Euskal Erkidegoko hizkuntz industria Europako sektorearen % 7koa da eta munduko fakturazinoaren % 3koa
2012-02-14 13:58 Euskerea berbagaiNegozioaren banaketa geografikoari jagokonez, sektoreko enpresen % 50 Gipuzkoan kokatuta dagoz, % 40 Bizkaian eta % 10 Araban. Langileen % 77k 45 urte baino gitxiago ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntz Industriak igaz 602,4 miloe euro fakturau zituan, eta 3.307 personari emon eutsen enplegua, horrek esan nahi dau sektoreak Europan daukan bolumenaren % 7 eta mundu mailako % 3. Negozioaren banaketa geografikoari jagokonez, sektoreko enpresen % 50 Gipuzkoan kokatuta dagoz, % 40 Bizkaian eta % 10 Araban. Langileen % 77k 45 urte baino gitxiago ditu.
Gaur Donostian UPV/EHUko Informatika Fakultadean egin dan bilera orokorrean datu honeen barri emon dabe Langune, Hizkuntz Industrien Alkartea Euskal Herrian izenekoaren III. Batzar Nagusia egiten dala eta. Langunek 30 erakunde eta gehiago hartzen ditu (enpresa, zentro teknologiko, unibersidadeetako ikerketa talde...), azpisektore honeetan dabilzanak: itzulpengintzea, irakaskuntzea, edukiak eta hizkuntza teknologiak.
Alkarteak aurreikusten dau 2012an zehar sektorea % 3 inguru haziko dala. Horixe emon dabe aditzera prentsaurrekoan Languneko presidenteak, Josu Waliñok; diruzainak, Ritxi Lizarzak; eta zuzendari nagusiak, Fernando Alanak.
Josu Waliñok bere hitzaldian nabarmendu egin dau Hizkuntzaren Industriaren sektorea etenbarik aldatzen eta hazten dagoala eta gogorarazo dau jentea hasita dagoala hizkuntzak ekonomia hazkundearen bultzatzaile lez eta ez kostu lez ikusten, produktua kanpoko merkatuetan saltzeko erabilten diranean. Hizkuntz Industria –erantsi dau Languneko presidenteak-, sektorea be hazten doa eta garrantzitsua da Euskadin, eta eleaniztasunari esker gure gizartean guztiz errotutako sektore bihurtu da, sektore estrategiko bihurtu da.
Waliñok dinoanez, eleaniztasuna enpresetan hazten doan beharra da eta erakundeen hizkuntza trebetasunak ezinbesteko arma dira merkatuetan eta produktibidadean enpresentzat. Halan da be, hizkuntza trebetasunak oraindino be gure enpresa ehunaren eta ehun soziolaboralaren bakotasunik nabarmenetako bat dira. Horregaitik garrantzitsuak dira Langunek zeharkako sektore lez gure ekonomiako beste sektoreetara eskaini leikezan zerbitzu eta produktuak, esan dau amaitzeko.
Beste alde batetik, Languneko zuzendari nagusiak, Fernando Alanak, nabarmendu dau beste sektore batzuekaz alderatzen bada ikusten dala Hizkuntzaren Industriak Euskal Autonomia Erkidegoarentzat izan leiken garrantzia, merkatu europarraren % 7 baita, eta aldiz, Euskal Erkidegoan finkatuagoak diran beste sektore batzuk, garraioa eta telekomunikazinoak, esate baterako, bi sektoreen merkatu europarraren % 0,74 eta % 1,33 dirala hurranez hurran.
Alanak azaldu dau Langune Alkartea ofizialki 2010ean eratu zala sektoreko enpresa talde baten lankidetzeari esker, euren hazkundea bultzatzeko eta Europan alkarte erreferente bihurtzeko. Nazinoartean gertatzen dan lez, Euskal Erkidegoan Hizkuntzaren Industria oso sektore banakatua da. Langunek helburu nagusitzat dauka gero eta globalizatuagoa dan merkatu batean garantiaz lehiatzeko beharrezkoa dan masa kritikoa eratzea esan dau. Hori lortzeko, Alkartetik lan egiten dabe sektorea egituratu eta batze aldera, merkatu barrietara salto egiteko eta beste aukera batzuk bilatzeko Euskal Erkidegoko beste sektore batzuekaz eta Administrazinoagaz. Holan –iragarri dau zuzendari nagusiak- Langune bete-betean dago aurrekluster bihurtzeko lanean.
Gaur egun, munduko hizkuntza zerbitzuen merkatua 10.536 miloe eurokoa dala joten da eta merkatu globalaren % 43, 4.500 miloe euro inguru, merkatu europarrari jagokonez.
Langune
Sortu, 2010ean sortu zan, Gipuzkoa Berritzen – Innobasque plataformearen barruan 2008ko zezeilean martxan jarritako lantalde batek bi urtez egindako lanaren ondorioz, eta 30 enpresatik gora hartzen ditu, itzulpengintza, eduki, irakaskuntza eta hizkuntzen teknologien arlokoak. Helburutzat dauka Hizkuntzaren Industria garatu eta haztea bultzatzea Euskal Erkidegoan, baliozko zerbitzuak emonez alkartekideen eta sektorearen mesedetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!