Lautada eta Martin Ttipia irabazle Aramaioko finaleko giro ezin hobean

Arabako Bertsozale Alkartea 2012-03-26 11:37   Bertsolaritzea

Talde bik eroan behar eben txapela: idatzizko modalidadean Gasteizko Martin Ttipia izan da irabazle aurten be. Bat-batekoan, barriz, Aguraingo Sorginetxe izan da herrira txapela eroateko ohorea izan dauena.

Urte birik behin ospatzen dan Arabako Kuadrilla arteko bigarren Txapelketea bere helmugara heldu da Aramaion. Goizean goizetik hurreratu dira Araba osotik eta hurreko herrialdeetatik bertsozale eta bertsolariak. Eguerdi partera hasi da jai giroa, herriko taberna danak okupau ditue Kuadrilla Artekoan parte hartu daben taldeetako partaideek triki-bertso poteo atseginean.

Sabeleko orroak aieneka hasi diranean, frontoira hurreratu gara bertan zain geunkan bazkari goxoa jatera. Behin kafea eta kopea amaitutakoan…

Arratsaldeko bostak eta hogeita bost minutu pasatxo dira, dana prest dago eta frontoiko gradak ganezka.

Idatzizko bertso jarrien txandea da lehenengo, Aramaioko Ai ene!-k oholtza gaina bete dau. Oraingo honetan Arabari zer falta jakon azaldu nahi izan deuskue. Hortxe hasi dira kantuan, Arabatik Euskal Herrira, Aramaiotik mundu mundialera! Gasteiza joan ei ziran ¿Qué tal? esaten ikastera eta beraz Araban Euskal irrati bat falta dala aldarrikatu dabe.

Ai ene! taldeak erreleboa itxi deutso Gasteizko Martin Ttipiari, hain zuzen be 2010eko Arabako Kuadrilla arteko Txapelketako irabazle subertatu ziranei. Han non azaldu dan ulea urdinduta eukan atso-agure koadrila bat. Zaharrak esperientziaren tontorra ei dira eta beraz urteetan ikasia eta ikusia azalarazo deuskue eta zergaitik daben Araba maite. Urepeleko artzainak bezain mundialak diralako Araiakoak, inoiz eskupainua jarteko lekurik ez dauelako Kontxako hondartzeak, Iruñeako Yolik tartea doban jaten dauelako eta piperrak ezer ez diralako patata tortilla barik. Azkenik Araban falta diran arabarrak falta jakozala Arabari goraipatu dabe.

Idatziko taldeek txalo zaparrada ederra jaso ostean bat-bateko saioari emon jako hasierea. Aguraingo Sorginetxe eta Aiaraldeko Altubepekoak lehiatu dira.

Maialen Kortabarria aurkezleari agur esan eta Beñat Goitiak jarritako lanetara jarri dira buru belarri bertsolariak.

Sorginetxetarrek inork espero ez baeban be zeozer ondo egingo ebelakoan finalera heldu dirala defendidu dabe, Araban herriz herri bertsoa dabilelako. Altubepekoek, barriz, bazkariagaz nahikoa ez eta kamisetea morez jantzitako Lautadako berenjenak meriendauko dituela autortu dabe, txapela jantzi ezkero kristoren orgasmoa izango dabelakoan.

Zortziko handian hasi dira Altubepeko Ainhoa Comas tabernari papelean eta Sorginetxeko Oier kafea hartzera heldu dan bezoarenean, kanpoan herriko munizipalek marokoar bat atxilotu dabe. Poliziaren arrazakeria izan dabe gaitzat. Ainhoak horreek dirala gizartea baltzitzen dabenak esan eta barrualdearen balioa defendidu dau azalaren kolorearen gainetik.

Hurrengo lan batean, zortziko txikian hain zuzen be, Altubepeko Julen Eizagirre eta Sorginetxeko Oihane Perea izan dira buruz buru. Julen marihuana erreten atrapau dabe eta multea jarri deutsie, Oihane bere ama izan da etxean multearen eskutitza irakurten lehenengoa. Oihanek semeari esan deutso amamaren bedar terapeutikoa ez ukututeko agindua emona eukala eta Julenek, ostera, Gasteizen, Green Capital lez, marihuana erretea legala dala esanez erantzun deutso. Hau holan izanda biek bakearen pipatik errez amaitu dabe ofizioa.

Bakarkako lanen txandea heldu da. Izar Mendigurenek hartu dau Altubepekoen testigua, Izarrek bere alaba txikiari azaldu behar deutso martiaren 29an, greba egunean, zergaitik ez doan eskolara. Amak alabeari azaldu deutso, etxekoandre lez, ez dauela kate motzean bizi nahi txakur bat balitz lez eta duintasuna ez dala saltzen hiru txakur txikiren trukean.

Azken aurreko lanean, Sorginetxeko Oihane Perea eta Altubepeko Serapio Lopez ibili dira maitasun egarriz. Oihane urteetan Serapiogaz maitemindurik egon zan, egun, ostera, Serapio da Oihanegaz maitemindurik dagoana. Oihanek arroza ia-ia pasau eta tropiezoz betea dauela esanez emon deutsoz Serapiori kalabazak. Serapiok, barriz, berak maite dauen neska bakarra dala ziurtatu deutso eta almejak eta ganbak ederrak dirala txupetako.

Maitasun kontuak alde batera itxi eta azken lan puntuagarrira salto eginez, talde bakotxeko hiruna kide izan doguz lehian, Aramaioko zelaietatik, herriko frontoira etorritako behiak izan dira. Mala letxeak eta letxe txarrak izan ditue berbagai Altubepekoek eta azenarioak jateko gogoak Lautadakoek.

Giro ezin hobean igaro da frontoiko saio herrikoia. Talde bik eroan behar eben txapela: idatzizko modalidadean Gasteizko Martin Ttipia izan da irabazle aurten be. Bat-batekoan, barriz, Aguraingo Sorginetxe izan da herrira txapela eroateko ohorea izan dauena.

Honenbestez jo dau mugea Arabako Kuadrilla Arteko 2012ko Txapelketeak. Hau ederra izan da eta ederragoa izango da hurrengoa. Bejondeigula!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu