Hizkuntza-eskubideak errespetetako betebeharra errealidadera ekarri behar dala esan deutso Behatokiak Arartekoari
2012-02-27 13:12 Euskerea berbagaiEuskal Autonomia Erkidego osoan da euskerea berezko hizkuntza, eta status ofiziala hiru lurraldeetan esleitu eta legeak hizkuntza-eskubideak autortu arren, horreen bermerako mekanismo juridiko-administratibo eraginkorrik ez da abian jarri, esan dau Garbiñe Petriatik.
Garbiñe Petriati Behatokia erakundeko zuzendaria eta Arantza Haranburu Behatokiko kidea Iñigo Lamarca Arartekoagaz batzartu ziran pasa dan barikuan, hamar urteko txostenaren aurkezpenakaz jarraituz, eta hizkuntza-eskubideak errespetetako betebeharra errealidadera ekarri behar dala adierazo deutsie. Euskal Autonomia Erkidego osoan da euskerea berezko hizkuntza, eta status ofiziala hiru lurraldeetan esleitu eta legeak hizkuntza-eskubideak autortu arren, horreen bermerako mekanismo juridiko-administratibo eraginkorrik ez da abian jarri, esan dau Garbiñe Petriatik Arartekoaren bulegoan egindako agerraldian.
Erakundeak ofizialtasunak eragiten dituan ondorio juridikoak betetetik urrun dagozala esan deutso Behatokiak Arartekoari, eta, are gehiago, eskubideen babeserako legeria betearazoteko derrigortasunik ez egoteak, hizkuntza-eskubideen urraketak betikotu egiten dituala.
Behatokiaren arabera, hamar urte honeetan, arlo batzuetan urtez urte hizkuntza-eskubideen urraketak errepetidu egin dira eta alor horreek baltzune izan dira hizkuntza-eskubideen bermeari jagokonean. Esaterako, osasun arloan, argi geratu da Osakidetzan egindako dekretuak eta planak herritarren eskubideak babesteko eta bermatzeko ez dirala tresna eraginkorrak izan. Alor honi ez jako behar beste garrantziarik emon eta ondorioz, ez da behar beste aurreratu, esan dau Behatokiko zuzendariak.
Justiziaren arloa izan da beste baltzuneetako bat eta bertan, eskubideen urraketea sistematikoa dala esan dau Petriatik, hizkuntza nagusia ia bakarra gaztelania baita. Herrizaingo Sailari jagokonez, hartu-emonak euskeraz ez bermatzeaz gan, agenteen tratu zakarra eta nagusikeria izan dira gehien salatutako jokabideak.
Eremu sozioekonomikoan, 123/2008 dekretua aitatu dau Behatokiak eta borondatearen barruan ixten diran neurriek hizkuntza-eskubideen urraketea betikotu eta sistematizetako arriskua dabela esan dau Petriatik.
Kontuak kontu, hizkuntza-eskubideak urratzen dituen entidadeei urte honeetan guztietan bakotasun eta baltzuneak non diran helarazo jakezan arren, urraketen aurrean ez-ikusiarena edo egiten jarraitu dauela administrazinoak esan dau Petriatik. Neurri eraginkorrak hartu ezean, nekez bermatu ahal izango ditue EAEko agintariek herritarrak autortuak dituen hizkuntza-eskubideak, gaineratu dau.
Hamar urteotako datuak eskuan, Behatokiko zuzendariak esan dau euskerearen normalizazinoari ez jakola behar beste garrantzia emon eta ondorioz ez dala behar beste aurreratu. Milaka erabilera-saiakera eragotzi da hamar urteotan. Euskaldunok euskeraz biziteko dugun eskubidea ez dago bermatuta eta nabarmenak dira horretarako bidean sortzen diran ezintasunak, azaldu dau.
Hizkuntza-eskubideen zein legeen urraketen aurrean administrazinoek izan daben jarrereari be erreferentzia egin deutso Petriatik: hizkuntza-eskubideen eta legeen urraketak gertatu izanak ez dau izan eraginik horreen konponbiderako neurri edo mekanismoak abian jarteko momentuan. EAEn naturalizau egin da ordenamendu juridikoa ez betetea.
Euskereari autortu jakon ofizialtasunari berme handiagoa eskaini eta orain arte baino baliabide eta bitarteko gehiago eskaini behar jakozala aldarrikatu dau Behatokiak, eta hizkuntza-eskubideak errespetetako betebeharra errealidadera ekarri behar dala esan dau Garbiñe Petriatik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!