MusikHerriak agur

Musikherria 2012-03-06 09:55   Musikea

Oso gazte hasi ginan eta oso indartsu, Euskal Herriko musikearen mundua iraultzeko ideiagaz, baina persona eta musikari lez nagusitzen joan garen neurrian, eta talde barriak gehituz joan diran neurrian, ez doguz ideiak eta diskurtsoak barritu edo, behintzat, ez dogu modu antolatu batean egin, eta argi dago elikatzen ez dan proiektuak ezin dauela aurrera egin.

2005eko martiaren 25-27an erein genduan MusikHerria herri diskoetxea GazteMugi topaketetan eta, horren ostean, maiatzaren 14an Arrasaten, maiatzaren 28an Gasteizen, garagarrilaren 2an Bilbon eta irailaren 17an Donibane Lohitzunen ureztatutako proiektua urriaren 22an loratu zan. 2006ko urtarrilaren 3an, Burlatan, martiaren 4rako jaiotza ospatzeko jaialdi erraldoia egitea erabagi genduan. Begi-bistan, Euskal Herri osoko proiektua, parte-hartzailea eta autogestionatua izango zan musika proiektua.

Musika gustuko genduan gazteak batu ginan eta musika-mundua deitzen geuntsan ha iraultzeko tresna sortu genduan. Lehenengo aldiz, Euskal Herrian, musikariek euren musikea zabaltzeko, modu kolektibo eta antolatu batez. Holako hitzak erabili genduzan: diskoetxe herritarra, copyleft, autogestinoa, asanblada...

Ez da bide erraza izan musikan eragitea, baina ziur gagoz Euskal Herriko kultur eragile garrantzitsu bat izan garela. Izan be, ideia sortu zanetik, pasa diran 7 urteetan, MusikHerriatik 74 talde zein bakarlari pasau gara eta 82 lan kaleratu doguz modu fisikoan (CD, DVD, liburu). Danak autogestionatuak, danak lizentzia libredunak eta beraz, danak herritarren eskura jarriak. Diskoetxeko partaideok musikea burruka tresna lez erabili dogu eta, horregaitik, MusikHerria bera jentarte-eragile bat bihurtu dogu: kulturearen alde, proiektu txikitzaileen kontra, euskerearen alde, zapalkuntzen kontra, gazte eta herri mobimentuaren alde... herriaren alde.

Baina, hasten diran gauza guztiei lez, geuri be, agur esateko ordua heldu jaku. Beti lez, agur batek bere arrazoiak ditu eta gu ez gara salbuespena izango:

- Oso gazte hasi ginan eta oso indartsu, Euskal Herriko musikearen mundua iraultzeko ideiagaz, baina persona eta musikari lez nagusitzen joan garen neurrian, eta talde barriak gehituz joan diran neurrian, ez doguz ideiak eta diskurtsoak barritu edo, behintzat, ez dogu modu antolatu batean egin, eta argi dago elikatzen ez dan proiektuak ezin dauela aurrera egin.

- Gure agurrak ez dauka zerikusirik kapitalismoaren krisiagaz, baldin eta kulturea merkantzia hutsa bihurtu ez badogu behintzat, ezinezkoa baita kultura krisian egotea.

- Gatxa da kultur eredu merkantilista betikotu nahi dabenen aurrean kultur eredu barri bat sortzea, baina bide bakarra izan da.

- Gatxa da jentarte barriaren alde egiten daben eragileen erreferentea izan ez arren aurrera jarraitzea, baina bide bakarra izan da.

- Baina gatxagoa da inertzian jausi dan kolektibo bat berpiztea. Azken finean, 7 urte honeetan, MusikHerriako kideok hainbat ideia eta zenbait ikuspegi sortzen joan gara eta, askotan, kolektiboaren erritmo eta jarraikortasun falteagaitik, ideia barri guztiak kaxoi batean geratu dira, hau da, kontzeptu barriak kaleratzeko traba nagusiena eragilea bera bihurtu da, MusikHerria bera esan nahi dogu.

Horregaitik, ondo hasi zana ondo amaitzeko, MusikHerriako kideok, bide barriak lantzea pentsau dogu. Argi dogu gaur egungo kulturearen egoereari erantzungo deutsen ideia barriak behar dirala eta MusikHerriak, kolektibo lez, ez dau gehiagorako emoten. Beraz, ikusiko dogu ze sorpresa dakarzkun ideia barrien zabaltze honek! Hori bai, azkeneko 7 urteetan lez, ideia bat berresten dogu: Euskal Herriak kultur eztabaida sakona behar dau, etortear dagoan beste jentarte mota barri batek sortuko eta ulertuko dauen kultur eredua sortzeko, hain zuzen. Eta, ziur gagoz, bide horretan, MusikHerriak adreiluren bat jarri dauela, baina argi dogu, kolektibo lez, hustu egin dala.

Kontuak kontu, 2012ko martiaren 4an, jaiotze-jaialdia ospatu genduanetik 6 urte beteten diran egunean, MusikHerria kolektiboak agur esan dau behin betiko. Halan da be, MusikHerriako kideok musikan jarraituko dogu, ziur tresna eraginkorragoak sortuko doguzala eta, espero daigun, MusikHerriaren esentzia denporan mantentzea, bestela, jai dogu!

Amaitzeko, adierazo nahi dogu MusikHerriako proiektuan erabili barik dogun diru apurra, hurrengo egunetan Lodosako Ibaialde ikastoleari emotea pentsau dogula. Ez da diru asko izango, baina MusikHerriaren ibilbideak amaiera duina izateko modu onena iruditu jaku.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu