Ione Gorostarzu: 'Alperreko gauzak dira gehien beteten nabenak'

Elkar Bizkaie K Moldatua 2012-03-19 12:29   Barriketan
Idazlea

Ione Gorostarzu (Berastegi, 1984) bere lehenengo liburua kaleratu barri dau: Des egiten. Gizakion betiko itaunak jaso ditu poema-bilduman, eta barriztu egin ditu: norbere izaerearen kontraesanak, existentziaren gorabeherak, maitasunaren buruko minak, idazteak berak dauen zentzua edo zentzurik eza... Gorostarzu Historian lizentziatua da, lanbidez irakaslea eta Bergarako Idazle Eskolan ibili da. Lauaxeta Poesia Saria be irabazi dau.


1.- Des egiten da zure liburuaren izenburua, zer egin dozu, eta zer desegin dozu?

Egin eta desegin, neurri berean egin dodaz orrialdeotan. Desegite horrek berak egin ditu poemak; izan be, idazterakoan niretzat errazena da gauzak esatea, lerroak eta orriak betetea, eta gehien kostetan jatana, barriz, sobran dagozan hitzak, ideiak eta poemak kentzea da. Betegarria kentzea, biluztea, emoitzearen mesedetan. Askotan testu, ipuin, poema onak eta ez hain onak esandakoek baino gehiago, esanbakoek bereizten ditue. Liburu hau bizitzako etapa ez oso luze batean, nahiko modu inpulsiboan eta soltean idatzitako olerkiek osotzen dabe, eta asko desegin behar izan dot batasun bat, gorputz bat emoteko.


2.- Zerk egiten zaitu zu, eta zerk desegiten?

Egiten eta desegiten nau ikusten, irakurten, entzuten dodanak, pentsetan dodanak; baina, nahi edo ez, egiten nau inguruak, munduak, egunerokotasunak bere bai. Nitaz espero denak, espero ez danak, ustez banazenak, ez nazenak. Hortik dator liburuaren izenburua be: ideia da deseginez egitearena, egiteko desegin beharra, etenbako aldakortasun bat. Askotan gizarteak izate solido, zurrun bat baloretan dau, zirrikiturik bako izaera bat; ni holangoa naiz eta kitu dalako bat. Zalantzak, kontraesanak, dudak, ahulguneak dirala emoten dau, eta horren aurrean halango moldakortasun bat aldarrikatu nahi izan dot; plastizidade bat, bai personalidadean, bai errealidadea, bai denporan. Azken baten, muga zorrotzak leku gitxitan dagoz, eta niri zirrikituak interesetan jataz, hau banaz baina honen kontrakoa bere bai, etenbarik eregi doguna deseregitea, zalantzan ipintea, aldi berean eregiteko.


3.- Poesiak eregi egiten dau errealidade barri bat? Zer deseregi, hizkuntzearen tranpak eta munduaren itxurakeria?

Poesiak norberari mundu bat edegiten deutso. Poesia begiratzeko, sumetako, biziteko modu bat lez ulertzen dot nik. Begiradan dago poesia, eta, zati handi baten, errealidadea bere bai; kale berean, eguraldi beragaz, momentu berean sano desbardina da persona batek, eta beste batek biziten, ikusten dabena, dalako errealidadea ustez bera izanda be. Poesia horretan kokatzen dot nik, errealidadea ikusteko eta, beraz, zati baten, sortzeko modu horretan. Eta hizkuntzearen tranpei jagokonez, zer esan, hizkuntzeak segiduko dua bere tranpakaz, poesian edo poesiatik kanpo.


4.- Poesiaren alperrekotasuna aldarrikatzen dabe batzuek, eta hemen zatoz zu, egile gazte bat, poema-liburu bategaz.

Beti izan naz alperreko gauzen zale, eta geroz eta gehiago, ganera, horreek dira gehien interesetan jatazanak, eta gehien beteten nabenak. Edozer gauza gustu, plazer hutsez egin ezkero, jenteak errezeloz galdetzen deutso: eta hori zertarako? Eta emoten dau erantzuna izan behar dauela lanpostu bat, soldata bat, zenbakiz neurtu daitekeen zeozer. Ganerakoa denpora galtzea balitz lez. Niretzat munduak egunerokotasunean eskatzen ez deuskuzan gauzak, modu askean egiten diranak, horreek dira norberak gehien behar dituanak; ganerakoak, betebeharrak, etorriko jatzuz kanpotik be. Ez gaitu krisitik atarako poesiak, ez behintzat krisi ekonomikotik, baina badira makina bat betekizun hutsalago, normalatasun osoz egunero formal-formal beteten doguzanak, zertarako diran pentsetan ipini barik. Eta pentsetan ipiniko bagina, ganera...


5.- Liburuko gaiak, gaurkoak eta betikoak dira, ezta?

Bai, ez dakart barritasunik gaien aldetik, baina nire kezken inguruko liburua da. Egun, tekla bati emon eta munduko edozein txokotan dagoan pertsoneagaz hitz egin geinke, ilargira bidaiatu geinke, baina, berez, gizakia ez da hainbeste aldatu. Ekainen zaldiak marraztu zituen gizon-emakumeek be gure antzeko bildurrak eta kezkak eukezan: gosea, babesa, heriotza... Gero izango dira zibilizazino eta garai bakotxaren gai propioak be, baina uste dot gai batzuk betikoak dirala. Aurrera be, horrekaz bueltaka segiduko dogula erixten deutsat, pentsetan, hausnartzen, zalantzan ipinten...


6.- Poemen bidez, bizitzearen zentzuaz galdetzen dozu. Zentzu hori aurkitzeko? Zentzurik eza erakusteko?

Erantzun gitxi topau daiteke nire poemetan, galderak egiten dodaz. Galderetan dago jakintzea, erantzunetan baino gehiago, ezta? Persona zalantzatia naz, gauzei buelta emotea gustetan jakona, zergaitik, zertarako asko ibilten dodaz buruan beti... Eta bizitzearen zentzuaz, zer esan... bizitza jaiotzetik hiltera arteko tartea baino ez da? Halan bada, zertarako bizi? Zein da gure eginkizuna, bertan jarraitzeaz gan? Holango galderen bueltan osotu dodaz poema asko. Batzuetan heriotzeagaz lotzen dot zentzu hau, akaso heriotzeak emongo deutsolako bizitzeari zentzua, edo, batek daki, bizitzak heriotzeari. Baina bilatu nahi izaten deutsat bizitzeari zentzu bat, igoal bizitza osoa igaroko dot horren bila, edo bilaketa hori bera da zentzua, batek daki! Baina ez dot pentsatu-onartu nahi hemen beste barik gagozanik, gure denporea pasetako, jaio, lan bat izan, etxebizitza bat, ondorengoak izan eta segiduteko, etenbarik, ezarri jakun bideari...


7.- Idaztea bera ere sarri agiri da poemotan: defensa mekanismo bat da gizartearen aurrean? Norbere burua ezagutzeko bidea? Beste zeozer?

Bada niregan idaztea munduari begiratzeko modu bat, eta, aldi berean, baita neure buruari abuzinoan ibiltekoa be. Idatziz hobeto pentsetan dot, gauzak argiago ikusten dodaz, edo, bestela, argitzat neukanari ilunak sumatzen deutsodaz... Baina bada mundua eta nire arteko bitartekari bat be hitzena, letrena; eta niretzat, adierazoteko neurririk onena, barriz, poesia dala uste dot. Askotan bi orduko hitzaldian baino gehiago esan neike poema batean.


8.- Zenbateraino biluztu zara liburu hau idaztean?

Liburuan bertan poema batean esaten dodanez, biluztu naz, baina mozorrotu bere bai, agertu eta ezkutau. Hau da, liburu zintzoa da, bizitakoa agiri da, baina bizitakoa zentzurik zabalenean ulertuta. Hau da, sentidu, hausnartu, eragin deutsuna, aztoratu zaituana, zer pentsa emon deutsuna. Askotan zeozer berez garratzitsua jazoten jatzu, baina ez deutsu eragiten, harrapau zaituan uneagaitik, beste zeozertan zagozalako, eta urrunetik ikusten dozu. Ez dozu bizi. Beste batzuetan, baina, aurkakoa gertatzen da, pelikula batek, inguruko baten bizipenak, albiste batek eragiten deutsu, eta buruan bueltaka daukazu, sabelean zeozer bizten deutsu, eta hori, niretzat, benetan bizitako zeozer da. Horregitik esaten dot biluztu eta mozorrotu be egin nazala; inork ez leukez orri honeek autobiografikotzat hartu behar, oso nirea dan arren, sentimenduek eta ideiek daukelako garrantzia, eta honeek adierazoteko, honeetan biluzteko, detaileetan mozorrotu egin naz batzuetan; holan, ni-a ez naz ni beti, askotan beste baten azalean sartu naz, eta jazoera asko metaforikoak dira, bigarren, hirugarren zentzu bategaz irakurri beharrekoak, berbarako erditzearen poemea, adibide bat ipintearren.


9.- Maitasuna be agiri da behin baino gehiagotan. Esperantzaz batzuetan, etsipenez besteetan...

Txanpon beraren bi aldeak dira, esperantzea eta etsipena. Baina uste dot liburukoa ez dala inoiz maitasun desesperatu bat. Batzuetan sortu dan moduan hiltzen dan maitasun mota bat da, askotan gorputzagaz oso lotuta, sexuagaz, unean uneko desio bat. Askotan persona bat une batean maite dogulako, minutu batzuetan edo ordu batzuetan, baina ez dogu egunero bere ondoan izartu nahi. Eta, bestetik, agiri da beste maitasun mota bat be, galereari oso lotua, objetuetan, txokoetan, airean islatzen dana, melankolikoagoa. Askotan gehiegi eskatzen deutsagu maitasunari, eta ahalegin bat egin dot maitasun idealaren ideia horretatik urruntzeko, perfekzinorik, betierekotasunik ez eskatzeko...


10.- Bergarako idazle eskolan ibili zara. Zer emon dizu graduondoko horrek?

Idazle Eskolak emon deust inguru bat, talde bat, berez hain bakartia emoten daben afizino bat garatzeko. Emon deust segurtasun bat neure buruarengan, irakurriko eta zuzenduko deustan jentea, eta indar asko. Behartu nau zeozer txukuna egitera eta, aldi berean, beste idazleen lanetara hurreratu nau. Iluntze literarioak, idazleen bisitak, berbaldiak... asko jasoten dozu, eta horrek eroaten zaitu sortzera, eta besteekaz alkarbanatzera.


11.- Eta honen ostean, zer?

Hau era nahiko inkontzientean egindako liburua da. Konturatzerako kalean izan da, egia esan. Halan da guzti be, poemak idazteko garaian ez, baina gero, zuzentzerakoan, osotu eta argitaratzerakoan, asko lotu nau liburu honek, eta, gauza oso barria danez, bere itzalean idazten dot oraindino, "des egiten" giroan murgilduta; uste dot orain distantzia apur bat hartu behar dodala. Gero gerokoak, nahikotxu idazten dot, eta denporeak esango dau beste libururik egingo dodan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu