Garazi Kamio: 'Bidegurutze baten erdian dagoz nire personaiak'

Elkar Bizkaie K Moldatua 2012-03-02 12:59   Barriketan

Igartza bekearen irabazlea

Garazi Kamiok (Andoain, 1979) Igartza bekearen emoitza dan Beste norbaiten zapatak liburua kaleratu barri dau Elkar etxeagaz. Zortzi kontakizun gazi-gozo batu ditu kazetari gipuzkoarrak bere lehenengo liburuan; giza harremonak matematika-ekuazinoen arabera ikusten dituan bikotea, autobusea biaje luzea egin behar dauen lagun parea, alaba gaixoa ospitalera eroan behar dauen ama, bizilagunari errekadu bitxi bat eskatzen deutson agurea...


1.- Kazetaria zara lanbidez, zer dala eta animau zara literaturearen arloan?

Literaturearen plazara ailegau barria dan kazetaria naz. Literatur lehiaketak eta bekak egon bazirala banekian, baina sekula ez neban ezer aurkezteko denporarik izaten. Orain urte bi, ostera, proiektu bat atondu eta Igartzara bialdi neban. Bekea eskuratu eta argitaratu barri dogu bertatik urten dan emoitzea


2.- Alderik badago aurkeztu zenduan proiektutik azken emoitzara? Zelangoa izan da idazketa prozesua?

Aldea badago, jakina. Hasiera batean ideia batzuk argi nituan, baina gero, hilabeteak eta lana aurrera joan ahala, dana lausotuz joan da. Hasierakotik bada zeozer: zeure burua bidegurutze batean ikusten dozunean sentiduten dana, esaterako. Izenburua be aldatu dogu: hasiera batean, proiektuak Gerizpeko panpinak eukan izena. Azken emoitza barriz, Beste norbaiten zapatak da. Hasierako haren esentzia gordeten dau, euren burua bidegurutzearen erdian topetan dauen personaiak nagusitzen diralako liburuan. Baina ez naz horretara mugatu. Ikuspegia zabaldu nahi izan dot, modu askotako istorioak errazago heldu daitezan irakurlearengana.


3.- Esan izan da bikote-harremonetan zentratuegia egoala azken aldiko literaturea; zurean, barriz, zabalagoa da landutako gaien eta erakutsitako giroen aukerea.

Literaturea, eta gu geu be. Azken aldian emoten dau bikote hartu-emonek bakarrik daukela lekua literaturan, ikus-entzunezkoetan eta gure pertzepzinoan bere bai. Etxeko atea ixten dogunean barruan geratzen dira hainbat kontakizun; etxean bertan geratzen diran horreek. Txikikeriaz beteta dago gure ingurua eta, zoritxarrez, gehienetan, bikote harremonei begira ipinten gara. Horrek elikatzen gaituala begitantzen jat. Ostera, ingurura begiratzea besterik ez dogu, guri guztiz arrotzak jakuzan kontu eta istorioak ikusteko. Jakina, gureak diranak bere bai. Guri hain arruntak jakuzan txikikeriak, handiak izan daitekez ondoan daukagunarentzat.


4.- Beste norbaten zapatak ipini deutsazu liburuari izenburua: beste bizitza batzuk irudikatzeko modua al da literaturea?

Literaturea bizitza prisma desbardinetik ikusteko gailua da. Bakotxak bereari eusten deutso sarri, ondokoarenari erreparau barik. Literatureak be horretarako balio dau: inguruan dozun horri beste modu batera erreparetako aukerea emoten dau.


5.- Halan be, ez da ariketa erosoa, beste baten zapatak janzte hori...

Gizabanakoa bere esperientzia zein bizipenetatik abiatzen da egoera bat analizetan hasten danean. Jakina, idazleak be beste horrenbeste egiten dau. Ariketa, uste baino gatxagoa da: akaso zure ikuspuntutik oso urrun dagoan jokabidea asmatu eta kontau behar dozu. Eta horretarako, beharrezkoa da zeurea dan ikuspuntu hori alde batera ixtea.


6.- Beilatokira doan radar-konpontzailea, jubilau operazalea... eguneroko bizitzatik ataratako elementuak baina bitxitasun puntu bat be badaukenak: zure ingurutik elikatzen zara batez be, irudimen hutsetik...?

Ingurura begiratuta, uste baino gauza gehiago topau geinkez. Bitxikeriak gure ondoan dagoz, begiratu besterik ez dogu egin behar. Egoera bitxiak irudimenean ere sortu daitekez, egunerokotasunak emoten dituan bildur edo izuetatik, esaterako.


7.- Obserbatzaile ona zara?

Ez dakit ziur obserbatzaile ona ala obserbatzaile hutsa nazen. Idazleak beti dauka voyeur puntu hori: guztiari erreparetan deutso; dana da deigarria. Beraz, ezinbestekoa da obserbatzailea izatea. Ona edo txarra nazen, barriz, ez dakit.


8.- Halango aho-gustu gazi-gozoa ixten dabe zure kontakizun gehienek: ez dira tragikoak, baina bizitzearen erdipurdikeria antzeko batean mobiduten dirala esan daiteke.

Behin irakurri neban etenbako zoriontasunaren bila gabilzala; baina egon, ez dagoala zorionez betetako bizitzarik. Irakurlearen esku dago kontakizunak gazitasunez zipriztindutako testuak diran ikustea; edo, kontrakoa dala esatea. Bakotxak bere hautua egin daiala.


9.- Enpatia sentiduten dozu zeure personaiekaz? Antipatia?

Sentimendu bian euki dodazala esango neuke. Batzuetan zeure burua ipinten dozu personaiaren azalean, Stanislavski metodo merke baten antzera. Mina sentidu zeinke idaztean. Nazka bere bai, personaia antojugarri egiten jatzunenea. Nahaste bat da dana: zoriontasuna eta zoritxarra; enpatia eta antipatia...


10.- Literaturearen plazan barria zaren arren, talaia egokian lan egin dozu: Sautrela-n; zuen saioan egiten dozuen galdera bueltatuz, zelan ikusi dozu bertatik euskal literaturearen panoramea?

Literaturea, gitxiengo batek egiten dauen generoa da. Eta gitxi izate hori murritzago bihurtzen da hizkuntza gitxitu batean idazten badogu. Euskal literaturea urritu egin da azken urteotan, baina gauza barriak argitaratzen ditu. Irakurle militante batzuk bakarik geunkazala pentsetan hasia nintzan, etsituta. Baina azken aldian poztu nau jakiteak esaterako, Ramon Saizarbitoriaren liburuaren zain jente piloa dagoala. Literatureak irauten dauen seinale da.


11.- Kalean da zure lehenengo liburua. Zer espero dozu ekartea? Eta zein dira zure asmoak, hemendik aurrera.

Aurpegi barri bat naz euskal literaturearen plazan. Hasibarriaren lana dakart, plazara urten barria danarena. Irakurleari 8 kontakizun eskaintzen deutsodaz. Danak desbardinak, batak besteagaz zerikusirik ez daukenak. Igartza bekeak zabaldu deust atea. Hemendik aurrera, ate hori zabalik segiduteko ahalegina egingo dot.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu