Kuadrillarteko txapelketan bigarren astegoiena

Bizkaie! 2012-02-13 13:26   Bertsolaritzea

Inauterietako astegoiena eta gero, azken txanpan sartuko da Arabako Kuadrila arteko Bertsolari Txapelketako liga kanporaketa fasea. Finalerdietarako ateak zabalik, talderik onenak egin daiala bidea!

Gasteizko Kutxi kalean dagoan Errexala Alkartean, berrogeita hamar bat bertsozalek saio polit bategaz gozetako aukerea izan eben joandako barikuan; holan hasi zan Kuadrillarteko ligen bigarren astegoiena.

Alde batetik, idatzizko modalidadean bertso sortak izan dira: Trebiñuko Gutxisolo Alkartea eta Otazuko Albokariak. Bikain berotu eben giroa, euren bertso eder eta antzeztuakaz. Esan beharra dago, saioz saio, gero eta gehiago lantzen dirala bertsoaren gaiak, errimak eta baita antzezteko erak be.

Honen ostean, bat batekoak etorri ziran. Bertan aurrez aurre, Gasteizko Errexala eta Gasteizko Aizkorak Zorroztu. Pedro Gomez gai-jartzailearen aginduetara ibili ziran kantuan. Saio oso txukuna eskaini eben talde biek eta txalo asko entzun ziran saio osoan zehar. Baina batek bakarrik irabazten dauenez, epaileek Gasteizko Aizkorak Zorroztu taldea aukeratu eben.

Barikuko biharamunagaz oraindino, zapatu eguerdian ekin jakon barriro txapelketeari. Aguraingo Aitxuri alkartean, goiz goizetik ibili ziran herriko hainbat chef bazkari ederra preparetan. Bapo jan eta edan ostean, bertso saioari ekin eutsien bertsozale eta bertsolariek. Alkartean batu ziran 70en bat bertsozalek bikain pasau eben ordubete pasatxuko saioan.

Idatzizko modalidadean, Aguraingo ostegunekoak eta Aguraingo ostiral iluntzetako berbalagunak izan ziran kantari, giro ederrean, publikoaren laguntzaz.

Miren Garmendia gai-jartzailearen esanetan, bat-batekoan, nor baino nor ibili ziran Aguraingo Sorginetxeko gazteak eta Arabar Errioxakoak. Hegan noa, ta hegan nator, hego haizea bezain aldakor estribilloagaz emon eutsien Errioxakoek hasierea bertso saioari. Lehia sanoan ibili ziran bi taldeak, horren adibide Aguraingoek botatako honako bertso amaierea: Gaurkoan egin dugu irri ta algara /baina badakizue garai-ezinak gara!. Eta saioari amaierea emoteko, bi taldeek batera estribillo bera erabili eben, publikoaren berotasunagaz batera: Errioxa eta Lautada /ertzetakoan onenak gara. Eta epaileek Aguraingo Sorginetxe taldea hautatu eben irabazle.

Zapatuan bertan, txapelketeak Urkabustaizera salto egin eban eta ohitureari eutsiz, bertso saioa idatzizko frogeagaz hasi zan; Izarrako neska gazteen Izarrako sorgin txuriak taldeak bertso bikainak eskaini euskuzan gaueko saioa berotzen hasteko, eta entzuleen atentzinoa eta txaloak bereganatu zituan.

Behin giroa berotuta, bertsolarien txanda heldu zan. Hasibarrien artean urduritasuna nagusitu arren, oso ondo kantau eben. Azkenean, epaileek erabakia hartu eben, Aramaio Izarrak izan ziran irabazle.

Domekako bi saioek zarratu eben bertso astegoien eder hau. Gasteizko Muñoko katuak vol II taldeak irabazi eban Aiaraldeko Altubepekoen kontra Saratxoko txokoan jokatutako kanporaketea. 30 bat lagunen artean, giro eta saio ederra osotu eben hamar bertsolariek. Muñoko katu gazteek ez dirala kikiltzen erakutsi eben, izan be, zorrotz eta sendo heldu eutsien Serapio Lopezek, Unai Mendibilek, Ainhoa Comasek, Julen Eizagirrek, Izar Mendigurenek eta Iñaki Cabezasek osotzen daben taldeari.

Idatzizko txapelketan, Laudioko Bertso Eskolakoak eta Basalarrinako Kantuzaleek preparautako bertso sortek entzuleak txaloka jarri zituen.

Eta azken saioa Zuiako ligakoa izan zan, aurreko astegoienean edurragaitik jokatu ezin izan zan saioa bertso merienda formatuan jokatu eben Aramaioko Marixeka eta Urkabustaizko Izarra taldeek. Bertan Izarrako mutilak! taldeak kantau eban idatzizkoan. Eta Aramaioko taldeak irabazi eban azkenean saioa.

Ligak pil-pilean dagoz; Gasteiz-Aiaraldea ligan, Aiaraldeko Altubepekoek Eguzkiloreen kontra irabaziko balebe bardinketea izango litzateke hiru taldeen artean. Holan bada, punturik gehien batzen dauen taldeak egingo dau aurrera. Gasteizko ligan, Kakiturri-Ehari eta Aizkorak zorroztu artean izango da finalerdietarako azken guda; Zuiako ligan Aramaioko bi taldeen arteko burrukeak emongo dau ligako irabazlea. Eta Lautada-Errioxa ligan, barriz, Aguraingo Sorginetxe taldeak finalerdietako txartela eta liga irabazita dituan arren, Zalduondo eta Errioxako taldeen arteko lehia polita eta idatzizkoaren emoitzak falta dira.

Honenbestez, inauterietako astegoiena eta gero, azken txanpan sartuko da Arabako Kuadrila arteko Bertsolari Txapelketako liga kanporaketa fasea. Finalerdietarako ateak zabalik, talderik onenak egin daiala bidea!

Informazino gehiago: www.arabakotxapelketa.org

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu