Xabi Hoo: 'Gure lehentasuna orain jotea, jotea eta jotea da'
2012-02-27 11:54 BarriketanEnkore taldeko abeslaria
Enkore taldea 2009an sortu zan Bilboko Errekalde auzoan eta hiru urte behar izan ditue Faktore komunak lehenengo disko luzea plazaratzeko. Hori baino lehen bi EP atara zituen, Multiplo komunetako txikiena eta Zatitzaile komunetako handiena. Ibilbide labur baina emonkorrean, batzuk aitatzearren 2010eko Gaztea Maketa Lehiaketea eta Banden Lehia irabazi zituen eta BBK Live jaialdian be joteko aukerea izan eben.
Oraintsu aurkeztu daben diskoaren, aurkezpen kontzertuen eta taldearen gorabeheren ganean ondokoak esan deuskuz Xabi Hoo taldeko abeslari eta gitarristeak:
1.- Disko barria oraintsu aurkeztu dozue zuzenean Bilborock aretoan. Zelako esperientzia izan zan?
Oso berezia izan zan. Lagunen arteko kontzertua izan zan baina arpegi ezezagunak be ikusi genduzan eta aretoa nahikoa beteta egoala ekin geuntsan. Oso gustora ibili ginan eta kontzertu gogoangarria izan zan guretzako, oso pozik geratu ginan.
2.- Talde gaztea zarie, 2009an jaio zan Enkore taldea. Sorrera momentu horreetatik zer gogoratzen edo zer azpimarratuko zeunke?
Gu lehendik be ezagutzen ginan eta halako baten taldea osotzea otu jakun euskereari, geure hizkuntzeari bultzadatxu bat emoteko amesagaz eta Bilbo inguruan nahikoa eskasa dan euskal rock kulturea zeozelan suspertzeko asmoz.
3.- Euskal rocka aitatu dozu eta egia esan estilo askotako doinuak buztartzea gustetan jatzue. Hardcore melodikoa dala zuona be entzun dogu...
Hardcore melodikoa lantzen dogula entzutea ez dogu txarto hartzen, izan be, gure nerabezaroan hardcore melodikoa entzuten genduan eta horrek eragin deuskula ez dago ukatzerik. Dana dala, hazten, nagusitzen joan ahala, beste musika estilo batzuk entzuten eta horreen eragina hartzen be joan gara eta horregaitik musika estilo asko nahasten edo buztartzen doguz gure kantuetan.
4.- Zuon ibilbide laburrean sari garrantzitsuak be irabazi dozuez, besteak beste, Gaztea Maketa Lehiaketea, Banden Lehia eta Barakaldo zein Leioako pop rock lehiaketak. Azkarregi zoazela pentsetan dozue?
Ez dakit... Baina ez dot uste inoiz azkarregi danik. Egia da hau dana pentsau barik eta oso azkar etorri jakula baina azken bi urteotan topera ibili gara, taldeari ordu piloa dedikau deutsagu, lan handia egin dogu eta orain etekinak gozetan gabiz. Holan etorri dira gauzak eta datozen moduan hartzen jakin behar da eta etorriko diran momentu on eta txarren aurrean erantzuteko prest egon behar da ze badakigu hemendik aurrera maileari eustea izango dala gogorrena.
5.- Irabazi dozuezan sari horreei esker aukerak ugalduko jatzuezala uste dozu?
Sariak, errekonozimendua eta kritika onak beti dagoz ondo, aurrera egiteko indarra emoten deutsue, gauzak ondo egiten zagozala sentiduten dozu. Berbarako, Gaztea Maketa Lahieketea irabaztea oso garrantzitsua izan da guretzako, baita horrek ekarri dauena be, BBK Libe jaialdian joteko aukerea; Japanese Voyeurs eta Les Savy Fav lako taldeek jo eben egunean izan ginan eta esperientzia zoragarria izan zan guretzako; tartetxu horretan, musikari profesional sentidu ginan, goi mailan, hain zuzen be.
6.- Faktore komunak lehenengo disko luzearen aurretik, EP bi atara dozuez Multiplo komunetako txikiena eta Zatitzaile komunetako handiena. Izenburuak ikusita pentsau lei zeozelako loturea dagoala hiruren artean...
Bai. Kontua nahikoa berezia da. Gure taldean ez da inor matematikaria eta matematikazale amorraturik be ez dago gurean. Kontua da ze lehenengo lana kaleratu baino lehen, taldekideon eta hurreko lagunen arteko SMS trukean eta sare sozialetan be ibili ginala eta maketa berbea laburtzeko mkt jarten genduala. Berehala konturatu ginan, mkt letra horreek matematikako multiplo komunetako txikiena kontzeptuagaz loturea eukala eta larregi pentsau barik lehenengo lanaren izenburutzat horixe erabili genduan. Hortik aurrera, bigarren lana be aurrekoaren osogarria zalakoan eta, Zatitzaile komunetako txikiena jarri geuntsan. Lehenengo lan luzeari jagokonez, aurreko bietako kanturen bat edo beste, urteotan sortzen ibili garen materiala batu ahal izan dogu, bederatzi kantu dakarz diskoak eta, beraz, aurreko hiru urteotan egindakoaren bildumatzat hartzen dogu. Horregaitik, izenburua be aurrekoen haritik dator: Faktore komunak.
7.- Matematikaririk ez dago taldean baina talde gaztea izanik, ikasten zabiziela pentsau daiteke. Zertan dabiz Enkoreko taldekideak?
Bai. Danok gara unibersidadeko ikasleak. Taldekideak gara Urtzi gitarrajolea, Ekaitz bateriajolea, Aitor baxujolea eta neu abeslari eta gitarrajolea. Ikasketei jagokenez, Injinerutzea, Psikologia, Ikus-entzunezko komunikazinoa eta Pedagogia ikasten gabiz. Horrezaz gan, beharrean be badabiz batzuk, musika maisu, telefonista zein tabernako zerbitzari. Danetarik egin behar da bizimodua atarateko.
8.- Faktore komunak diskoan kolaborazino garrantzitsuak izan dozuez...
Bai. Gure auzoagaz, Errekaldegaz lotura estua daukagu eta Zea Mayseko Aiora Renteriak, berbarako, Muxurik muxu kantuan kolaborau dau; gure lagun mina dan eta aspaldi geugaz kolaboretan dauen, Laia taldeko Juanmik be kolaborau dau lehenengo kantuan, Itsasoaren bestaldean izenekoan; eta diskoko zazpigarren kantuan, Latzen taldean ibilitako eta gaur egun geugaz dabilen Aitor Uriarteren lana dogu Hiru akordetan kantuan entzun geinkez. Lujo handiko kolaborazinoak izan dira guretzat.
9.- Bilborock-en diskoa zuzenan aurkeztu ostean, diskao jentaurrean aurkezten jarraitzeko asmoa dozue?
Talde danon gogoa eta diru iturri nagusiena dira kontzertuak eta, esangura horretan, diskoa ezagutarazotea da gure asmoa. Oraingoz ez daukagu beste hitzordurik baina kontzertuak berbatzeko aparteko lana egiten gagoz. Taula gainean disfrutetan dogu gehien eta gure lehentasuna orain jotea, jotea eta jotea da.
10.- Oso oker ez bagagoz zuon aurreko lanak Internetetik doban deskargetako jarri izan dozuez... Hori ona ala txarra da sortzaileentzako?
Gu kultura librearen alde gagoz. Sarritan, gura dozuna egiteko ahalmenik ez daukazula jaubetu eta beste egoera batzuetan egingo ez zeunkezan gauzak egin eta erabagiak hartzen dozuz. Gaur egun, Internet tresna oso indartsua da eta musika industria horretara bideratu beharko litzatekela pentsetan dot. Deskargen kontua geldituezina da, danok egin dogu inoiz eta harro nago ganera, aukerea hor egonda erabiltea dalako normalena.
11.- Doban deskargeteak, barriz, ez dakar dirurik artistearentzat...
Bai. Holan da. Baina nik beste aldetik begiratzen dot. Jenteak deskargetean badau, jente gehigok ezagutuko zaitu eta segurutik kontzertuak sortuko dira. Gaur egun kontzertuetan dago artistontzako diru iturria. eta artiston bizimodua.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!