Fredi Paia: 'Idazteak barruan neukan ezinegona kentzen lagundu deust'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-02-20 12:39   Barriketan

Bertsolaria

Fredi Paia bertsolari algortarrak Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Saria irabazi barri dau Hartu ez nuen deia beharragaz. Orain arte ez dau antzerki-gidoirik idatzi, baina antzerkiaren mundua ez da gauza barria berarentzat. Antzezlana irakurgai dago daborduko, hemen. Azkenaldian etnografia arloan ibili da beharrean, eta laster argitaratuko dau hirugarren liburua, Uribe kostako bertsolaritzearen ganekoa.


1.- Antzezlana idatzi, eta saria irabazi. Lehenengo aldia izanda, ez da marka txarra, ezta?

Ikuspegi horretatik begiratzen badogu, ba, ez, ez da marka txarra. Beti da pozgarria norberaren lana nonori gustau jakola jakitea, sari dabela jakitea.


2.- Egoera jakin batek eragin eban Hartu ez nuen deia idaztea. Zuk zeuk hartu ez zenduan dei batek, hain zuzen be.

Bai, egoera personal bat da abiapuntua. Aitak, hil baino egun bi lehenago, deitu egin eustan telefonoz, eta nik ez neban hartu deirik. Arantza bat geratu jatan, neurri batean. Gero, Café Bar Bilbao sariketearen barri ailegau jatan. Kasualidadea izan edo ez, kontua da aita eta biok taberna horretan geratzen ginala. Seinale bat zala pentsau neban. Eta gidoi bat idazteari ekin neutson. Euskal Herria bada gizarte bat, baloreen aldetik eta, esaten dana ez dala kontau behar ezta etxean zer jaten dogun be. Sentimenduen ganean berba egitea ez da ohikoa. Arazo asko unibersalak dira, danok pasau gara hortik, eta pasauko gara, eta ez dauenak hori ezagutzen, okerrago, gurasoek seme-alaben hilobiak ikusiko ditue eta.

Hasieran duda batzuk izan nituan, baina azkenean idazten hasi nintzan. Fikzinoaren bidez errepoduzidu neban istorioa, eta ostean sariketara aurkeztea erabagi neban. Fikzinoz beteta egon arren, gai unibersala da. Fikzino nagusi bat dago; personaia guztiek ezagutzen dabe etorkizuna, zer pasauko dan. Egia esan gauzak oso desbardin planteauko geunkez gure inguruko jenteagaz daukaguzan hartu-emonetan, etorkizuna ezagutu ezkero. Jente guztia betiko dala pentsetan dogu, gauza guztiak beti hor egongo dirala.


3.- Gatxa egiten jaku barrukoak kontetea, ezta?

Ez dogu aparteko kezka edo lotsaroi izan behar holango gauzak gizarteratzeko, gauza oso personalek izaera unibersala euki leikie. Hobe geunke gai honeen ganean zabalago berba egingo bagendu. Jentea ez dago ohituta. Nire etnografia lanetan behin baino gehiagotan pasau jat edadeko gizon eta emakumeekaz berbetan, egundo inori kontau bakoak neuri esatea. Etxekoei inoiz kontau ez, eta neuri kontau. Igarri dot badagoela beharra gauzak kontetako, azken baten norberari pasetan jakona ez da hain arraroa be; gauza unibersalak dira, danok antzera bizi doguzanak. Bago preminea konpartiduteko. Bakotxak bere bidea topau behar dau, nik konpartiduteko idaztea erabagi dot. Pentsau neban akaso nire istorioak nonorik lagunduko deutsala zeozertan.


4.- Nonorentzat lagungarri izateaz gan, zeuri be lagundu deutsu gidoia idazteak?

Bai, niri barruan neukan ezinegon bat kentzen lagundu deust. Gauza erridikuloa ere bada, deia ez neban hartu eta ez dot inoiz jakingo zertatarako deitzen eustan aitak, zer esan behar eustan. Duda hori hor geratuko da betiko. Jazoerea fikzino baten bidez berregin dot, eta balio izan deust ezinegoan kentzeko, aita agurtzeko. Holango gauzek barruan daukagun zulo baltz hori atarateko balio izaten dabe; hori egiteko modua topau behar da.

Bitxia da, artearen bidez, idazketearen bidez, zelan arintzen diran gauzak. Kontua da mina energia bihurtzeko bitartekoa izatea, batzuk triatloiak egingo dituen, eta beste batzuri idazteak funzionetan deusku.


5.- Eta, orain, antzezlana taularatzeko asmorik badaukazu?

Ba, badago aukera bat. Zemendian, Getxon Euskerearen Astea egiten da. Izan leike orduan taularatzea Hartu ez nuen deia, beste lan bategaz batera. ain urte batzuk beste getxotar batek, Jon Urrazak, Café Bar Bilbao saria irabazi eban Morritson eta Gartzia: kultoko antzezlana lanagaitik. Antzezlan biak egiteko asmoa daukagu. Euskera teknikariak eta Udalak interesa dauke. Biak antzerki laburrak dira, eta egun berean taularatzeko modukoak.


6.- Ba, ez da bape erraza antzezlanak eszenaratzea...

Ez, ez da erraza izaten. Dana dala, gidoi honek bete dau bete behar eban funtzinoa, eta gehiago bere bai, saria irabazi eta abar. Orain, dudan nago, zelan erreakzinauko dodan nire testua antzerkiaren arauen barruan ikusten dodanean.


7.- Dana dala, egin izan dozu zeozertxu antzerkiaren munduan, ezta? Ander Lipusegaz , Gilkitxaro taldeagaz...

Guk umetatik ezagutu doguz antzerkiaren munduan nonor ei diran egileak, Stanislavsky, Grotosky, Ionesco, Becket eta hor danak. Etxeko eguneroko bizimoduan ezagutu doguz. Arrebetako batek ohiturea eukan, telebisinoa ikusten egoala, artaziak edegi eta zarratu ibilteko, zaratea eginez. Ama gelan sartu eta Grotosky!! esaten eban, eta berak azaltzen euskun nor zan Grotosky, eta zer egiten eban. Gure amak arte dramatikoa ikasi eban Madrilen, antzezlea izan da. Antzerkia gauza normala zan gure eguneroko egoeretan. Amak Hamlet deitzen eustan txikitan; goizean, altxau, eta ez nekien mendira joan ala piszinara joan, bainujantzia hartu ala botak hartu, ezin erabagita egoten nintzan sarritan.

Gilkitxaro taldearen lan batean agertu nintzen lehenengo aldiz publiko aurrean. Trokaolatarrak antzezlanean kopla batzuk idatzi nituan. Oso ondo pasau genduan, ganera. Ander Lipusagaz Bertsotranpak lanean parte hartu neban, Andoni Egañagaz batera. Txapelketa nagusiaren karikaturizazinoa bat zan. Beste behin, Antton Lukuren eskutik, Arkaitz Estiballesegaz batera beste lan batean parte hartu neban.


8.- Azkenaldian, etnografia arloa landu dozu. Igaz, Busturia bizimodua eta ohitura liburua argitaratu zenduan, eta orain hiru bat urte, Maruri-Jatabe bizimodua eta ohiturak. Gustura zabilz etnografia lanak egiten?

Esperientzia zoragarria izan da; Labayrugaz egindako lanak, Mauriziarei buruz egindakoa anaiagaz batera... Oso garrantzitsua izan da niretzat. Aurten beste lan bat argitaratuko dot: Uribe kostako bertsolaritzea 1900-1980. Hori izan dot ikergai akabuko urtean. Joseba Santxok eta Josu Landetak 80ko hamarkadan abiatu eben ikerketea, eta guk hartu egin dogu barriro.

Interesgarria izan da etnografia orokorra ezagutzea, batez be non bizi nazen jakiteko. Beste alde batetik, jente asko ezagutu dot. Zelango gizarte egitura daukagun ezagutzeko aukerea emon deust. Askotan, herrialde musulmanetara joan, eta emakumeen egoereaz galdetzen dogu, eta eurek, gure nagusien ganean itaunduz erantzuten deskue. Batak ez dau beste justifiketan, baina badago zer hausnartu. Batzuk badinoe zibilizazino baten garapena neurtzen dala nagusiei emoten jakien tratuaren arabera. Etnografiak begiak zabaldu deustaz errealidade askotara.

Zer gizarte eredu daukagun, zergaitik behar dogun bakotxak etxe bat biziteko, horrek zer lotura egiten dituan ekonomikoki, gizartea mobilizetako zailtausunak... Eta batez be jentea bakarrik geratzen dala. Euskal Herrian sasoi batean hiru-lau belaunaldi etxe berean bizi ziran, eta zentzua eukan. Laster konturatuko gara horregaz.


9.- Etnografia lantzen segiduteko asmoa daukazu?

Etnografia nire bizitzearen fase bat izan da. Beti segiduko dot etnografian, azken batean herri honen kulturea interesetan jatalako, baina Uribe kostako bertsoaritzearen ganeako liburua behin amaituta, ziklo hori itxiko dot. Zazpi urte emon dodaz etnografia munduan.

Orain beste gauza batzutan ibilteko asmoa daukat. Uribe kostako bertsolaritzearen ganeko datu interesgarriak argitaratuko dira liburuan, gauza kuriosoak, esaterako musikeak zer paper eukan bat-bateko bertsolaritzean. Nire eskualdea, Uribe kosta, batzuk Txorierriko itsasaldea deitzen dabena, nahiko ezezaguna da euskalduntasunaren ikuspuntutik. Hemen, surfa, dirudunen auzoak, txaletak... hori da gehien ezagutzen dana. Mendeetan, hemen gizarte euskalduna izan da, ezaugarri bereziekaz. Inork ez dau ikertu, ez Barandiaranek ez inork. Hemengo euskalkia be, akabuko urteetan batu da gehien. Lehendik be landu izan dabe Iñaki Gamindek eta Xabi Bilbaok, esaterako.

Askotan pasau da ikerlariak ez daukala gizarteratzaile senik, eta gizarteratzailea ez dala ikertzailea. Orduan, gizarteratzen danak ez dauka zerikusirik errealidadeagaz, eta errealidadea dagio kajoi batean, nork gizarteratuko itxaroten.


10.- Zelan sartu zinan ba etnografia munduan?

Gauza guztietan pasau jatan lez, istorio arraroa da. Beti izan dot jakin-mina, gurasoek umetan erosi euskuezan Barandiaranen lanak, eta institutu garairako irakurrita neukazan. Metodologiari jagokonez, Joseba Santxok baserriatara eroaten ninduen grabazinoak egiten. Ahozkotasunari buruzko ikastaroa egin neban hamasei urte nebazala. Halango baten, proiektu baten parte hartzeko aukerea sortuu zan... Bidai zoragarria izan da nire eskualdea ezagutzea. Daborduko, ez nago Labayrun lanean, baina laguntzen segiduko dot bertsolaritzeari buruzko liburua kaleratu arte. Orain, beste proiektu batean nabil. Roslyn M. Franken nazinoarteko lantaldea parte hartzeko asmoa daukat. Bergaran izan nintzan bere hitzaldi baten, eta lantaldean laguntzeko gonbitea jaso neban. Ekimen zabala da.


11.- Aupa Maurizia! argitaratu zenduan anaiagaz. Zelan konpondu zinien?

Bizkaiko Trikitixa Alkarteak proponidu euskun Mauriziari buruzko liburua idaztea. Beharra banatu egin genduan; anaiak biografia personala egin eban, eta nik, etnomusikologia arloa. Mauriziaren bizitzearen barri emoteagaz batera, sasoi haretan Bizkaiko mendebaldean egiten zan musikea, erreperorioa eta abar batu genduzan.


12.- Musika arloan be bazabilz?

Biolina joten dot. Eta laster Gibel urdinak taldekook diskoa argitaratuko dogu. Diskoan Sua izeneko pelikulako soinu bandea eta beste kanta batzuk batuko doguz. Eneko Aritzaren Lagunak taldearen proiektua da Sua: XVIII. mendean Pier de Lancre inkisidoreak Lapurdira egindakoak kontetan ditu. Soinu bandea egiteko eskatu euskuen eta horretan gabilz.


13.- Bertsolaria zara; antza zeuon burmuinak aztergai dira zientzilari batzuentzat. Bertsoek eragite dituen prozesu mentalak sano bereziak ei dira...

Kontu bitxia eta interesgarria da. Bertsotan gabilzanean burua gauza arraroak egiten ditu. Esperimento bat egin dot: bertsotan nabilela, atzamarra zigarroagaz erre. Ba, ez dot minin sentidu bertsoa amaitu arteko. Hagineko minagaz be, bardin. Kantetan gagozanean, kantetan gagozana baino hurrengo errimea, hurrengo bertsoa, daukagu buruan, beti gabilz pausu bat aurrerago. Buruan gauza arraroak egiten doguz, bai. Baina, euskerea ama-hizkuntza daben bertsolarien burmuinak bakarrik aztertuko ditue, beraz anaia eta biok kanpo geratuko gara. Ganera, ezkertirik be ez dabe hartuko; anaia birritan baztertuko dabe, orduan.


14.- Diferente funzionuko ete dau bertsolariaren buruak euskaldun zahar edo euskaldun barri izan, ala?

Ba, ez dakit, ez dabi sekula jakingo, ez gaitue aztertuko eta. Ezinggo dabe konparaketarik egin. Ikerketa interesgarria begitantzen jat, baina uste dot ez dala seinale ona akabuko asteetan bertsolaritza arloa hori izatea albiste nagusia. Ez da ona kulturgintza mailan. Jente berezia gara, ikertu behra danjente berezi-berezia. Mexikoko golkoan ikertzen dan tximinoi erraldoia lez, edo antzeko zeozer. Bitxikeria albiste da; eta bitxikeria hori da bertsolaritzeak gizarteari eskaintzeko daukan gauzarik interesgarriena komunikabideen ikuspuntutik.

Gizartearen arauetara moldatzen gabilz; lehiaketak, txapelketak... Egia esan ez dago eztabaidarik, ez dago mobimenturik euskal gizartean kulturgintzean norantz joan beharko leuken eztabaidatzeko. Apenas dago debaterik. Lehiakortiasunaren arauetara makurtu gara. Aldi berean, hori be beharrezko da, ze hori be ez balitz, okerrago egongo ginateke. Edozelan be, zer pentsau emon beharko leuke.


15. Hegoameriketan izan zara hainbat bider, bertsotan, bertako payadoreekaz eta hartu-emonetan...

Proiektu eta garai desbardinetan izan naz Hegoameriketan. Anaia eta Maialen Lujanbiogaz bidai potenetea egin neban. Brasil, Uruguai eta Mexikon izan ginen. Payadoreak eta Brasileko inprobisadoreak ezagutu genduzan. Pentsetan genduan baino aberastasun handiagoa dago. Kanpoan bertsotan ibilitakoa naz, Londresenn, Atenasen, Palestinan, Kurdistanen eta abar. Bertako hizkuntzan egiten ahalegintzen naz beti, musika-tresnak be eroaten doguz... 2003an nazinoarteko biltzarra antolatu eban Bertsozale alkarteak, 16 kulturatako inprobisadoreak batu ginan. 2010ean beste biltzar bat egiteko asmoa egoan, baina ez zan egin. Penea da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu