Bilboko Udalak seme-alabek euskerazko hezkuntzea izan deien animau ditu ia 2.900 familia

Bizkaie! 2012-02-14 11:49   Euskerea berbagai

Familiak eragin handia dauka hizkuntza-ohituretan eta gure jokabideagaz, hizkuntza bat baino gehiago jakiteko bidea emon geinkioe seme-alabei eta, bide batez, eleaniztasunaren aldeko jarrera positiboa transmitiduten deutsegu.

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, aurten be, Eman Giltza programea abiarazo dau. Egitasmoaren bidez, igaz, 2.893 familiari informazinoa helarazo jakon euskerea belaunaldiz belaunaldi transmitidutea garrantzitsua dala ohartarazoteko.

Euskera Zerbitzuak, euskeraz berba egiten ez daben gurasoakana euskerazko hezkuntzeak ardurea sorrarazoten dauela jakinda, urtero, Alkarbidegaz alkarlanean, informazinoa bialtzen deutse urte horretan jaiotako umeen familiei, hasiera-hasieratik euskeraz komuniketearen garrantziaz ohartarazoteko.

Bilboko Udaleko Euskera Zerbitzuko arduradunen arabera, familia giroa berebizikoa da seme-alaben hezkuntza-prozesuan, bai eta hizkuntzen irakaskuntzan be, nahiz eta familiak horreetakoren bat jakin ez. Euskeraz hazi eta hezteko, ezinbestekoa da inguruak horretara bultzatzea txiki-txikitatik, gaineratu dabe.

Etxean euskerea eskaini daiteke jolasen bidez, holan euskerea ikastera eta erabiltera bultzatuz seme-alabak. Informazinoaz gan, gurasoek seme-alabakaz erabilteko liburu txiki bat bialdu jake, euskerazko hiztegia, esapideak, jolasak eta abestiak batzen dituana (abestiak liburuari erantsita CDan entzun daitekez).

Familiak eragin handia dauka hizkuntza-ohituretan eta gure jokabideagaz, hizkuntza bat baino gehiago jakiteko bidea emon geinkioe seme-alabei eta, bide batez, eleaniztasunaren aldeko jarrera positiboa transmitiduten deutsegu, azaldu dabe.

Horrezaz gan, igaz hasita, programa honek webgune propioa dauka: www.emangiltza.com. Bertan, euskerearen transmisinoa bultzatzeko eta ziurtatzeko jarraibideak edo giltzak, tresnak eta baliabideak batzen dira. Era berean, aita eta ama batzuen lekukotzak jaso dira, sor daitekezan zalantzak, kezkak eta bildurrak argitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu