Umore-bineten 'Dagokizu, dagokigu' erakusketea ikusgai Zelaieta zentroan

Bizkaie! 2012-04-17 12:05   Kulturea

Gurutze Gorriaren Dagokizu, dagokigu izeneko umore bineten erakusketea dago ikusgai apirilaren 29ra bitartean Zelaieta zentroan, Amorebieta-Etxanoko Udaleko bardintasun arloak antolatuta. Umorearen eta ironiaren bidez, gaur egungo gizarteak aurrez aurre daukazan erronketako bat hurrerazotea da erakusketearen helburua: bizitza personala, familiarra eta profesionala bateratzeko arazoak.

Gurutze Gorriaren Dagokizu, dagokigu izeneko umore bineten erakusketea dago ikusgai apirilaren 29ra bitartean Zelaieta zentroan, Amorebieta-Etxanoko Udaleko bardintasun arloak antolatuta. Umorearen eta ironiaren bidez, gaur egungo gizarteak aurrez aurre daukazan erronketako bat hurrerazotea da erakusketearen helburua: bizitza personala, familiarra eta profesionala bateratzeko arazoak. Kontuak kontu, baterako erantzukizun ezak gizarteari oro har eta emakumeei batez be eragiten deutsezan ondorioez sentsibilizetea bilatzen da erakusketa honen bidez.

Zelaieta zentroko erakusketa aretoan dago ikusgai, goizeko 8:00etatik gaueko 22:00etara astelehenetik barikura bitartean, eta goizeko 9:00etatik eguerdiko 14:00etara zapatuetan. Mezuei atxikita dagozan 20 binetek osotzen dabe, gaietan banaturik: Zer dan guretzat baterako erantzukizuna, eta nori jagokon; ze ondorio daukan emakumeentzat eta gizarte osoarentzat baterako erantzukizunik ezak; eta zer egin daitekeen baterako erantzukizunaren alde.

Egileak ondokoak dira, ordena alfabetikoan, erakusketan parte hartu daben 20 artista grafikoak:

• Adriana Mosquera (Nani). Umoregile grafiko kolonbiar hau Espainian bizi da orain 14 urtetik, eta ohorezko umore-irakaslea da Alcalá de Henareseko unibersidadean. Magola eta Sobreviviendo en pareja izenburuko bineta-zerrenden egilea da.

• Ajubel. Pintorea, diseinugilea, ilustratzailea eta umore-egile grafiko kubatarra dogu hau. Egunero ikusi daiteke beraren obra La Vanguardia, El Mundo eta Britainia Handiko The Guardian egunkarietan.

• Bernardo Vergara. El Jueves astekariko Urbano personaiaren sortzailea da artista hau, eta ohiko kolaboratzailea izan da Público egunkarian, edizino guztietan Piso para cuatro izeneko binetea eginik.

• Borja Montoro. Bineta egile honek esperientzia dauka Disney faktoriako film luzeetan Los Ángeles eta Parisen.

• Carlos Azagra. Politikeagazko interesak markauta dago Azagraren lana. Makoki eta El Víbora komikietan lan egin dau. El Jueves astekariaren kolaboratzailea da gaur egun, Pedro Pico eta Pico Vena izanik beraren personaiarik ezagunenak.

• Castillo & Davia. Rafael Castillo eta Ángel Fernandez Davia batera dabilz lanean tokiko eta nazinoko gaurkotasuna dakarren binetea eginez El Diario de Hellín izeneko publikazinoan.

• Caye Casas Martinez (Caye). Sport egunkariko kolaboratzailea da 1999tik, eta honako beste aldizkari honeetan be badabil: Cinemanía, Fotogramas, Revista de la Academia del Cine Español, Scifiworld Magazine, Interviú, Don Balón eta NBA.

• Antonio Fraguas (Forges). 1964an argitaratu zan artista honen lehenengo binetea. Hainbat argitalpen izan ditu lantoki: La Codorniz, Pueblo, Ya, Hermano Lobo eta Por Favor. Forgesen binetak ikusgai izan dira eta dira Informaciones, Diez Minutos, Diario 16, El Mundo eta El País informazino bideetan be.

• Javier Olivares. Istoriotxuak margotzen eta ilustrazinoak egiten dituan marrazkilari honen lanak El Mundo, El Economista eta Público hedabideetan agiri dira. Rolling Stone, Man eta Quo aldizkariek be lankide izan dabe.

• Luis Angel Argote Martin. Vitoria-Gasteizeko artista honek eguneroko lana eskaini izan dau umore-zerrendak, karikaturak eta ilustrazinoak eginez, Noticias de Guipúzcoa, Diario de Noticias de Álava eta Deia egunkarietan.

• Luis Davila Malvido. Ilustrazinoak eta binetak egiten ditu gaur egun Faro de Vigo kazetan, eta hileroko kolaborazinoak, barriz, Galiziako Retranca umore-aldizkarian.

• Mariel Soria. El Jueves aldizkariaren ezaugarrietako bat dan Mamen ulegorriaren egilea da.

• Mel. Cadizeko marrazkilari honek be El Jueves aldizkari satirikorako lanak egiten ditu: Genaro, la brasa en casa eta 5 Asaltos. Bestelako argitalpenetan be kolaboretan dau, Diario de Cádiz izenekoan esaterako.

• Miguel Gallardo. 70eko hamarkadearen amaierako underground espainiarrean egile esanguratsuenetako bat izan zan Gallardo. Estadu mailako La Vanguardia, ABC, Fotogramas eta Qué Leer medioetan kolaboretan dau gaur egun, bai eta nazinoarte mailako Herald Tribune, New York Times eta New Yorker medioetan be. Zinemara eroan dabe beraren María y yo nobela grafikoaren egokitzapena, eta Goya sarietarako proposatua izan zan Film Dokumentalik onenaren mailan.

• Ortifus. Estilo propioa dauka Ortifusek titularretatik abiatuta egiten dituan berba jokoei esker. Hainbat mediotan kolaborau izan dau El Mago Asín personaiagaz: Diario de Valencia, El Jueves, Cartelera Turia eta domeketako Magazine de La Vanguardia.

• Paco Roca. Komikiaren Sari Nazionala eskuratu eban 2008an Arrugas nobela grafikoari esker. Zinerako egokitua izan da lan hori orain gitxi, eta Zine Akademiaren bi Goya sari irabazi ditu: Animazinoko film laburrik onena eta Gidoi moldaturik onena. Babelia gehigarrian, El País egunkariaren astekarian eta Las Provincias argitalpenetan be kolaboretan dau.

• Jose Luis Padilla (Padylla). La Opinión de Tenerife kazetarako binetak marrazten ditu 2009tik, Kanariar Irletako politikearen, ekonomiaren eta gizartearen egoerea islaturik.

• Rafa Fonteriz. Espainian, AEBetan, Frantzian, Holandan eta Alemanian, besteak beste, argitaratzen dan Kiss Comix argitalpenean lan egin dau X-Women super-heroien bersino orraztu eta ospetsuagaz. Marvel boteretsuaren Britainia Handiko filialean be lan egin dau Nocturne izeneko sailean.

• Rafael Vega (Sanson). Multiversa argitalpen-zigiluaren zuzendaria da Vega, artikuluak idazten ditu El Norte de Castilla egunkarian, eta eguneroko binetak argitaratzen ditu Sansón goitizenaz.

• Sento Llobel. Valentziako Eskola Barria izenaz ezaguna dan korrontearen partaideetako bat da, eta nabarmentzekoak dira Romance, Velvet Nights, El Laboratorio del Dr. Arnau, Cazando Millonarios lanak eta Tirant lo Blanc saila.

Taldeentzako (ikastetxeak, elkarteak, kirol taldeak…) bisita gidatuak antolatuko ditu bardintasun arloak, erakusketan dagozan binetez gozetako eta islatzen dituen mezuen ezagutza sakonagoa eskuratzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu