Euskerearen normalizazinoan atzerapausu handia emon leike Eusko Legebiltzarrak

Eka Ocuv Behatokia Eta Kontseilua 2012-02-08 17:23   Euskerea berbagai

Aurreikusita dagoana gauzatzen bada, Eusko Legebiltzarrak ezerezean itxiko dau merkataritzan kontsumo-hartu-emonak euskeraz egiteko eskubidea, kontsumitzaile euskaldunen eskubideen babesean atzerapausu handia emonaz.

Gai honen inguruan alderdi politikoen jarreretan azken momentuko ezustekorik ez badago, Eusko Legebiltzarrak 123/2008 Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretutik arau-hausteakaitiko isunen atala kentzea onartuko dau bihar PSE, PP eta UpyDren botoakaz, interes orokorreko zerbitzuen enpresentzat eta merkataritzako neurri handiko saltokientzat kontsumitzaileei Euskadiko bi hizkuntza ofizialetan arreta emoteko (arreta personala, errotulazinoa, dokumentazinoa...) dekretuak ezartzen dituan beharrak ez betetea zigorrik barik itxita.

2008ko dekretua bakotasun edo hutsune handiakaz jaio zan: interes orokorreko zerbitzuen enpresei (telefonia, argindar, gas hornitzaileak...) eta Euskadiko hiru uriburuetan eta % 33 baino euskaldun gehiagoko udalerrietako 15 langiletik edo 400 metro koadrotik gorako saltokiei (EAEko saltoki guztien % 6,5) baino ez deutse eragiten; eta euskeraz etiketeteari buruz ez dau ezer esaten.

Merkataritzan euskerearen erabilpena legez sustatzeko lehenengo saiakera serioa izan da 123/2008 Dekretua. Eguenerako, hilaren 9rako, aurreikusita dagoana gauzatzen bada, Eusko Legebiltzarrak ezerezean itxiko dau merkataritzan kontsumo-hartu-emonak euskeraz egiteko eskubidea, kontsumitzaile euskaldunen eskubideen babesean atzerapausu handia emonaz.

Legeak, edozein eremutan, agintzaileak eta hertsatzaileak dira berez: beharrak ezartzen ditue eta horreek beteten ez dituenentzako isunak be bai. Zigor atalik barik, ezartzen dituen beharrak betetea borondatearen esku itxita, legeak ez dira lege, gomendio hutsak baino.

Isun edo multarik barik, hankamotz geratuko da dekretua. Are okerrago, benetako betetea eta benetako eragina izan eikean beste dekretu bat ekiditeko baino ez dau balio izango oraingo dekretu indarbakotuak.

Edozein gobernuren betebeharra bere herritarren ongizatea eta eskubideak bermatzea da; kasu honetan Eusko Jaurlaritzeak (dekretuan aldaketa honen bultzatzailea PSE da) betebehar horri uko egin eta herritarren kontra egiten dau, herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak zapuztuz eta herritarrek euskeraz biziteko daben nahia gitxietsiz. Gogoratu nahi dogu Hizkuntza Eskubideen Behatokian jasotako kexen % 35,21 enpresek eta zerbitzu-emoileek eragindakoak dirala.

Zer egingo dau honen aurrean Eusko Jaurlaritzeak?

Behean izenpetzen dogunok gure erabateko desadostasuna adierazo nahi deutsegu euskerearen normalizazinoari oztopo larri hau onartuko daben alderdi politikoei.

Eta herritarrei dei egin nahi deutsegu bidebakokeria honen aurrean euskeraz biziteko nahiari determinazioz eutsi eta kontsumo-hartu-emonak euskeraz egiten jarraitu deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu