Euskal Ikasketetarako Fundazino Popularrak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe
2012-03-07 17:09 Euskerea berbagaiAndres Urrutiak adorea eskatu dau aurrera egiteko eta bidean lankide izateko. Alper-alperrik izango dira gure arteko hitzarmenak, letra horreek zehazten ez badira ekintza eta egitateetan. Horreen bila doaz gaur Euskaltzaindia eta Euskal Ikasketetarako Fundazino Popularra. Inor ahaztu eta gitxietsi barik, danokaz batera, euskereak eta euskalgintzeak gu danok behar gaituelako.
Gaur, martiak 7, Euskal Ikasketetarako Fundazino Popularrak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiaren egoitzan. Fundazinoaren izenean, Antonio Damborenea presidenteak sinatu dau eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatze ekitaldian Alderdi Popularreko kide batzuk izan dira -Antonio Basagoiti eta Iñaki Oiartzabal, besteak beste- eta baita Euskaltzaindiko Andoni Sagarna eta Andres Iñigo be.
Hitzarmen horrek Euskal Ikasketetarako Fundazino Popularraren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana sortzea dau helburu. Besteren artean, euskerearen normalkuntzarako proiektuak garatu eta Euskal Ikasketetarako Fundazino Popularraren barruan edo beronen bitartez, Euskaltzaindiak euskereari buruz emondako arauak edo gomendioak zabalduko ditue.
Antonio Damboreneak bere poza agertu dau, eta ondoren Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak hartu dau hitza. Euskera ideologia guztien gainetik egon behar dauela esan dau, gure ondare kulturala da eta euskaldunak garen aldetik danok hartu behar doguz geure gan haren babesa eta garapena. Danok bat egin behar dogu ezelako alderdikeriarik barik danonan dana defendiduteko eta sustatzeko asmoz. Ondoren, hauxe be esan dau: euskerea euskaldunak alkartzeko topagunea izan behar da, batzeko erabili behar da eta ez alkarrengandik urruntzeko. Euskadiko Alderdi Popularrak ez deutso uko egingo euskerea defendiduteko eta sustatzeko konpromisoari, nahiz eta batzuk ez jagokuzan etiketak jarten saiatu. Gaur hemen gagoz horren adibide izateko, eta ziur egon gure kulturea defendidu beharreko toki eta momentuan egongo garela.
Alkarlanaren ganean egin dau berba Andres Urrutia euskaltzainburuak, eta eskerrak emoteaz gan, adorea eskatu dau aurrera egiteko eta bidean lankide izateko. Alper-alperrik izango dira gure arteko hitzarmenak, letra horreek zehazten ez badira ekintza eta egitateetan. Horreen bila doaz gaur Euskaltzaindia eta Euskal Ikasketetarako Fundazino Popularra. Inor ahaztu eta gitxietsi barik, danokaz batera, euskereak eta euskalgintzeak gu danok behar gaituelako.
Euskerea bizirik dagoala esan dau jarraian, eta ofizialtasunaz berba batzuk esan ditu: euskerearen ofizialtasunak badauka, oraindino be, zer jorratu eta zer landu. Abia gaitezen, pausuz pausu ibilbide horretan eta etor daitezen, geugaz batera beste erakunde eta ganerakoak, euskerea eta euskalgintzea abiapuntu eta helburu dabenak. Horretan -amaitu dau- lagunduko dau Euskaltzaindiak, horretan lagunduko dogu gaur sinatzen dogun bi entidadeok. Berba batez esateko, gure gizartea aurrera eroaten eta mundu zabalean gure irudia zabaltzen, besteek, aurkariak baino, lagun eta lankide ikus gaiezan'.
Ondokoak dira sinatu dan hitzarmenaren ildo nagusiak:
• Erakunde biek alkarren esku jarriko ditue ikerketarako interesgarriak izan daitekezan lan argitarabakoak, besteak beste, tesiak, edo bestelako lanak.
• Fundazinoak eta Euskaltzaindiak alkarri beren ikertze-funtsen ondarea erabilteko aukerea eskainiko deutsie, baita, beren artxibo eta bibliotekak be. Biek beren argitalpenak alkarregaz trukatzeko mekanismo egokiak ezarriko dira, holan bibliotekako euskal gaien funtsak sendotu eta osotu ahal izateko.
• Argitalpenei jagokenez, alkarregazko lana bultzatuko da, eta biek batera eginiko argitalpenei lagunduko jake. Horretarako, euskerearen inguruan sorturiko testuak ezagutarazoteko ahaleginak egingo ditue.
• Lankidetza politikea bultzatuko dabe ikastaroak eta sinposioak eginez.
Aitatu helburuak lortzeko, Fundazino Popularrak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dabe, alde bakotxeko kide banagaz osotua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!