Ziortza Eguren: 'Hiztegiek hizkuntzearen aldaketen espilu izan behar dabe'
2012-03-05 11:37 BarriketanLabayru Hiztegiaren berridizinoa aurkeztu barri dabe, 2003ko argitalpenaren bide beretik, baina eduki landu, ugaritu eta aberastuekaz. Danetara, 62.200 sarrera nagusi ditu hiztegiak, 13.500 azpisarrera, 47.200 adibide eta 47.300 sinonimotik gora. Hiztegia kaleratu barri badabe be, Labayrun baharrean segiduteko asmoa dauke, hiztegiak liburu bizia diralako, hizkuntzea bera moduan. Ziortza Eguren Labayru Hiztegiaren koordinatzailea lanaren ganeko hainbat zehaztasun kontau deuskuz.
1.- Labayru Hiztegia etenik bako lana da?
Edozein hiztegik eten bako beharra eskatzen dau; bizirik dagozan hizkuntzak aldatzen doaz, ohiturak eurak aldatzen doazen moduan, eta hiztegiek be halan egin behar dabe. Hiztegiek hizkuntzearen aldaketen espilu izan behar dabe. Hiztegiak aldiz aldi eguneratu eta barriztau egin behar dira, hizkuntzak berez diralako aldakorrak. 2003an argitaratu zan lehenengo edizinoa; bederatzi urtean berba barriak sortu dira, beste berba batzuk ez dabe aurrera egin. Hiztegi batek ez badau gura zahartuta lotu, berba barriak hartu behar ditu bere corpusean, eta aurrera egin ez daben berbei beste trataera bat emon.
2.- Berba barriak aitatzen dozuzanean, teknologiak leku gehiago ete dauka berrargitalpen honetan?
Bai, sarrera gehiago dagoz oraingoan. Terminologia zientifikoan berben kopurua handitu egin dogu edizizno honetan; ia 12.000 termino, 53 jakintza-arlotakoak. Arlo batzuk gehiago aztertu dira edizino honetan.
3.- Zer barritasun eskaintzen dau bigarren edizino honek?
Labayru Hiztegia barria da barrutik, eta barria da kanpotik. Kanpokoa begien bistakoa da; azala itxura barriagaz dator, eta itxura bera emon deutsagu bere osogarri dan gaztelania-euskera hiztegiari be. Edukiei jagokenez, edizino berlandua, ugaritua eta aberastua da. Sarrera-berbak ugaritu egin dira, eta berbek dakarren informazinoa be osotu egin da. Ganera, informazinoa osotu ez eze, berrantolatu egin da. Erabiltzaileari edukiak errazago eta argiago emoteko ahalegina egin da.
4.- Zer ekarpen egingo dau lan barriak?
Labayru Hiztegiaren lehenengo edizinoan bizkaierea eta batua batera landuta egozan; honetan, barriz, bizkaierea eta batuaren arteko lokarriak sendoagotzea, eta bien arteko orekea lortzea izan da gure helburu nagusienetakoa. Bizkaiera idatzirako eredu landuagoa eta finkatuagoa eskaintzen da oraingo honetan, bizkaieratiko lexikoa zehazteko ahalegin handia egin da, eta morfojoskerea be landu eta jagon da.
5.- Lantalde handia ibili da Labayru Hiztegia berratonduten?
Hiztegia askoren artean egindako beharra da; filologoak, idazleak, itzultzaileak, irakasleak, hizkuntzearen lekuko fidagarri edo ziurrak... hainbat lagunek hartu dabe parte. Guztion artean egindako talde lanaren emoitzea da. Aurreko edizinoko batzuk honetan be jardun dabe, baina honetan ibili dira beste batzuk barriak dira, ez ziran lehenengoan egon. Koordinatzaileak Nagore Etxebarria eta ni neu izango gara.
6.- Bizkaierearen kolore guztiak euki dozuez kontuan?
Hiztegi honetan bizkaierakoak diran eta ez diran berbak dagoz, euskalki guzti-guztiak izan doguz kontuan. Egia da bizkaierea ardura bereziz landu dogula, baina euskalki guztiak dauke lekua gure hiztegian. Euskererentzat, akabuan, onuragarria eta interesgarria dan guztia hartu dogu kontuan.
7.- Eta zein izan dozue zailtasunik handiena?
Gatxena edo ahaleginik handiena eskatu deuskuna bizkaierea eta baturako lokarriak topetea izan da, bien arteko orekea lortzea. Bizkaiera jatorriko berbei baturako bidea emotean izan dogu ardurarik handiena. Bizkaierazko forma desbardinen artean baten alde egiteko orduan be zalantzak euki doguz.
8.- Labayru Hiztegia nori zuzenduta dago?
Danontzako hiztegia da, bizkaiera zein batua erabili gura dauen edonorentzat. Eskola munduari begira ez eze, euskerea lanerako tresna dauken itzultzaile, idazle eta euskal profesionalentzat begira tajututa dago. Akabuan, edozeinentzako oinarrizko kontsulta liburua izan gura dau. Ez da bizkaieradunentzako bakarrik, euskal hiztegien moduan eginda dago, baina mendebaldeko euskal hiztunen ikuspegitik. Mendebaldeko euskerearen ekarria ugariagoa da, baina danentzako balio dau. Hori da bere berezitasuna, Mendebaldeko euskerea batuta dagoala bertan, zehaztuta eta nahiko finkatuta.
9.- 2003koa bizkaieraren lexikoa finkatzeko lehenengo saio izan zan. Oraingo honen ostean gehiagorik izango ete da?
Lehenengo edizino haretan lehengo pasuak emon ziran lexikoa finkatzeko, eta edizino barri honetan eredu landuagoa eta finkatuagoa emoten da. Bizkaiera idatzirako lexikoa ordutik hona zehazten segidu dogu, bizkaierazko berba eta berba-forma asko eta asko finkatu dira, zehatz. Finkatze-lan horretan segiduko dogu. Lexiko osotuena eta zehatzena eskaini gura deutsagu erabiltzaileari; behar handia egin da eredua lantzen.
10.- Ahozko berbetea eta literatura-tradizinoa batu dozuez hiztegian. Zelan gauzatu dozue hori? Nora jo dozue?
Labayru Hiztegia ahozko berbetea bizia eta literatura tradizinoaren erakusgarria da. Herri hizkerako esaldiak eta esamoldeak batu doguz, aldi berean idazle zahar eta barrien hizkerearen ekarriak be sartu doguz; errefrauak, koplak, bertsoak eta antzekoak ugari dira adibideetan. Iturri asko erabili doguz, Azkueren hiztegia, Mitxelenaren Orotariko Hiztegia; Juan Antonio Mogel, Añibarro, Juan Mateo Zabala eta Frai Bartolomeren lanak; eta, tokian tokiko hiztegiak eta hiztegi tematikoak. Ahozko iturriak be euki doguz; Etniker taldeak egindako ekarpenak izan doguz, Labayru Herri Ondarearen taldearenak, eta beste makina bat. Kanpo-lanean batutako berbak be sartu dira, aztertu eta lekua emon deutsegu hiztegian, holan erabagi dogunean.
11.- Hiztegiaren erabiltzaileekaz hartu-emonik badaukazue, zein da euren eritxia?
Badakigu jenteak Labayru Hiztegia erabiltzen dauala, askok esaten deuskue beste hiztegi batzuetan ez dagoena geurean topau dabela. Batez be bizkaitarrek esan deuskue etxean erabilitako hainbat berba lehenengo aldiz geure hiztegian ikusi dabezala idatzita eta araututa. Pozik azaltzen deuskuez holango gauzak, eurek etxean entzundako formak zehaztuta egoteak poza emoten deutse, eta prestigioa bere bai.
12.- Bizkaioeradunok geure euskalkia erabilteko gero eta lotsa gitxiago daukagu?
Inon inoz ikusi bako berbak erabilteak lotsatu egiten gaitu askotan, ez dakigu ondo erabilten gabilzan, ondo esanda dagon, zelan idazten dan... Hiztegi batean batuta dagozala ikusita, prestigioa emoten da, badakizu erabili daitekela, eta badakizu zelan erabili behar dozun. Dana dala, berba asko sartu barik dagoz, eta erabiltzaileek batzuetan bialtzen deuskuez; guk batu, kontuan hartzen doguz, eta hurrengo edizinoetarako gordeten doguz.
13.- Lehenengo hiztegia argitaratu zenduenetik bederatzi urte joan dira, igarten dozue aldaketarik bizkaierearen normalizazinoan?
Azkenengo urteetan prestigio handiagoa dauka bizkaiereak, modan dagoala emoten dau. Musikan, telebisinoan eta beste leku batzuetan agertu da, eta akaso horregaitik kontuan hartzen hasi gara. Lehenago apur bat baztertuta egoan, ez zan kontuan hartzen, baina apurka-apurka bere lekua hartzen dabil. Bizkaierearen aldeko jarrerea dago, bizkaieraduna izan ala ez. Jarrerea hobea da. Berba egiteko be lotsa gitxiago dago orain, asko dago egiteko oraindino baina lehengo aldea harroago gagozala uste dot.
14.- Interneten be konsultagai dago hiztegia?
Interneten daukaguzan hiztegian aldian aldian eguneratu eta barriztau egiten dira, bersinorik gaurkotuena eskaintzeko asmoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!