Xabier Amuriza: 'Euskera jasoa aldarrikatzen dot'
2012-04-02 10:19 BarriketanAmuriza aita-alabak aurrez-aurre jarri ditu Bizkaie!-k, agerkariaren 10. urteurrenaren harian preparautako 4 alkarrizketa-bikote berezietan lehenengoa.
Xabier Amuriza (Etxano, 1941) bertsolari txapeldun (Euskal Herriko txapelduna 80an eta 82an), idazle, itzultzaile eta ikertzaile jardunean ezagutzen dogu. Miren Amuriza Plaza (Berriz, 1990) bertsolaria da, Xabier Amurizaren eta Arantza Plaza bertsolaritza irakaslearen alabea. 2008ko Durangaldeko Bertsolari Txapelketako txapeldunordea da eta azken urteotan Berrizeko Bertso Eskolako arduraduna. Gaur egun Euskal Filologia ikasten dabil Gasteizen.
Besteak beste, bertsolaritza klasikoaren eta gaur egungoaren arteko gorabeherak, euskera bizia, jazoa, mendebaldeko euskalkia lako gaien ganean barriketaldi mamitsua jaso dogu gure idazgelan.
1.- Oso oker ez bagagoz lehenengo bider zagoze alkarregaz grabagailua aurrean daukazuela...
Miren Amuriza: bai, holan da.
Xabier Amuriza: bai eta polita izan daiteke, ezkaratzean aurrez-aurre bagengoz lez ia zerk urteten dauen…
2.- M. A.: aste barruan ez gara asko ikusten baina sarri entzuten zaitut irratiz edo bateren batek esaten deust entzun zaitula ez dakit non. Etxean, orduak eta orduak ikusten zaitut ordenagailuaren aurrean eta askotan esaten dot zure beharra iceberg baten modukoa dala, ze puntea baino ez dogu ikusten baina hor atzean zer dagoan misterioa da. Euskerearen inguruan beharrean eta badira urte batzuk hasi zinala. Ze gorabehera nabarmenduko zeunke?
Xabier Amuriza: makinatxu bat lan egin dodaz arlo horretan baina Euskara batuaren bigarren jaiotza izenekoa nabarmendu gura neuke. Horri tiraka hor zehar ibili izan naz baina gaiari gehiago eragin gura neuzkio, eztabaidarako gaiak badagoz hor, ekarpenak be bai. Baina liburua argitaratu eta pare bat berbaldi kenduta ez jako jaramon larregi egin. Gaiaren harian, gauza batzutan aurerra egin dogu baina atzera be bai beste batzuetan. Lehia handia dago, hizkuntzan ez gagoz bakarrik, hizkuntzan handien ondoan gagoz eta euskereak, batez be, euskera idatziak aurrerapen batzuk behar dituala pentsetan dot sintaxian, lexikoan eta.
3.- M. A.: Hain ondo ez dagozan arloetan ze pausu emongo zeunke?
X.A.: sarri esaten da sekula ez ei dala gaur baino hobeto idatzi baina sekula ez ei da berba egin gaur baino txartoago. Euskera idatzian, arautze zein normalizazino kontuan aurrera egin da baina arlo handiak dagoz hor, itzulpen lanak edo dana dalakoak egiten gagozanean hiztegietarako joten dogu egunean 50-100 bat aldiz, ez dogu soluzinorik topetan, buruhauste handiak izaten doguz, erispide asko dagoz... Kalidadearen kontrol oso gitxi ikusten dot, maila guztietan zabarkeria handia, euskañoltzen doan euskerea darabilgu, daukaguzan baliabideak eukita, hizkuntzearen kalidadearen kontrol handiagoa beharko geunke baina kontzientzia oso gitxi dago. Bide luzea dago egiteko eta batzuetan susmoa izaten dot euskaldun asko ez ete dagozan interesauta bide luze horregaz.
Ahoskorako, barriz, egunerokoan bizkaieraz gabiz bertokoakaz, gipuzkeraz gipuzkoarrakaz, iparraldekoakaz ahal dan moduan eta holan gabiz baina hizkuntza nazionala, euskaldun guztion tresna interesetan jat. Eta guztiaren gainetik euskera jasoa aldarrikatzen dot.
4.- M.A.: zein da euskalkien eta gure kasuan bizkaierearen lekua?
X.A.: nik neuk maila guztietan erabilten dot bizkaierea, Bizkaian bertsotan nabilenean, salbuespen batzuk kenduta, gehienetan bizkaieraz kantetan dot. Zuk ez dozu gogoratuko baina behin Bizkaiko final batean inork be ez eban bizkaieraz egin. Hor hasarratu egin nintzan, bertsolaritzea bada ahozko hizkuntza baten hurreko adierazpena, bizkaieradunok ezin dogu onartu holako hutsunerik. Zorionez, gaur egun gitxi baina bizkaierea entzuten da bertsotan, baita txapelketetan be. Dana dala, bertsotan entzuten dan bizkaiera eredua apur bat jagon egin beharko litzatekela pentsetan dot, bizkaiera jasoa, bizkaiera batua erabili beharko litzatekela eta ez, bakotxak bere etxean, lagunartean erabilten dauena. Nire ustez ezin dogu bertsotan egin berba egiten dogun moduan.
5.- M.A.: bertsolaritzearen bidez hasi zinan hizkuntzea lantzen baina ikasketak erderaz egin ostean, zelako hizkuntzea topau zenduan bertsotan eta idazten hasi zinanean?
X.A.: idazten hasi nintzanean seminarioan nengoan eta euskerea ilunpean egoan, zapalduta, txarto ikusita. Umezaro eta gaztaro gehiena, 18-20 bat urtera arte edo ilunpe horretan pasau genduan. Hortik aurrera hasi ginan bizkortzen, 60. urte unguruan. Geurea bizkaierea zan, euskerea dana zala bat pentsetan genduan baina seminarioan jaubetu nintzan leku bakotxetik euskera diferenteak etozala, euskalki eta azpieuskalkiakaz hortxe izan nituan lehenengo hartu-emonak eta holan hasi nintzan Arratiako berbategia, Durangaldekoa, kostakoa, Bermeokoa, Lekeitiokoa, Lea Artibaikoa ikasten. Eliza zan orduko foro nagusia eta abadeek euskera jasoagoan egiten ebenez, horixe egin behar zala ikasi genduan. Bertsoakaz be holan hasi nintzan, asko ikasi nituan, ehundaka, milaka, Bizkaiko testuak irakurri nituan Altuberen ereduetan eta; Iparraldeko tradizinoan Axular-egaz ezusteko handia hartu neban baina atzera Bizkaira etorri nintzanean, ezusteko handiagoa hartu neban Mogel-egaz. Euskerearen aniztasun horrek poza emon eustan baina ernegugarria be bazan ze euskaldunak ez gara asko eta hain gitxi izanda, diferentzia hain handiak izatea... Batuagaz, kartzelan egin neban bat. Hortxe heldu jatazan batuaren kontuak eta kopla barik onartu genduan euskalkiakaz batera hizkuntza nazionala behar zala.
6.- X.A.: lehengora etorrita, sarri eztabaidatu dogu eta esan deutsuet, bertsotan ia zergaitik ez dozuen euskera jasoagoa erabilten. Pentsa lei baloretzat daukazuela kalean berba egiten da moduan kantetea...
M.A.: nik etxean, zuokandik ikasi dot bereizten leku bakotxean ze berbeta erabili. Nire inguruan, barriz, jente askok bizkaiera jasoa ez erabilteko arrazoi nagusia da ez dakiela, ez dabela menperatzen. Askok dinoe egingo leukiela baina ez dabela aukerarik izan ikasteko. Dana dala, azken aldion askok ikasi dabe eta gaur egun normaltasunez erabilten dabe. Hori bai, azpimarratu gura neuke, berstolaritzan ez eze, ganerakoa arloetan be bardin pasetan dala, ez dago kontzientziarik. Irakasle batek esaten euskun, batua, hizkuntza nazionala eta lagunarteko batua bereiztu behar zirala egoeren arabera erregistro bat ala bestea erabilteko. Eta euskalkiak altxorra bai baina herri zatitu baten isla dirala esaten eban.
7.- X.A.: ez deustazu erantzun. Ez dozu pentsetan baloretzat hartzen dabela batzuk kaleko euskerea eta danetarako erabilen dabela hori?
M.A.: bai, zeugaz bat nator eta holan jokatzeko arrazoien artean, esan deutsut lehen, ez jakitea, lotsea... Baina kaleko berbetea erabiltea aurrean dozun jenteagaz, etzuleakaz hurrago sentiduteko edo izan daiteke, ez dakit. Gauza bat esango deutsut, Euskal Filologian, 4. mailan, oso gitxik, bakarrak ez esateagaitik, ez gaitue behartu aurkezpenak batuan egiten; 30 gara gelan, Euskal Herri osokoak eta batzuei ulertzea asko be gatxagoa izaten da. Behartu gaituenean, barriz, batzuk sufridu egin dabe batuan. Sano deigarria da ze karrerea amaitu eta eskolak emoten bagoaz edonora, guk filologook ez badakigu batuan berbetan eta gu ez bagaitue preparau horretarako, ia nork egingo dauen.
8.- Gaia aldatuta, oraintsu kantetan hasi aurretik bertsolarien garunean ze prozesu dagoan aztertu dau Basque Center on Cognition Brain and Language zentruak jokabide probak zein erresonantzia magnetikoak eginez ama-hizkuntze euskerea dogun batzuoi. Zein da zure eretxia?
X.A.: ez dakit hortik zerk urtengo dauen baina notezi edo fantasmada itxura gehiago hartzen deutsat ze arlo neurologikoan eta ze atara leiken ez daukat itxaropen larregirik. Gure buruan ez dago aparteko miraririk, bertsolaritzea ez da gauza misteriotsua, bertsolari baten funtzionamenduan egiten dan atzekoaz aurrerako bide hori askok egiten dabe, eskiatzaile batek, hizlari on batek non eta zelan amaituko daben ez badaki jai dauka. Beste arte diziplina batzuk aitatzearren, niretzako askoz gatxagoa da Mozart bat izatea edo matematikari ona izatea bertsolari ona izatea baino. Beraz, esperimentu horren ganean ez daukat itxaropen handirik.
M.A.: Jarrera edegia da neurea eta zientziak zeozelako ekarpena egin baleike, aurrera. Ikerketa lana da eta bertsolaritza arloan zergaitik ez doguz egingo holakoak. Beste gauza bat da komunkabideetan zelako tratamendua emoten jakon horri.
9.- X.A.: Beste kontu bar: bertsolaritza klasikoaren eta egungoaren artekoaz, erregistro kontuan eta eta kalidadeari jagokonez, nik uste dot askoz aurreratuagoak izan zirala bertsolari klasikoak, eskolatu bakoak gaur ondo eskolatu eta unibersitarioak baino...
M.A.: bertsolaritzea gizarteagaz batera aldatzen da eta hori ukaezina da. Eretxi danak dira onargarriak baina bertsolaritzeak iraun badau eta gaur egun daukan arrakastea badauka da momentuan momentuko gizarteari erantzuten jakin dauelako. Gaur egun gaztea da bertsolaritzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!