XIX. mendearen bigarren erdiko errusiar musikariak protagonista, 'Musika-Música' jaialdian aurten
2012-02-15 14:38 MusikeaBilbao 700 Fundazinoak antolatuta, martiaren 2an, 3an eta 4an, Bilboko Euskalduna jauregian, 69 kontzertu egongo dira, Errusiako distira lelopean. Izan be, 2012an, Errusiako nazionalismo musikalaren ordezkariek konposatutako piezak izango dira Musika-Música jaialdiaren ardatza.
Bilbao 700 Fundazinoak antolatuta, martiaren 2an, 3an eta 4an, Bilboko Euskalduna jauregian, 69 kontzertu egongo dira, Errusiako distira lelopean. Izan be, 2012an, Errusiako nazionalismo musikalaren ordezkariek konposatutako piezak izango dira Musika-Música jaialdiaren ardatza.
Glinka, Borodin, Balakirev, Mussorgski, Txaikovski, Rimski-Korsakov, Skriabin eta Ratxmaninov izan ziran errusiar nazionalismo musikalaren bultzatzaile eta konpositore ospetsuenak eta danen piezak entzun ahal izango dira Bilbon. XIX. mendera arte, Errusiako adierazpen kulturala Frantziaren eraginpean egoan, baina Napoleonen inbasinoaren ostean eta eliteak bultzatuta, Errusiako herriaren tradizinoen aldeko mobimentua gailendu zan. Holan, Glinka konpositorea lehenengo eta ganerakoak gero, beste musika molde bat egiten hasi ziran. Oso pieza ederrak dira sasoi haretakoak, Errusiaren arimea agirian daukie, azaldu dau Begoña Salinas Musika-Música jaialdiko arduradunak, pieza batzuk oso ezagunak egin dira, baina guk, Bilbon, ia ahaztuta dagozan beste batzuk be berreskuratuko doguz.
Musika-Música jaialdiaren hamaikagarren ekitaldi honetan, Euskalduna Jauregiko bost areto hartuko ditue martiaren 2tik 4ra, 69 kontzertu, batzuk ia ordu berean, programau doguz, non aukeratua egongo da adierazo dau Salinasek. Glinka, Borodin, Balakirev, Mussorgski, Txaikovski, Rimski-Korsakov, Skriabin eta Ratxmaninov-en piezak joteko, mundu osoko goi mailako orkestra, banda eta bakarlariak ekarriko ditue, tartean Errusiatik, Poloniatik, Galiziatik eta abar datozanak. Bilboko Orkestra Sinfonikoak be parte hartuko dau eta Europako abesbatzarik zaharrenak, Sant Petersburgekoak, be bai.
Gure helburua, 2002an hasi ginanetik, musika klasikoa gizartera zabatzea izan da, eta asmo horregaz jarraitzen dogu, aitatu dau Salinasek. Holan, aurten be, prezio merkeak egongo dira, 5 eta 9 euro artekoak. Jaialdira datozan herritarretatik, zati txiki bat musikeagaz betiko zaletuten bada, gustura geratuko gara, ganeratu dau. Dobako berbaldi zikloa be antolatu dabe Musika-Música jaialdiaren harira. Zezeilaren 20tik 23ra, Bilboko Zabalguneko eraikinean, bost berbaldi egongo dira, Errusiako musikeari buruz.
Musika-Música jaialdiaren beste ezaugarrietako bat, asmo pedagogikoa da. Zezeilaren 6an hasita eta bariku honetara arte, ikastetxeetako neska-mutilentzako jarduera ugari egiten dabilz eta kontserbatorioetako ikasleek be partehartze berezia eukiko dabela iragarri dabe. Guztira, ikastetxeetako 3.500 gaztetxu eta kontserbatorioetako mila inguru ibiliko dira jarduerotan. Jaialdi hau, etorkizunerako hazia da, azpimarratu dau Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko kultura zinegotziak. Musika-Música inbersinoa da guretzat, kultura arloko inbersinoa, nabarmendu dau Bengoetxeak, epe luzerako asmoa da eta krisi sasoi honetan be eutsiko deutsagu apustuari. Begoña Salinas pozik dago aurten eratu daben egitarauagaz, jaialdi biribila da, pieza zoragarriak eta interprete bikainak batuko doguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!