Erdi Aroko doinuetan arakatu dau Khantoria hirukoteak, Bereterretchen oinatzak diskorako

Dabi Piedra Robledo 2012-02-09 14:52   Musikea

Ikerketa lan sakona egin dau Khantoria hirukoteak Berreteretchen oinatzak diskorako, lan hau, disko hutsa baino, azterlan osoa da, nabarmendu dau Ander Berrojalbizek. Artxibo, liburutegi eta abarretan bilatu eta gero, IV. mendeko Milaneko melodia horren zatiak daukiezan hainbat kanta topau ditue Erdi Aroko errepertorioan eta diskorako moldatu ditue.

XV. mendeko Bereterretxeren khantoria abestiko hasierako melodiak emon deutse ikerketarako abiapuntua. Izan be, doinu hori Erdi Aroko Europako kanta askotan, batez be, liturgia kristinauan, behin eta barriro errepetiduten izan dala konturatu ziran. Holan, atzeraka eginaz, melodia horren jatorria IV. mendeko eleiz kanta baten egon daitekela ondorioztau dabe. Erdi Aroko beste abesti asko be topau ditue melodia beragaz. Bibolinaren eta antzeko soka-instrumentuen laguntzinoagaz interpretau ditue Khantoriakoek abestiok, Bereterretchen oinatzak diskoan.

Doinu bat behin eta barriro errepetidutea, mendeen joanean eta Europako bazter guztietan, harrigarria izan daiteke, baina Khantoria taldeko kide Ander Berrojalbizek azalpen erraza emon deutso misterioari: liturgia katolikorako, testu asko sortu zituen Erdi Aroan eta hori guztia musikau egin behar zan; horregaitik, sarritan, aurreko doinuetako txatalak erabilten ziran. Haritik tiraka eta denporan atzera eginda, ikerketea bultzatu dauen doinuaren jatorria topau dabelakoan dagoz. IV. mendean, Milan urian konposautako Jam Christus astra ascenderat ereserkia da, Mendekoste egunerako egina, ezagutzen dan musika-doinurik zaharrenetakoa, IX. mendeko idazkiei esker gorde dana.

Milango ereserkiaren eta Berreteretxeko Khantoria abestiko hasierako melodiak bardinak dira, mila urteko aldea egon arren. Berreteretxeko Khantoria bera, ezagutzen dan euskerazko abestirik zaharrenetakoa dogu, XV. mendean Zuberoan konposatua eta ahoz aho igaro dana gaur egun arte. Gitxi ikertu da kantearen melodia kopiatuari buruz, Aita Donostiak zeozer idatzi eban, baina ez asko, azaldu dau Ander Berrojalbizek, doinu hori, Milanen eta Zuberoan ez eze, Europa osoan agertu da mila urteko tarte horretan, Araban, Burgosen, Frantzian eta abar, gehienbat eleiz musikarako zati bihurtuta. Berrojalbizek teoria bat be badauka, erabat frogatu ezin dana, uste dot Berreteretxeren ganeko abesti osoa dagoala aurreko abestietako txatalez egina, guk aztertu doguna ez eze, ganerako zatiak be antxinagoko melodietan oinarritutako dagozala.

Ikerketa lan sakona egin dau Khantoria hirukoteak Berreteretchen oinatzak diskorako, lan hau, disko hutsa baino, azterlan osoa da, nabarmendu dau Ander Berrojalbizek. Artxibo, liburutegi eta abarretan bilatu eta gero, IV. mendeko Milaneko melodia horren zatiak daukiezan hainbat kanta topau ditue Erdi Aroko errepertorioan eta diskorako moldatu ditue. Bozagaz batera, bibolina da protagonista, soka-instrumentuak euskal tradizino musikalaren erdigunean egon dira beti, gaur egun ahaztuta daukagun arren, eta hori berreskuratu nahi izan dogu. XIV. mendeko dokumentuak dagoz, Nafarroako Gortean bibolinen aurrekariak erabilten zirala frogatuten ei dabenak. Bide batez, ikerketa honegaz, euskal herri-musikearen eta liturgia-musikearen arteko loturea, uste baino estuagoa, azaleratu dabe.

Bidearen zati handi bat, IV. mendetik zelan heldu zan XV.eko Zuberoara doinu bat, ez dogu sekula be jakingo, baina gitxi gorabeherako ibilbidea behinik behin identifikau dogu, argitu dau Berrojalbizek. Bereterretchen oinatzak diskoa ezin da dendetan erosi, baina Khantoria hirukotearen emonaldietan eskuratu daiteke. Esaterako, bihar, barikua, Durangoko Kurutze Santu museoan joko dabe. Ander Berrojalbizek bibolin barrokoa joten dau eta Maider Lopezek, biola, eta abestu be egiten dau. Khantoriako hirugarrenak, Virginia Gonzalok, ikerketan lagundu dau baina ez dau diskoan parte hartu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu