotan, jenteari esango neuskio erispide propioa izateko, norberari gustetan jakona egin behar dalako. Muga eta bildur guztien gainetik ausardiaz jokatu eta aurrera egitea da botikarik onena.

U.B.: bat nator zugaz baina pribilegioa barik, suberte handia da guk daukaguna ze behar asko egin dogu, sufridu be sufridu dogu, ausardiaz eta profesionaltasunez jokatu dogu eta horreek dira emon beharreko pausuak; mugak gaindituz, gogoa zabalik, nik jentea animauko neuke, itsasoa eta itsasoaren inguru guztia ezagutu deiezan, badakidalako ez dirala damutuko eta onuragarria izango dala eurentzako .

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu