Euskereari gorazarre egingo deutsie Madrilen martiaren 13tik 15era

Bizkaie! 2012-03-01 10:20   Euskerea berbagai

Jardunaldien helburua Madrilen euskereari gorazarre egitea da, azken urteotan euskalgintzan emon diran aurrerapausuak nabarmenduz, etorkizun handiko hizkuntzea dala erakutsiz eta hizkuntzalaritzan eta literaturan goi-mailako emoitzak lortzen dagoala adierazoz.

Etxepare Euskal Institutuak, Euskaltzaindiak eta Euskalerriaren Adiskideen Alkarteak Madrilen martiaren 13tik 15era bitartean egingo diran Euskereari gorazarre / El euskera, una lengua con futuro izeneko jardunaldiak aurkeztu ditue Eusko Jaurlaritzearen Madrilgo ordezkaritzan.

Jardunaldien helburua Madrilen euskereari gorazarre egitea da, azken urteotan euskalgintzan emon diran aurrerapausuak nabarmenduz, etorkizun handiko hizkuntzea dala erakutsiz eta hizkuntzalaritzan eta literaturan goi-mailako emoitzak lortzen dagoala adierazoz.

Eusko Jaurlaritzako Madrilgo ordezkari Irune Agirrezabalek bertaratutakoei ondoetorria egin eta jardunaldiak antolatu dituen erakundeen arduradunak aurkeztu ditu: Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua, Carlos Maria Hernandez Euskalerriko Adiskideen Alkarteko ordezkaria, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko euskerearen sustapen eta hedapenerako zuzendaria, Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkaria eta Jose Ramon Montejo Euskalerriko Adiskideen Alkarteko zuzendaritzako batzordekidea.

Aizpea Goenaga berba egin eban lehenengoa izan zan, eta jardunaldiak antolatzerakoan erakundeen arteko koordinazinoaren garrantzia azpimarratu dau, Etxepare Euskal Institutuaren espirituagaz bat eginez: alkarlanean egindako lan eta dinamikak abian jartea eta defendidutea, gure hizkuntzearen eta kulturearen alde. Gaur euskereari merezidu dituan ohorea eta ospea emon behar deutsaguz, jagokon oihartzuna izan daian, gaineratu dau. Bestalde, martiaren 16an Etxepare Euskal Institutuak AT! talde-ikuskizunaren bersino gaurkotua Madrilen eskainiko dauela iragarri dau.


Erorkizuneko hizkuntzea

Andres Urrutiak jardunaldi honeek euskerearen eta euskal kulturearen alorrean egindako lana azpimarratzeko baliotsuak izango dirala azaldu dau. Euskerea etorkizunekoa izan nahi dauen hizkuntzea dala esan dau, jakintza eta teknologia barrien mundu batean eta eguneroko erabilera eta lanketan bere tokia bilatzen dagoana. Urrutiaren eretxiz, horixe da jardunaldien alde aitagarrienetariko bat, hizkuntzalaritza eta komunikazino alorretan gizarteak dituan eskakizun barrietara gero eta edegiago dagoan hizkuntzearen inguruan sortzen dagozan errealidade barriak ikusi ahal izatea.

Bestalde, Carlos Maria Hernandez pozik agertu da hiru erakundeek Madrilen euskal kulturearen sustatzaile eta alkarteko partaide izandako bi persona gogoan izango dituelako. Holan, alde batetik, euskera munduko erreferente izan zan Henrike Knörri egingo jakon omenaldia ekarri dau gogora: 'Euskaltzaindiako Ikerketa zuzendari eta Euskal Herriko Unibersidadeko Euskal Filologiako katedradun izan ondoren 2008an hil zana, oraindino sortze-heldutasunean egoalarik'. Bestalde, Pedro de Yrizar ikerlari, goi mailako hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzain izandakoaren omenez egingo dan ekitaldia gogoratu dau.

Azkenik, Mari Jose Olaziregik egitarauaren zehetasunak azaldu ditu, hainbat ekimen azpimaratuz, besteak beste, La Creación en el País Vasco: utopías y desafíos mahai-ingurua emakumezko euskal idazleakaz -Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez-, Bernardo Atxagak Jabier Muguruzagaz batera eskainiko dauen Katuak eta paradisua' ikuskizuna edota Madrileko euskera ikasleakaz egingo dan topaketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu