Eusko Jaurlaritzeak lankidetza hitzarmena izenpetu dau Idahogaz

Bizkaie! 2012-02-22 11:59   Euskaldunak munduan

Alde biko izaera dauen politika horren bitartez, Eusko Jaurlaritzeak eskualde eta estadu sare bat eratu nahi dau, euskal enpresen interesetarako plataforma izan daitezan munduko hainbat tokitan hartu-emonak ezartzerakoan.

Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Brad Litte Idahoko (AEB) gobernadoreordeak Jaurlaritzearen eta Idahoko Gobernuaren arteko lankidetza hitzarmena izenpetu dabe Boisen (Idaho). Hitzarmenaren arabera, bi lurraldeetako enpresen arteko lantalde bat eratuko da eta laguntzinoa emongo jake enpresok aurrera egin eta alde bien interesak azter deiezan energia berriztagarrien eta teknologia barrien arloetan, besteak beste.

Echeniquek azaldu dauenez, legegintzaldi honetan beste eskualde batzuekaz egindako bigarren hitzarmena da, Akitaniagaz euroeskualdea eratu ondoren.

Alde biko izaera dauen politika horren bitartez, Eusko Jaurlaritzeak eskualde eta estadu sare bat eratu nahi dau, euskal enpresen interesetarako plataforma izan daitezan munduko hainbat tokitan hartu-emonak ezartzerakoan.

Hitzarmen horretan jaso da Euskadik enpresa bulego bat edegiko dauela Boisen eta, trukean, antzeko azpiegiturea zabalduko dauela Idahok Bilbon. Testuan hartu-emon kulturalak estutzea be azpimarratu da, baita bi lurraldeen arteko unibersidadeen eta unibersidade ikasleen arteko hartu-emon barriak ezartzea be.

Gobernu honek etapa barri bat zabaldu dau Euskadiren kanpo hartu-emonetan. Akitaniagaz egindako hitzarmenak eta Idahogaz egindako honek (Garapenerako Banku Interamerikarragaz izenpetutakoa gehitu behar jako) Euskadiren ekonomia eta enpresa interesak sustatzea dabe ardatz adierazo dau Echeniquek.

Hitzarmenaren jatorria Euskadik eta Idahok Jaialdi festan izan zituen lehen hartu-emonetan dago. Jaialdi izenekoa Idahoko uriburuan egiten da bost urtean behin eta atzerriko euskal gizataldeetako kide asko batzen ditu. Orduan, euskal ordezkaritzeak, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria buru ebala, euskal kulturearen adierazpen handi horren antolatzaileek konbidatuta hartu eban parte eta aukerea aprobetxua eban erakundeakaz eta enpresakaz lehen hartu-emonak ezartzeko; lehen kontaktu horreek Boisen izenpetutako hitzarmenean gauzatu dira orain.

Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak esan dauenez, Euskadin ez da ezagutzen Idaho estaduko enpresen ahalmenik, izan be, Idahora joan dira lehen mailako hainbat enpresa Kaliforniatik. Amerikar agintariek zein Eusko Jaurlaritzeak urratu bako bide bati ekin deutsagu; eta erraz ekin be, bi lurraldeon arteko familia eta kultura hartu-emonei esker.

Hitzarmena Boise uriko kapitolioan izenpetu dabe eta bertan izan dira mendebalde amerikarreko euskal gizataldearen hainbat kide be, besteak beste, Ben Iysursa Idahoko Estaduko estatu idazkaria; Pete Cenarrusa, kargu hori 47 urtez bete ebana; Roy Eiguren, euskal jatorria dauen lobbysta ezaguna; Patty Miller Boiseko Euskal Museoaren zuzendari kudeatzailea; David Lachiondo eta John Bieter, Boiseko Estaduko Unibersidadeko Euskal Ikasketen Programako zuzendaria eta zuzendariordea, hurranez hurran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu