Josu Camara: 'Krisi sasoi honetan, gehienbat antzezlan errentagarrienak programetan dira'
2012-03-26 13:11 BarriketanAntzerkiak be badauka nazinoarteko eguna egutegian, hain zuzen be martiaren 27a. Antzerkiak ez dau sasoi gozorik bizi Euskal Herrian, krisia dala-eta konpainia askoren egoera larria, eta euskeraz behar egiten dabenena oraindino larriagoa eta estuagoa. EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Alkarteko buru Josu Camara antzerkigileak euskerazko antzerkiak bizi dauen egoera eta erronken barri emon deutso Bizkaie!-ri. Camarak ondo ezagutzen dau euskal antzerkigintzearen mundua, izan be 35 urte daroaz lanean, Kukubiltxo taldean.
1.- Martiaren 27a, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna. Zelan dago antzerkia gurean, Euskal Herrian?
Antzerkiak, orokorrean, bai Euskal Herrian bai Estaduan, golpe gogorra jaso dau. Programazinoa murriztu egin da, baina horrezaz gan, lanak egiteko, sortzeko laguntzak eta ikusleak be gitxitu egin dira. Egoera horretan, joerea izan da gauzarik errentagarrienetara joatea, eta holan, antzerki mueta jakin bat batez be programetan dabilz gaur egun. Krisi sasoi honetan, gehienbat antzezlan errentagarrienak programetan dira. Administrazinoek gizarteari eskaintza zabala emoteko ardurea euki beharko leukie, eta gizartearen heziketea zeozelan bideratzeko, eta ez bakarrik alde komertzialetik.
Aspaldiko urteetan kulturearen eta antzerkiaren industriaren ganean berba egiten dabe, baina arteak eta kultureak beste funzionamendu bat behar dabe, ez hain industriala eta ez hain ekonomizistea. Herri batek zer sortzen dauen jakin behar da, eta hori zabaldu. Sorkuntza lanak zabaltzeko jardun horretatik zaleak agertuko dira, gogo bat, afizino bat, eta mila balore bere bai. Euskerea, egoera horretan, balorea baino trabea da. Euskal Herrian bizi garenok bizi gara, guk ez daukagu herri handi bat, ez daukagu biztanle piloa; orduan, euskeraz behar egiten dozunean, badakizu ikusle kopuru ez oso handi batentzako zabilzala. Ganera, ikuspe potentzial horretatik, antzerkira batzuk besterik ez doaz.
Gure lanak ez dau momentu honetan bultzada handirik nabari ez jentartetik ezta admnistrazinoetatik be. Krisi sasoian diru gitxiago inbertiduten da kulturan, eta antzerkian, gitxiago. Jakina, errazagoa da diru kopuru bera gastauta, antzezlan komerzialagoa ekartea kanpotik, beste hizkuntza batean, bertako obra bat programetea baino. Egoera gatx horretan gagoz, hain zuzen be, 2012ko Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean.
2.- Urte askotako ibilbidea daukazu, egoera on eta txarrak biziko zenduzan, gaur egungoak aspaldiko gatxenak dira?
Nik baietz esango neuke. Aspalditik egoan krisialdiaren mamua gure artean, baina hain agirian egon orduko guk igarri genduan euskal antzerkiak beherakada handia izaten ebilela programazinoetan. Eta beherakada horrek eragin eban euskal antzerkiagaz edo euskerazko antzerkiagaz konpromiso handia euken konpainia batzuek gaztelaniaz egindako lanei garrantzi handiagoa emotea. Izan be, jarduera industrialaren ikuspuntutik, gu oso oso estu gabilz. Azkenaldian, arnasa bakarra hasten dabilzan talde gazte eta barrietan ikusten dot. Euren ekimenean negozioa edo egitura jakin bat mantentzeko beharrak baino afizinoak indar handiagoa dauka. Diru aldetik, libreago dira, eta kasu askotan gaiak edo moduak aukeratzean be askeago dabilz. Antzerkia egiteko modu barriak, ausartago sortu dabe. Edozelan be, hori guztiori mundu horretan sortzen dabil, ez dakit amateur esan edo erdi profesional edo gazte, baina arlo horretan bai sikeran. Nire ustez, hortik etorriko da euskal antzerkiaren belaunaldi barria. Eurekaz, nire eretxi personalean, itxaropenerako leiho bat zabalik dago, atetxu bat. Jentea existiduten dan neurrian, antzerkia hor egongo da, antzerkia jentetarra dalako, eta euskal antzerkiak be eukiko dau bere txokotxua.
3.- John Malkowich aktore eta zuzendariak idatzi dau aurtengo Antzerkiaren Nazinoarteko Eguneko mezua. Hau dinotse antzerkigileei: Garai daizuela ezbeharra, zentsurea, pobrezia eta nihilismoa, izan be, zuetako askok egin beharko deutsazue-eta aurre. Euskal Herrian ez eze, beste leku batzutan be antzera ete dabilz antzerkigileak? Ez dakit Malkowichek berak holangorik bizi ete eban baina...
Nik uste dot leku guztietan pasetan dala; ganera, guk Euskal Herrian egoera oso berezia daukagu. Oraintsu Bogotako Unibersidadeko konbita euki dot Eukal Herriko antzerkiaren barri emoteko. Azkenean ezin izan neban joan, baina kontau eustienez, 70 hizkuntza gitxitu dagoz Bogotan, eta horreetatik badira antzerki taldeak 30 hizkuntzatan behintzat lanean dabilzanak. John Malkowichek berak akaso ez dau egoerea bizi izan, baina gitxieneko sensibilidadea euki ezkero, zalantza barik ingurura begiratzean azaltzen dauen egoera hori ikusiko dau. Berbarako, gaur egun zentsurea egon badago, ez da lehengo lakoa, askozaz sotilagoa. Inork ez dinotsu hau ezin dozula egin, edo ezin dozula esan, baina egon badago. Beste modu batzuk sortu dira, bide jakin bat jorratzen dauenarentzat ez dago laguntzarik, ezin dau aretoetan sartu, baztertuta dago. Egoera horretan bizi gara. Krisiaren mamuak hori danori justifikau egin dau; ezin dala esaten deutsue, asko sentiduten dabela baina ez dagoala dirurik horretarako, ezinezkoa dala, epez kanpo zabilzala, eta abar. Gauzak baztertzen joaten dira, eta baztertze horretan argi eta garbi dago zein dan mundu zentsuratua eta zein dan bultzatzen dan mundu kulturala.
4.- Programetako erispide bat edo bestea izatea zentsura moeta bat izan daiteke; zuk egiten dozuna erispidetatik kanpo badago, ez daukazu zereginik, beraz akaso aldatuko dozuz zure egiteko moduak... Hori pasau daiteke, ezta?
Bai, halan da, bada zentsura mota bat. Eta ez badozu horretara moldatu gura beste zirkuitu batzuk topau behar dozuz, beste mundu bat, kalera jo, esaterako. Nik gogoratzen dot Kukubiltxo taldeko hasieretan orduko aretoetan igarten genduan zeozelako zentsurea, baina gizartea gugaz egoan, gugandik oso hur. Aretoak ez, baina kalea irabazi genduan. Gure esparrua kalea izan zan, kalean egin genduan lan, eta gugaz batera, gure aurretik eta gure ostean, hainbat talde ibili ziran. Gaur egun, mundu hori be, kalea, askoz kontrolatuago dago; daborduko kalera ezin da hain erraz joan, askozaz be egituratuago dago. Sailkapen oso oso handia dago, sailkatze horretan baztertzea ikusten da hainbat lekutan. Programazinoak aztertu ezkero, erraz ikusi daiteke zelango joerea dauken, norantz doazen; azken batean, zer bultzatzen daben, eta zer bazterrean itxi.
5.- EHAZE orain ia urte bi sortu zan, euskerazko antzerkigintzearen eskakizunei erantzuteko asmoz. Zeintzuk dira eskakizun horreek?
Oraindino datuak egiaztatzen gabilz, prozesu horretan gagoz. Euskerazko antzerkiaren barruan zer sartzen dan gura dogu jakin, ez bakarrik programazinoak eta taldeak, zenbat eskola, zenbat ume edo zenbat jarduera egiten diran bere bai. Antzerkizalegoa egituratu nahi dogu, antzerkizaleak protagonista izatea da gure helburua. Programazinoari jagokonez, antzerkizaleak eskatu daiala zer gura dauen, ikusleek esan deiela zer nahi daben ikusi, esaterako. Holan, antzerkigile eta antzerkizaleen artean hartu-emon zuzenak sortzen dira. Antzerkizaleak izateko, behar-beharreazkoa da gure ustez eskolak, tailerrak eta holango ekimenak gauzatzea.
6.- Momentu honetan zein ekimen daukaz martxan alkarteak?
Aurtengo urtea bideratzen gabilz, igazko ekimen batzuk 2012an be egiteko asmoa daukagu, esaterako, Durangoko Azokan eratu genduan antzerkiaren esparru berezi ha. Antzerkizale Eguna be urtero bultzatu gura dogu. Eta sano garrantzitsua da EHAZE antzerkizaleak dagozan lekuetara hurreratzea, eurekaz berba egiteko, zertan gabilzan azaltzeko, eta indarrak batzeko. Herriz herri aurkezpenak egiten ibilten gara, batez be tailerrak antolatzen. Ezinbestekoa da bere bai admnistrazinoekaz hartu-emonak izatea. Apurka-apurka euskal antzerkia bultzatzeko dekalogo antzeko bat osotu gura dogu, euskal antzerkiaren bizia bermatzeko.
7.- EHAZE sortu barri, Bizkaie!-n zeuri egindako alkarrizketea sareratu genduan. Orduan, Euskal antzerkigintzeak daukazan ahulezia guztien ganetik bat azpimarratu zenduan: bakotxak bere arazoa norbere ikuspuntutik ikusten dauela. Egoerea aldatu da?
Apurka-apurka bagabilz lanean. Antzerkizaleak batzeko eta antolatzeko ahalegina egiten gagoz; beste sasoi batzuetan, zeozelango tensinoa egoan, esaterako, profesionalen eta amateurren artean. Horren aurrean, tailerrak eta eskolak antolatu doguz han eta hemen, bertara joan eta taldeetan daukiezan beharrizanak aztertu doguz. Gure egiturea eurekaz batera zelan bideratu geinken ikusi gura dogu, ia zelan ipini leikezan gugaz batera norabide berean.
8.- Antzerkiari bizia emoten deutsona antzerkizaletasuna dala esan izan dozu. Euskal Herrian antzerkizale nahikoa ete dago? Eta euskerazko antzerkizalerik?
Euskerazko antzerkizalegoa murritza da, hau ez da mundu erraldoia, mundu txikia da. Mundu atsegina da, egon badago. Jente asko hurreratzen da antzerkira, afizinoz, zeozer egin nahian, eskolatxuak eta tailerrak. Antzerkiaren baloreak bizi gura ditue. Ikusle fidelak daukaguz, ez asko, baina hor dagoz. Horreekaz batera bideratu behar dogu gure lana, eurek behar dabe protagonismoa.
9.- Edozein antzerkizalek parte hartu ahal dau?
EHAZE izatez personen alkartea da, edozein antzerkizalerentzat edegita dago. Gure webgunean topauko dau zelan egin bazkide, zelan egin kontaktua gugaz, eta animau ezkero beharrean hasteko proposamena bere bai.
10.- Kukubiltxo taldeko buru be bazara. Oilo hilak lan barria estreinau dozue astegoienean. Gauza berezia egin dozue, testu bako antzezlana, konsumoak gizakiongan daukan eragina aztertzeko. Zer gehiago kontau zeinkie?
Oilo hilak orain urte bi sortutako proiektua da. Berlineko Familie Flöz konpainiagaz beharrean ibili gara, bertako kide bigaz, Thomas Rascher eta Nicol Wolfegaz. Eurak izan dira zuzendariak. Taula ganean bost aktore gabilz; Marifeli Etxeandia, Ainhoa Alberdi, Maria Alonso, Iurgi Etxebarria eta ni neu. Testu bako antzerkia lantzen dau Familie Flöz taldeak, maskarakaz egiten dabe lan, dana da keinua. Antzerkia egiteko modu hori ikasten eta jorratzen ibili gara azkenengo urte bian. Oilo hilak antzezlana urte biko prozesu horretako lehenego geltokia dala esan geinke. Mungiako Olalde aretoan estreinau dogu, barikuan, hilaren 16an, eta zapatu-domekan, Bilboko Pabilioi 6 gunean izan da.
Eduardo Galeanok orain urte batzuk argitaraturako El imperio del consumo artikulua euki dogu oinarri. Galeanok dinoenez, gaur egun oiloek eta gizakiek galarazota daukie lo egitea. Gaua debekatuta dago. Arrautzen fabrika erraldoietan, oiloak eten barik, gau eta egun lorik egin barik dagoz baharrean, arrautzak ipinten. Personok be antzera gabilz, geuk be ez daukagu gaurik, erosteko ansiedadeak eta ostean erositakoa ordaintzeko estutasunak loa kentzen deuskue. Oiloak lez ezin lorik eginda gagoz. Ideia horregaz jolastu dogu. Mundu bi sortu doguz, oilo produktoreena eta gizaki konsumitzaileena. Badago joku kritikoa antzezlanean, umorea bere bai, eta momentu hunkigarriak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!