Gorka Urbizu: 'Kanpora urten arren, gure publikorik fidelena Euskal Herrian dago'
2012-02-13 11:14 BarriketanEstudioko zazpigarren diskoa kalean, Berri Txarrak Haria Tour biran bete-betean dabil egunotan. Bilboko Santana aretoan abiatu eben birea, kontzertu bietako sarrerak agortuta. Hurrengo hileetan topera ibiliko dira Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre; hurrengo hitzorduak Tolosan, zezeilaren 17an, eta Donazaharren, 18an, ditue.
1.- Bira hasierea Bilbon egin dozue, Santana aretoan. Sarrerak agortuta. Hasteko modu ezinhobea da.
Oraingoan tartea itxi dogu diskoa atara eta eta birea hasi bitartean. Holan erabagi genduan geuk be birea indarrez hartzeko eta entzuleakan gose handiagoa be sortu dau. Kristorena izan da hasierea. Santa Ana moduko areto handi bat gau bitan betetea... Birea hasteko arranke indartsua da. Halango txute bat izan da, ilusino handiagaz hasi gara.
Ganera, jenteak letrak ekiezan, diskoa goitik behera ikasita ekarren. Kontzertua kanta barriekaz hasi genduan, jenteak letrak buruz ekiezan, ia nik baino hobeto.
2.- Hurrengo hileetan agendea topera daukazue, ezta?
Bai, hasi da Haria Tour, hemendik aurrera broma gitxi. Uda bitartean, gure asmoa Euskal Herrian eta Estaduan jotea da, hori da momentuz lotuta daukaguna. Martian, Iruñean izango gara, apirilean Gasteizen eta Donostian... Estaduan zuzeneko nahikotxu daukaguz: Andaluzian, Bartzelonan, Kanarietan, Madrilen eta abar. Urrunago be joango gara, zezeilaren 25ean Boliviara goaz, Cochabambako CochaFest jaialdira, apirilean Londresen joko dogu, eta bagilean Parisen, Sit Of It All taldeagaz. Azkenengo birak kanpoan luzatu dira, eta honegaz be asmo hori daukagu.
3.- Euskal Herrian sarrerak agortu eta aretoak beteten ditu Berri Txarrakek, eta hemendik kanpo be holan da?
Ezin da konparau hemen daukagun oihartzunagaz. Kanpoko burrukea luzea eta nekeza da, eta modu berean aberasgarria eta interesgarria. Abentura moduko bat da, mundua oso handia da, eta gu, oso txikiak. Apurka-apurka egin beharrekoa da. Zortzi bat urte daroaguz kanpoan mobiduten, Alemanian, Frantzian, Japonian eta abar, eta amaitzean errepetiduten dauen jentea ikusten dogu, eta gero eta jente gehiago hurreratzen da, ganera. Dana dala, atzerrian kontzertuaren arabera alde handia dago: Rise Againstegaz jo genduan igaz, Brasilen, 3.000 lagunen aurrean. Boliviakoa be festibal handi bat da, AEBetako eta Hegoamerikako talde ezagunekaz. Kanpora urten arren, gure publikorik fidelena eta kopuruz handiena hemen daukagu, Euskal Herrian.
4.- Hizkuntzea ez da muga orduan Berri Txarrakentzat?
Ez, ez dot uste mugea danik. Aurreretxi asko dago, eta alperkeria asko bere bai. Ahalegina egin behar da, ahalegindu. Euskeraz abestea ez dala aukerarik komertzialena, argi dago. Hiztun gitxi daukan hizkuntza batean abesten badozu aukera gitxiago daukazuz, ingelesa edo gaztelania lako hizkuntzen aurrean. Hortik aurrera, nire ustez, mugak norberak ipinten ditu. Berri Txarrakek oso argi euki dau hasiera-hasieratik. Musikeak berez dauka indarra, zuzenekoetan batez be: guk hori igarri dogu, gure musikeak balio leike Brasilen, Japonian edo Tolosan. Bardin-bardin hunkitzen dau. Dana dala, nik merito apur bat kenduko neuke, izan be guk umetatik ezagutu izan dogu eszena euskeraz, eta batzutan ahaztu egiten dogu hori ez dala holan izan beti. Gu nerabe ginanean baegoan eszena euskeraz, baina horren aurretik... Euskerea rockera hurreratu eben horreek, bai, horreek bai daukiela meritoa. Musikea unibersala da, hizkuntzeak ez dauka hainbesteko pisurik.
5.- Baina batzutan musikeak badauka bestelako pisua edo, ezta?
Hizkuntzeak karga identitarioa be badauka. Espainian izan dira eta badira oraindino be aurreretxi asko, eta Euskal Herrian bertan bere bai. Gaur egun, oraindino bada jentea Nafarroan euskeraz kantetan dogula dinogunean harritzen dana. Euskerea bestea gauza batzuekaz lotzen dabelako da, edo gitxiagotzat daukielako. Aurreretxiak dira. Kanpora goazenean, japoniar batentzat ez da arraroa talde euskaldun batek euskeraz abestea. Japoniarrarentzat normala da hori.
6.- Aretoak beteteaz gan, diskoak be polito saltzen zabizie, Durangon Haria salduenetako izan zan. Ez dago krisirik Berri Txarrakentzat, ala?
Talde anakronikoa garela sentiduten dogu, kar, kar, kar. Diskoaren industria gainbehera doa eten barik; viniloa hasi da saltzen, eta salmenta digitala be zeozertxu... Baina diskogintzea, guk ezagutzen genduan lez, hankaz gora dago, disko gitxi saltzen da. Gure diskoak, barriz, saltzen dira; Payola, aurrekoa diskoa, eta oraingoa, Haria ondo saldu dira. Biak egon dira Espainiako zerrenda ofizialetan. Horrek esan nahi dau gure publikoa fidela dala, gure lan originalak euki nahi dituala, ganera. Edozelan be, ez jaku gehiegi ardura zenbat saltzen dogun; guk benetan gura doguna da Santana moduko aretoak jentez betetea, publikoak gure kantak jakitea, jentearen berotasuna jasotea.
7.- Diskogintzearen industria krisian dago, eta musikea bera?
Sorkuntzea eta zuzenekoak ez dagoz krisian, argi dago. Lisabo moduko taldeak ikusten dodaz, muturreko musikea egiten, hainbat jente mobiduten... eta kritika oso onak jasoten. Hori be bada arrakastea, dana ez da diskoak saltzea, badago hor jentearen erantzuna, eta gauzak ondo eta behar dan moduan egitea. Alde horretatik, gaur egungo eszenan adibide asko dagoz. Sorkuntzea eta rock musikea osasuntsu dagozala begitantzen jat.
8.- Publikoarenaz aparte, Berri Txarrakek aldizkari eta kritikari espezializatuen erantzuna izan dau azkenaldian...
Pentsea alde eukitea hobe, kontra eukitea baino. Azkenengo urteetan izan dogu oneretxia; ilusinoz hartzen dogu musikariak eta jente aditua ikustea gure kontzertuetan. Prentsa espezilizatuaren kritika onak izatea halango gehigarri bat da. Kontu handia euki behar da, orain alde daukazuz, eta hemendik gitxira guztiz kontra. Kritikak eretxiak dira, batzuk gure aldekoak dira, eta beste batzuk, kontrakoak. Daukien balioa emon behar jake, itsutu barik, ez onakaz ez txarrakaz. Jakina, kritika onak ilusinoz hartzen doguz, nahiago onak txarrak baino.
Azkenengo urtea lokalean sartuta emon dogu, kantak egiten, eta diskoa urteten danean ezin da jakin zer pasauko dan, ondo gabilzan, ala txarto. Perspektibea galdu egiten da. % 95k diskoa ondo hartzen dauela ikustean, ba horrek gauzak ez gabilzala hain txarto egiten esan nahi dau. Mondo sonoro, Rock Estatal eta Rockzone aldizkarietako portadetan urten gara. Oraindino badago vascofobia hori, baina apur bat arintzen dabilela emoten dau. Estadu mailan uste dot badaukagula oraindino gora egiteko aukerea. Aldizkariak animau dira gure moduko taldeak portadan erakusten, bada zeozer, ez da erraza hor agertzea, ez da ohikoa portadea emotea. Guk ez deutsagu inori ezer pagetan hor urteteko, merito musikala da.
9.- Haria diskoaren aurkezpenean, Gotzon Barandiaranek sentimenduen epikea dala esan eban. Hori ete da arrakastearen sekretua, sentimenduz idaztea, abestea?
Kontzertu batera joanda edo diskoa entzunda ezin zaitekez bardin geratu. Hori da gure asmoa. Lehenago eta ondoren bardin bazagoz, zeozer txarto dabil. Ahalegintzen gara abestietako berben, melodien, musikearen eta energiaren bitartez jentea astintzen, asko edo gitxi, zeozer eragiten. Nire gustuko musikeak hori eragin behar deust, ingelesez it deitzen deutsela uste dot. Gatxa da azaltzen; zeozer entzun eta barruan zeozer eragin behar deutsu. Gu ahalegintzen gara it hori daukan musikea egiten. Euskal Herriari buruzko abestiak daukaguz, gure inguru naturala dalako, baina beste kantu batzuetan maitasuna, edo maitasun eza, amorrua eta beste hainbat sentimendu agiri dira. Bizi doguzan sasoi korruptoak, mesfidantza hori, malaostia hori be hor dago. Jenteak hori danori sentidu leike, eta horregaz bat egin.
Batzutan horrek be bildurra emoten dau, jenteak ze punturaino bere egiten dituan zure abestiak, zure berbak. Kontzertuetan, batzutan, despistau egiten naz horregaz, jenteak benetan, barru-barruan, ditualako zeuk idatzitako kantak. Oso polita da, baina arduratu be egiten dau.
9.- Haria diskoan poparen doinuak entzuten doguz. Berri Txarrak aldatzen dabil?
Berri Txarrak etenbarik garatzen dabil, zabaltzen eta hazten. Doinu gogor-gogorrak egiten hasi ginan; diskoz disko taldearen koloreen paletea zabaldu egin da. Koloreak ezelako arazo barik txertatu doguz, eta jenteak onartu egin dau. Orain beste disko bat egin ezkero, ez dakit zein norabide hartuko geunken, baina edozein izan da be, akustikoa edo gogorragoa, Berri Txarrak izango litxake. Guk ez dogu halango plan makiabelikorik egiten, konposatzen hasi baino lehen ez dakigu nondik joko dogun. Hainbeste urteren ostean, zazpi diskoren ostean, Berri Txarrak akaso estiloen ganetik dago, taldek bere nortasuna dauka. Bolantazoak egiten segidu geinke, nortasunik galdu barik. Popa beti egon da gure musikan, akaso disko honetan azaleratu egin da, baina hor azpian baegoan pop bihotz bat lehenago be.
10.- Galder Izagirre fitxaje barriak izan dau eraginik aldaketa horretan?
Bai, eragin dau, jakina. Gu hirukoa gara, hamar izan ezkero, beharbada tronboia aldatu eta ez zan ezer igarriko, baina hiru izanda aldea igarten da, bai. Rock hiruko baten pieza bakotxa bitala da, alde horretatik Galderrek bere ukitua emon deutso. Galder Aitorregaz alderatuta, bateria desbardina da. Soinukera guztiz desbardina da bai bata eta bai bestearena, eta aldaketa hori atzemoten da, bai.
11.- AEBetan, Los Angeleseko Ross Robinson produktorearenean grabau dozue diskoa. Zenbateraino igarri da haren eskua Harian?
Kantak ez ditu egitura aldetik gehiegi aldatu, lokaletik prest eroan genduzan. Grabetako modua aldatu zan, batez be konponketak egiterakoan inprobisazino asko egin genduan estudioan. Kanten mamina ez da aldatu, baina egia da jantzi doguzala, dotore jantzi doguzala. Robinsonek garrantzi handia izan dau. Asko motibau gintuan, ia norberaren mugara eroateraino. Ahotsetan eta sentimenduetan igarten da, tensino berezia dago, energia itzela. Energia hori atara egin behar da, igarri daitela. Payola baino askoz pasionalagoa dala pentsetan dot.
12.- Zer momentu bizi dau taldeak, 17 urteko ibilbidearen ostean?
Bolada onean gagozala esango neuke, eta bolada oso ilun batetik gatozela. Oran urte eta erdi taldea hilzorian egoan, desagertzekotan gengozan. Baina, orain, bateria barri bategaz, Robinson handiagaz eta bira hasiera ilusionagarriagaz egoerea bestelakoa da. Pozarren gagoz, egindakoagaz harro. Payolaren bira erdian Berri Txarrak ixtekotan egon ginan, Aitor Goikoetxeak taldea itxi eban, eta zalantza asko izan nituan, segidu ala ez segidu. Eta aurrera egitea erabagi ostean be, ez dakizu ondo egin dozun. Disko bakotxagaz gauza bera pasetan da; sekula ez dakizu jenteak zelan hartuko dauen. Hainbeste aldaketaren ostean, zalantzea hor dago, baina erantzuna benetan be ona izan da.
Urteotan momentu larriak izan dira, baina ibilbide osoa hartu ezkero, Jaio.Musika.Hil diskoa mugarria izan zala esango neuke. Orduan bihurtu ginan hiruko, eta horrek goitik beherako aldaketea ekarri eban. Nazinoarteko bidea hasi genduan, beren-beregi edegi genduan.
13.- Goia jo izanaren sentsazinorik daukazue?
Ez, hori akats handia izango litxake. Epe luzerako lasterketea da hau, maratoia da, ez dira 100 metroak; beste kontu bat da, non gagozan jakitea, 10 kilometroan, ala 30.ean. Baina, bidean goaz, hori seguru. Bira bat amaitzen dodan bakotxean, nekatuta egoten naz, sano nekatuta, baina kantak egiten hasten gara... Lasterketa luzea da hau, gozau egin behar da, eta jenteari gozaturazo. Hori da jokoa.
14.- Berri Txarrakez aparte, bestelako proiektuetan be ibili izan zara, Katamalon, esaterako, eta ederto ibili be. Holango beste egitasmorik egiteko asmorik?
Ez daukat ezelako planik, baina gustetan jat Berri Txarrak apur baten aparkau, eta beste musika estilo batzuetan ibiltea. Aberasgarria da, asko ikasten dot beste musikari batzuen ondoan. Katamalo esperientzia polita izan zan. Etorkizunean seguru holango gehiago etorriko dirala, baina orain Hariaren biran nago, ehuneko ehun.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!