Alex Sardui: 'Ahotsa zaintzeko onena arimea zaintzea da'

Koldo Isusi Zuazo 2012-04-10 10:09   Barriketan

Alex Sardui eta Mikel Urdangarin

Gatibu taldeko abeslari Alex Sardui gernikarra eta Mikel Urdangarin zornotzarra aurrez aurre jarri ditu Bizkaie!-k. Hitzordua jartea ez da gatxa izan lagun handiak dira eta. Zuzenekoakaz dabiz biak, Angel Celada bateria (Itoiz, Mecano, Orquesta Mondragon, El ultimo de la fila, La Union, Revolver...) barriagaz dabil Mikel musikea eta jantzea buztartzen dituan Nora ikuskizunagaz eta Gatibuk, barriz, lehenengoz jo dau atzerrian, Irlandan, hain zuzen be. Hortik tiraka ekingo deutsee barriketaldiari eta tarteka marteka diskogintzea, sormena, inspirazinoa, euskeraz kantetea eta krisia lako gaiak erabiliko ditue...


1.- Mikel Urdangarin: gurean eta inguruetan makinatxu bat kontzertu emon ostean, aurten lehenengoz egin dozue salto atzerrira, Irlandara, zehatz esateko. Zelako esperientzia izan da?

Alex Sardui: ederra, han euskaldunoi ondo tratetan gaitue, ondo esan eta hartu deuskue eta oso pozik gagoz. Gure ilusinorik handiena zan, kanpora urten eta ikustea jenteak zelako harrerea egiten euskun bai musikearen zein hizkuntzearen aldetik. Jenteari ezagutarazo gura izan deutsagu euskaldunok bizirik gagozala zentsu guztietan. Eta ikusi dogu kanpoan be badagoala zaletasuna, jenteak talde eta erritmo barriak ezagutzeko gogoa daukala.

M.U.: horixe pentsetan dot nik be. Kanpoan kantetan dodanean, euskeraz, geure hizkuntzan eta jentea entzuten, jantzan, disfrutetan ikusten dodanean, harro sentiduten naz ze euskerea Euskal Herritik atara eta Irlandan, berbarako, tarte laburrean baino ez bada be bizirik egon dalako. Euskerea bizirik arnastea hemetik kanpo be sano garrantzitsua da.

A.S.: euskal musikea euskereagaz lotzen da eta kanpoan jentearen berotasuna ikusita puztu egiten zara. Zu be kanpoan ibilitakoa zara eta badakizu Irlandan zelakoa dan egoerea euren hizkuntzeagaz; gaelikoa galbidean dagoanez, euskereari aparteko garrantzia emoten deutsie eta inbidia puntua be badaukie euskereari bizirik eusten deutsagulako. Horretan aurretik goaz.

M.U.: hizkuntza kontuan, Irlanda, Eskozia eta Galeseko kasuak hor dagoz. Galesen nik dakidala hobeto dagoz gauzak. Musika arloan, barriz, Irlandako musikea sano indartsu dabil munduan eta hor bai gu baino askoz aurrerago dabiz; guk ez dogu asmau kulturea osotara, baina musikea eta hizkuntzea ardatz hartuta, munduratzen.


2.- Espainian kantetan ibili nazenean, beti hurreratu izan jat bateren bat eta gaztelania jakinda ia euskeraz zergaitik abesten dodan itauntzen deustana. Inglaterran, Eskozian edo New Yorken sekula ez dustie holako itaunik egin. Errespetu ezaren seinale moduan hartzen dot itauna. Zuori pasau jatzuez jolakoak?


A.S.: bai, geuk be entzun behar izan doguz holakoak baina gure erabagia argia da, euskerea da gure hizkuntzea eta euskeraz kantetan dogu. Euskeraz jakin arren, erderaz kanteteak mugak zabaltzen deutsuz, jakina; euskeraz kantetan dogunok, barriz, harrera eskasagoa dogu Espainian eta euskeraz kanteteak disko salmenta eskasagoak dakarz. Gaiaren harian, Euskal Telebistan be ibili naz Bi errepidean programan beharrean eta inoiz esan neutsien buruei hain programa atsegina izanik, ia gaztelaniaz zergaitik ez zan egiten eta erantzuna beti zan bardina: euskaldunak garelako. Geuk be horregaitik egiten dogu euskeraz.

M.U.: neuk be euskeraz egin dot beti nahiz eta etxean aitagaz erderaz eta amagaz euskeraz egin. Zeozergaitik ama hizkuntzeak irabazi eban eta euskeraz sentiduten dot. Nik badakit gaztelaniaz edo inglesez be kantau neikela baina euskerea da nire apostua, nire jarrera militantea. Ganera, kantagintzearen arlora joanda be, ikusi izan dot euskeraz kantauta be mundutik ibili daitekela eta euskeraz ez dakianari be ekarpentxua egiten deutsegula.


3.- Euskeraz eta bizkaieraz kantetan eban Exkizuk lehen eta Gatibuk orain eta horrek zeuon musikeari aparteko zigilua emoteaz gan, publikoagazko hartu-emon afektiborako be sano positiboa izan da...

A.S.: sarri entzuten dogu euskalkiagaz batua aberastu egiten dala eta nik esaten dot batuak zergaitik ez dau aberasten euskalkia... Hortik abiatuta guk bizkaieraz egiten dogu, geure-geurea dalako. Ganera, oinarrian euskerea da hor dagoana, danok gara euskaldunak eta bakotxak bere herrikoa erabiltea da normalena.

M.U.: batzuentzat exotikoa izango da bizkaieraz kantetea baina euskalkian norberaren izakerea eta esentzia dago eta izakerearen indar horretan sortzen da amua eta entzuleagazko zubia. Nik neuk be bizkaiera idatzia erabili izan dot kantu batzuetan baina zeuok kaleko darabilzue eta hori be ondo dago.

A.S.: Kike Amonarrizegaz eta berbetan horixe komentetan izan dogu, euskereari kalekotasun apur bat, jerga falta jakola eta nik pentsetan dot bizkaiereak badaukala kaleko jerga ukutu hori.

M.U.: entzuleakazko transmisinoa, komunikazinoa bermatzea da kontua, siniskorra izatea. Lehenengo norberak sinistu behar dau egiten dauen horretan eta holak jokatuz errazago helduko gara entzuleakana.


4.- A.S.: Gurean bertsolariak eredu doguz, berbei aparteko garrantzia emoten deutsegu eta nik esango neuke herri mailan kanpoko hizkuntzetan baino inportanteagoa dala hemen gure berbategia. Euskerea beti zaindu izan dogu eta bertsolaritzeak be mesede handia egin deusku...


M.U.: duda barik. Inglaterrara bazoaz, pop eta rock kulturan ez dago hemen hitzetarako daukagun jeloskortasunik; hemen poeta hutsa izan behar zara ze beti konparauko zaitue euki doguzan artista handiakaz, Lete eta bestelakoakaz. Kanpoan, barriz, zorroztasunik ez dago, tontakeriak idatzi eta kantau daitekez, absurdo bat kantau daiteke. Guk, ostera, zeozelako beharra sentiduten dogu trasnszendentalera joateko eta horrek sarritan ito egiten gaitu. Bertsolaritzea zelako mailan dabilen danok dakigu eta hori oso mesedegarria izan da, danok be mailatxua emoteko beharrizana sentiduten dogulako. Inongo diziplinatan ez dago munduan musikea, berbea eta esanahia lotuta bertsolaritzan lez.

A.S.: bertsolariek musikan, kantuetako berbak sortzen eta lan handia egin dabe eta horrek, duda barik, kantu hobeak sortzea ekarri dau. Euskaldunok nahikoa zorrotzak gara eta gaietan be aniztasuna eskatzen deutsue. Inglesezko kantuetan, barriz, gaiak eta ez dira hain transzendentalak. Hemen berba eta esaldi bakotxean, estribilloko sarrera bakotxean garrantzizko gauza bat esan behar dozu jentea engantxetako. Akaso ez gara izango munduko kulturarik zabalena baina subertea daukagu gazteek kulturadunak dirala, zorrotzak eta ondorioz geuk be aparteko lana egin behar dogu. Hori bai, behar hori egin eta gero, euskal letrak sano aberatsak dira. Euskal Herriaren historian penak kentzeko abestu egin da beti, bertsolaritzea existidu da, eredu sendoa dogu hor eta jarrera horri eusten deutsagu gaur egun be.


5.- M.U.: ahotsa da gure tresna eta zuk Alex zeozer berezirik egiten dozu ahotsa jagoteko?

A.S.: ahotsa zaintzeko onena arimea zaintzea da. Animoso bazagoz eta gogotsu ahotsak erantzun egiten dau. Abeslariok daukagun aberastasuna hor dago ze ez dagoz abeslari bi ahots bardinagaz. Abesteko doinu eta era diferentea daukagu danok eta Euskal Herrian bakotxak bere estiloan, kantaeran eta doinuan kantauta, abeslari bikainak daukaguz. Eta egia da abeslari bikaina izan barik be barruan daukiena trasmitiduten dakien abeslari onak be badagozala.

M.U.: zugaz nago. Nozonoz arazoren bat edo beste euki dot eta orain badakit ahotsa galdu arren, garrantsitsua dala ez arduratzea, joan dan lez etorriko dalako, pentsamendu horrek asko laguntzen dau. Gero, urteen porasuz ahotsa aldatu egiten jake batzuei, gorpuztu, grabetu egiten jake baina batzuk ahots doinuari eusten deutsie bizi guztian. Edozelan be, ahotsa ondo eukiteko eta ondo kantetako oinarrizkoa da norbera ondo egotea, oso somatikoa da ahotsa; berehala ikusten dozu persona bat txarto dagoanean, berbarako, telefonoaren beste aldean daukazunean. Begiradan be dana igarri daiteke baina ahotsean be bai.

Badagoz egon bape zaintzen ez diranak, erre eta edaten dabenak, kalamitoso hutsak...

A.S.: neu bat...

M.U.: ...desorden horretan dabilzan batzuk, barriz, aingeruen moduan transmitiduten dakie eta, beraz, araurik ez dagoala pentsetan dot.


6.- A.S.: Zorioneko krisia be hemen dogu eta kaltea danean igarri da baina bolada bateko herri txikietako kontzertuak eta hor egoan espiritua eta biziten zan giroa desagertu egin dira. Erru guztia krisiari bota beharrean, musikariok horren gainetik egon behar dogula eta egon garela pentsetan dot...

M.U.: alkoholemiak kalte handia egin dau horretan... Istripuak ez dakit murriztu diran baina kontzertuak eta ez dakit ba...

A.S.: asko be kontzertu gitxiago egiten da gaur egun eta salmenta kontuan egoerea larria da; era digitalean sartu ginanean, danok pentsau genduan etorkizuna hor egoala baina azkenean kaltegarria izan da ze pare bat urte egin zeinkez disko bat preparetan, diskoa aurkeztu eta bertan egunean zale batek kantu danak ipinten ditu Interneten, guri pasau jakun lez. Politikariei esango neuskie kanpotik patatak, tomateak eta orioa ekarri eta hemengo prezioen parean geratzeko diru-laguntzinoak izaten dirala eta guk, ostera ez dogu sekula diru-laguntzinorik jaso, batzuk bai, ostera. Holan segiduten badogu, nik ez dot uste denpora asko egingo dauenik euskal musikeak, talde barrientzako aukerarik ez dago. Beti esan izan da behin burua erakutsita eustea izaten dala gatxena baina gaur egun burua erakustea da gogorrena. Laguntzino eta babes faltea dago.

M.U.: gatx egon da beti egoerea eta benetan larria da egoerea gaur hemen eta Espainian, Eskozian eta Inglaterran. Beti egon da gatx musikatik bizitea. Euskal Herrian, gure mundu fisikoa txikia da ganera eta horregaitik da inportantea urtetea, horrek geure buruari egiten deutson mesedeagaitik baino ez bada be. Krisiak bazter danak jo ditu baina proportzino handiena kultureari kendu jako. Politikariei ahoa betetan jake kultureagaz baina Euskal Herrian ez dot pentsetan politika seriorik egon danik, berbarako, kulturea jagon eta mundura zabaltzeko asmoz. Igoal munduko hizkuntza zaharrena da geurea, bizirik dago, ahotan darabilgu musikariok be eta hori ez da behar dan moduan sustatzen.

Diru-laguntzinoak be aitatu dozuz eta esan behar da kulturea defizitarioa dala, ezin dozu planteau kontzertu bat, kulturea, oro har, onura edo galeratan, negozio jarreran oinarrituta. Kontua da ze herri hau sustatzeko diru piloa erabilten dala defizita onartuta, berbarako, hezkuntzan edo osasun arloetan. Estrategikotzat hartzen diran arloak gehiago jagon beharko litzatekez baita kulturea be.

Dana dala, beti negarrez ibiltea be ez da bidea; guk egin behar doguna da sortu, lan egin; olatua ez badator geuk sortu behar dogu olatua edo uhina. Eustea da inportanteena ze zorionez sormena ez dago krisian.

A.S.: bai. Adituek dinoenez, krisia amaitzen danean, manteniduten diranak tirauko dabe aurrera. Jente asko geratuko da bidean baina arriskuak hartuta eta sufriduta baino ez bada be, aurrera egitea da botikea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu