Gasteizko Udalak bertsolaritzea sustatzeko eta transmitiduteko hitzarmena bertan behera itxi dau

Arabako Bertsozale Alkartea 2012-02-17 11:25   Bertsolaritzea

2012an udal aurrekontuetan Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Alkarteagaz azken 4 urteotan izan dauen hitzarmena bertan behera ixteko asmoaren barri jaso dau Arabako Bertsozale Alkarteak hedabide eta alderdi politikoen bidez, baina udalaren aldetik ezelako azalpenik jaso barik.

2012an udal aurrekontuetan Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Alkarteagaz azken 4 urteotan izan dauen hitzarmena bertan behera ixteko asmoaren barri jaso dau Arabako Bertsozale Alkarteak hedabide eta alderdi politikoen bidez, baina udalaren aldetik ezelako azalpenik jaso barik. Are gehiago, zemendian Encina Serranogaz izandako bileran krisiaz eta beherapenez berba egin eben arren, erabateko murrizketearen ganean ez zan ezer aitatu.

Lanean gabiz Gu ere bertsolari proiektuagaz Gasteizko 700 umegaz, Arabako kuadrilla arteko bertso txapelketako bat-bateko 5 talde dabiz Gasteizen alkarren arteko lehian, eta 8 dira bertso-sorta kolektiboen lehiaketan dabilzan taldeak, 100 lagun guztira, bertso-eskolan 4 talde daukaguz martxan, haur eta gazte taldeak… Eta ikasturte erdian gagoz. Arabako Bertsozale Alkartearen Gasteizko proiektu guztia dago jokoan. Salatu nahi dogu beraz, hasteko, era honetako mozketa gogorra egiteko modu baldarra eta ardurabakoa.

Kleenex-ak lez

Aurrekontu honeekaz egin dana lotsagarria begitantzen jaku: dagoana modu arrazional batean banatu beharrean, batzuk mantendu, proiektu barri distiratsuak sortu eta beste batzuk kleenexak lez sastarretara bota dituela. Hori da gure kasua.

Kultureari emon jakon egurra ikaragarria da. Katagorriek arrazoi dabe. Aurrekontuek kultureari eskaintzen deutsiena agintarien kultur mailaren adierazgarri baldin bada, jai daukagu.


'El euskara no se toca' guzur erraldoia

Edozelan be, euskerazko kulturea eta gaztelerazko kultura ez dagoz inondik inora be ekonomikoki eta politikoki maila berean. Euskerazko kultureak ezin dau plaza eta zentimo bakar bat be galdu. Biziraupena dago jokoan. Alkateak esan dau 'el euskara no se toca', bada gure kasuan guzur erraldoia da. Are gehiago, alderdi popularrak gobernuan egonik bultzatu eban Euskara bizibarritzeko plan nagusiagaz erabateko kontraesana da gure hitzarmena bertan behera ixtea.

30 urte luze honeetan euskerearen berreskuratze prozesuaren eskutik joan da beti bertsolaritzea, ekarpena egin deutsagu eta bertatik edan dogu, alkar elikatu dogu. Euskerea sua izan bada, bertsoa hauspoa. Alkarren beharra daukagu eta izango dogu aurrerantzean.


Green capital edo gris capital?

50.000 eurotik 0ra. Alde handia dago. Baina alde handiagoa dago Araban herriz herri eskualde guztietan bertsolaritzea ikastetxeetan lantzeko, bertso-eskolak sortzeko, bertsolaritzea zabaltzeko eta bertso saioak sustatzeko emoten ari dan salto izugarriaren eta Gasteizen eragin nahi dan zuloaren artean. Bide horretatik jarraituta eraztun berdea beharrean, Arabako mapan zulo grisa izango da Gasteiz.

Eta zulo grisa izango da bertso mobimentuaren sorburuan, bihotzean, bertsolari eta bertsozale gehien dituan Arabako gunean, Arabako lehen bertso-eskolae sortu zan lekuan. Bertso-eskoleak 30 urte beteko ditu aurten. Zoritxarreko urteurrena Gasteizko bertso-eskolearentzat. Egindako lan guztiaren ondoren, 30 urte atzera egin behar ete dogu?

Egoera horrek suposatzen dauena argi esan nahi dogu: bertsolariak eta bertsozaleak baztertzea, plazak suntsitzea, 30 urte bete barri dituan Gasteizko bertso-eskolea finantziazino barik ixtea eta momentu honetan Gasteizko 700 haur eta gaztetxugaz, 7 eskolatan, astez aste egiten gabilzan lana bertan behera ixtea ikasturte erdian. Eta hau ez da gastu soil bat, gaur egungo helduen eta etorkizuneko belaunaldien euskerearen kalidadea eta erabilerea bultzatzeko preziorik bako inbersinoa baino.


Eskaera argia

Sinistu nahi dogu, Gasteizko Udala ez dela kontziente bere erabagiaren ondorioez, ez dituala bertsolariak isilarazo gura, ez dauela euskal kulturea baztertu gura. Ez dauela gazte zein helduak Gasteizen euskeraz bizitea eta euskeraz gozetea posibleago egiten dauen ekosistema aberatsa hausi gura. Sinistu gura dogu. Holan bada, eskaera argia egin nahi deutsagu: bere erabagia atzera botatea. Akatsak zuzentzea jakintsuen birtudea ei da.

Prentsaurrekaon presente egon diran edo babesa adierazo deuskuen taldeak:

• Geu Gasteiz
• Euskal Herrian Euskaraz
• Euskharan Kultur Elkartea
• Euskara Elkarteen topagunea
• Euskal Herriko Bertsozale Elkartea
• Euskaltzaindia
• AEK
• IKA
• Irale
• Barrutia ikastola
• Toki eder ikastola
• Angel Ganivel ikastetxea
• Abendaño ikastola
• Gasteizko bertso-eskolako sortzaileak, ikasleak eta irakasleak
• Gasteizko bertsolariak
• 7. Alaba auzo Elkartea
• Gasteizko gaztetxea

Babesa adierazo deuskuen alderdi politikoak: EAJ, PSOE eta Bildu

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu