Unai Elorriaga: 'Numeroak egiten hasten bazara ez dozu idazten euskeraz'

Koldo Isusi Zuazo 2012-04-16 11:55   Barriketan
Mikel Martinez aktorea eta Unai Elorriaga idazlea

Bizkaie! agerkariaren 10. urteurreneko alkarrizketa berezietan hirugarrena dan honetan, antzerkia eta literaturea buztartu doguz Mikel Martinezegaz eta Unai Elorriagagaz.

Medikuntzea ikasi eta mediku lanak sekula egin ez dituan aktorea da Mikel Martinez Etxarri (Lizarra, Nafarroa, 1955). Maskarada taldearen sortzaileetakoa izan zan 1980ko hamarkadan eta azken urteotan, barriz, film luzeetan eta telebistako hainbat serietan be parte hartu ostean, gaur egun Patxo Telleriagaz batera dabil Ez Dok Hiru Bikoteatroa antzerki taldean.

Unai Elorriaga Lopez de Letona (Bilbo, 1973), Algortan bizi izan da beti eta Deustuko Unibersidadean egin ditu Filologia ikasketak. Urteak emon zituan Labayru Ikastegian irakasle, zuzentzaile, ikertzaile, itzultzaile...

2002an, Espainiako Narratibako Sari Nazionala irabazi ondoren, 2003tik idazle lanetan dabil bete-betean. Hiru nobela argitaratu ditu, umeentzako ipuin luze bat, euskal literaturari buruzko testu-liburu bat eta hainbat ipuin eta artikulu aldizkari zein egunkarietan. Munduko hainbat unibersidadetan emoten ditu berbaldiak eta bere liburuak hamar bat hizkuntzatan dagoz argitaratuta.


1.- Gai potoloa hasteko. Sormena ez dagoala krisian entzuten dogu sarri. Zein da zuon eretxia?

Mikel Martinez: sormena ez dago krisian baina zorioneko krisiak ez deutso bape mesederik egiten sormenari. Antzerkiak literatureak baino gehiago sufriduten dauela esango neuke. Antzerki lanetan jente gehiago dabil tartean eta diru-laguntzinoak eta emonaldiak be gitxiago dira gaur egun.

Unai Elorriaga: literaturan errazagoa da, inprimategi eta argitaletxe asko dago eta edizino digitalak be hor dagoz. Digitalean argitaratzeak gastuak murriztea ekarri dau, inprimategirik, banaketarik eta bitartekaririk ez da behar. Word edo pdf dokumentua Interneteratu eta aurrera. Halan da be, krisiarena aitatu dozu eta nik esango neuke krisiak piztu egiten dauela sormena, akulua dala gauza barriak egiteko.

M.M.: sortzeko gogoa krisiaren gainetik egon beharko litzateke bestela akabo. Gero, jakina, krisiagaz zein krisirik barik, onerako edo txarrerako ez dakit baina Internet hor dago. Susa argitaletxeak aspaldi emon eban aukerea prezio zehatzagaz liburuak deskargetako beti be pagetearena erabiltzailearen borondatearen esku itxita.

U.E.: koloka unean gagoz, jenteak ez daki ondo nondik nora jo eta legeak be hutsuneak daukaz. Denporeagaz Internet be kontrolauko da telebista, zinea, egunkariak eta dana kontrolau dan moduan. Helduko da momentua Internetetik dobaneko deskargak galarazoko dirana eta hortik aurrera merkatu normala izango dala pentsetan dot. Antzerkian, musikan, zinean, literaturan diru asko mobiduten da diru hori galtzen ixteko.

M.M.: denporeak esango dau baina Internet aroa hasi baino ez dala egin esango neuke, hor bide luzea eta emonkorra dago.


2.- Antzerkian eta gidoigintzan hutsunea dagoala uste dot, gitxi sortzen da arlo horreetan eta sarritan literaturan bilatu behar da zinerako zein antzerkirako gidoia. Zoritxarrez, bide horretan gauza asko galtzen dira zinerako zein antzerkirako beren beregi sortu beharrean... Guk Tartean Teatroa-ren barruan, Ez dok Hiru, Tartean eta Mari de Jongh proiektuak daukaguz eta saiatzen gara gidoiak euskeraz egiten eta baina hor bidea dago jorratzeko...

U.E.: nik Patxo Telleriagaz egin neban ikastaro bat gidoigintzan trebatzeko eta gero beste pare bat be egin dodaz baina ez neban hor biderik ikusi. Pena da baina antzerki lanak irakurteko jokerarik ez dago, antzerki lanetarako gidoirik ez da idazten eta horregaitik derrigor hartu behar dira liburuak edo filmak moldaketak egin eta antzerkira eroateko. Badakizu SPrako tranbia nire liburua oinarri hartuta Aitzol Aramaiok Un poco de chocolate filma estreinau ebala 2008an.

M.M.: bai, badakit eta gustau jatan. Kontua da ze antzerki talde gitxi gabilzala eta urtean antzerki lan gitxi aurkezten dirala, besteak beste, antzerki produkzino batek lan handia dakarrelako eta arrisku handia dalako, izan be, programatzaileek antzerki talde eta obra 'seguruak' baino ez ditue gura. Ganera, gizartean, oro har, antzerkia ez dala hain erakargarria pentsetan dot, jenteak ez dau antzerkirik eskatzen, segurutik beste arte diziplina batzuen alde egiten dalako erakundeetatik. Antzerkiaren sustapena falta da eta, esangura horretan, guk geure ekarpentxua egiten dogu Kafe Bar Bilbao Teatro Laburreko gidoien lehiaketea antolatuz, aurten X. edizinoa izango da; igaz, Fredi Paia izan zan irabazlea euskerazko atalean.


3.- Euskeraz produzidutea balio erantsia ala mugea da zuretzako Unai?

U.E.: horri begira ezin gara egon. Euskerea zein beste edozein hizkuntza komunikazinorako tresna baino zeozer gehiago dira. Euskerea da geurea, txikitatik jaso doguna eta bestelako azalpenik ez da behar, ezagutzen eta sentiduten ez dodan hizkuntzan ezin dodalako zentzunez ezer adierazo. Nik badakit 600.000 irakurle potentzial daukadazala, gitxiago egia esateko, ze tartean umeak eta euskeraz irakurten ez dabenak be badagozalako. Numeroak egiten hasten bazara ez dozu idazten euskeraz. Inglesez, frantsesez edo gaztelaniaz idazten badozu diluitu, galdu egiten da zure lana eta guk beste suberte bat daukagu ze euskeraz idatzita irakurle potentzialak askoz gitxiago izan arren, hemengo produkzinoari jaramon gehiago egiten jako, egiten dan guztia irakurri edo ikusten da. Aberastu ez gara aberastuko baina libre sentiduten naz nahi dodana idazteko.

M.M.: nire apustua argia da, antzerkia euskeraz egitea. Euskalzaletasunetik abiatu eta gero zaletu nintzan antzerkira eta gaur egun ez neuke antzerkirik egingo euskeraz ez bada, munduak eta euskal kultureak egile bikain bat galduko leukie... Bestetik, zeugaz bat nator, gure publiko potentziala urria da baina lan itxurosoa eginez gitxi horreetara heltzen zara.


4.- U.E.: bai, baina bizimodua zeozelan atara behar da, ezta? Zu zeu medikua zara...

M.M.: bai, baina lau bat hilebete baino ez nituan egin mediku lanetan. Gaur egun antzerkiaren profesionala naz baina bizimodua ostalaritza negozio bati esker ataraten dot. Nigaz antzerkian dabilzan batzuei antzerkiak emoten deutse jaten, urteak daroez horretan baina ez da bape erraza, azkenean, danetarik egin behar dozu, antzerkia, zinea, telebista, gidoigintzea, bikoizketa lanak...

U.E.: literatura munduan, bardin. Hainbat saltsatan ibili behar zara bizimodua atarateko, prentsan artikuluak idazten, berbaldiak emoten, irakurle klubetan parte hartzen, telebistarako gidoiak idazten, antzerki lanak moldatzen... Idaztetik bizi naz bai baina literaturatik ez. Hori da kirolari bati esatea lez -kiroletik bizi zara-, goizean entrenau eta arratsaldean, portuan zakuak deskargetan dabilenari.

Nobela bat idazten hiruzpalau urte egiten dozuz eta 15.000 ale inguru salduta, ale bakotxeko euro bat irabazten dozu, atara kontuak. Bitartekari asko dago tartean eta gitxien irabazten dauena idazlea da, % 10 inguru. Irakurleak, barriz, gitxi gorabehera, 20 euro pagau behar ditu liburuko. Holan ez gabilz ondo. Internet izan daiteke bidea nahiz eta oraindino gauza asko egon kontrolau, zehaztu eta arautu barik. Susa aitatu dogu lehen eta oso oker ez banago, liburu bat 4 bat euroan deskargetan bada, euro bi dira egilearentzat. Hori da normalena eta naturalena.

M.M.: nik uste dot sistema ona dala hori eta zentzunezko prezioak jarrita jenteak onartu eta pagauko dauela. Antzerkiaren kasuan, barriz, Internetek ez dau balio, antzerkiaren grazia eta enkantua zuzenekoan dago, aktorearen eta ikuslearen arteko hurrekotasunean.


5.- Gaia aldatuta, oraintsu izan da Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna eta Liburuaren Egunerako egun batzuk falta dira. Beharrezkotzat joten dozuz horreek egunak?

U.E.: Liburuaren Egunak bereziak izaten dira, aurkezpenak, berbaldiak eta liburuak pilatzen dira egun horreetan eta gero hiru hiletan ez daukazu ezer. Gauza onak eta txarrak ikusten deutsedaz holako egunei.

M.M.: holako egunek kalterik ez dabe egiten. Egun horreen inguruan nahikoa zaparrada izaten da komunikabideetan eta herritarren bizitzan holako aitamentxu bat ondo datorrela esango neuke, jakitun izan gaitezan antzerkia edo liburua edo dana dalakoa existiduten dirala.


6.- Portzierto, antzerkizalea zara Unai?

U.E.: bai, banaz. Ahal dodanean joaten naz, orain umeagaz gitxiago baina bai gustetan jat. Ikusi dodan azkena Wilt, panpina puzgarriaren hilketa izan da Ados Teatro taldearena. Zuenak be danak ikusiko nituan segurutik...


7.- Eta zein da irakurri dozun azken liburua?

M.M.: ez dozu sinistuko baina SPrako tranbia da irakurri dodan azkena. Orain hiru bat urte irakurri neban baina ahaztuta neukan eta Bizkaie!-koek zeugaz hitzordua jarri eustienean, barriro irakurtea otu jatan. Horrezaz aparte, Mikel Antzaren lehenengo nobelea Ospitalekoak irakurri dot oraintsu.


8.- Polito doa barriketaldia baina amaitzen joateko, zertan zabilze orain, zeintzuk dira zuon erronkak?

M.M.: Lingua navajorum lan barria preparetan gabilz eta ezustekorik ezean, aurrestreinaldia Bilboko Kalderapekon lehentxuago eta bagilaren 1ean estreinauko dogu Leioan. Umore errazekoa ez bada be, jenteak ondo pasauko dau seguru, aurrekoetan lez.

U.E.: orain pare bat urte hasi nintzan proiektu potolo bategaz, biolentxiaren inguruko nobelea, saiakerea, ipuina... Oraingoz danetarik dauka baina geroak esango dau. Neska baten lehenengo 40 urteak kontauko dodaz; bizitza normala biziten dagoan bitartean, munduan gertatzen dan biolentzia zurrunbilo guztia kontauko dot. Dokumentazino lana sekulakoa da, ETA, Guardia Zibila eta GAL taldeei buruzko txostenak irakurri dodaz eta Ruandako egoerearen ganean be zazpi, zortzi liburu irakurri dodaz eta beste hiruzpalau daukadaz irakurteko, Guerras justas, Sobre la violencia... Apal oso bat daukat biolentziagaz lotutako liburuakaz beteta.

Oraindino 32 orrialde baino ez dodaz idatzi baina liburuan 70 izan daitekez ze eskuz idazten dot, holan nabil eroso zuzenketak eta egiteko, zeure letrei errespetu gitxiago daukotzezu eta zuzenketak errazago eta bildurrik barik egiten dodaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu