BerbaTek: hizkuntza-, ahots-, eta multimedia-teknologiak praktikan

Bizkaie! 2012-02-07 17:53   Euskerea berbagai

Hizkuntza-industrien euskarri teknologikoa bilakatzeko bokazinoa dauka BerbaTek proiektuak.

BerbaTek ikerketa-proiektuaren emoitzak aurkeztu ditue gaur Usurbilen, Elhuyar Fundazinoaren egoitzan egindako ekitaldian. Vicomtech-IK4 teknologia-zentroak, Tecnalia Research and Innovation Fundazinoak, UPV/EHUko Aholab eta IXA taldeek eta Elhuyar Fundazinoak osotutako partzuergoak egin dau ikerketea, Eusko Jaurlaritzako Industria, Barrikuntza, Merkataritza eta Turismo eta Kultura sailen laguntzinoagaz. Eragile horreek hizkuntza-teknologiak ikertzen eta garatzen jardun dabe 2009 eta 2011 bitartean, hizkuntza-industrien alorrean erabilera praktikoa izango daben aplikazinoetan indarra jarriz. Izan be, hizkuntza-industrien euskarri teknologikoa bilakatzeko bokazinoa dauka BerbaTek proiektuak.

Horrenbestez, ikerketa-lanari erabilera praktikoa emotea, batik bat hizkuntza-industrien alorrean, izan da hasieratik ikertzaileen helburu nagusietariko bat. Ahalegin horren erakusgarri, demo bana aurkeztu dabe gaur industria horretako hiru azpisektoreentzat: batetik, edukien sektorearentzat, bilatzaile semantiko multimedia baten demoa; bigarrenik, itzulpenen sektorerako, dokumentalen bikoizketa automatikorako demoa; eta, azkenik, irakaskuntza sektorearentzat, tutore personal baten demoa.

Bilatzaile semantiko multimediak Elhuyarrek eta IXA Taldeak eregitako zientzia eta teknologiako WNTerm ontologia espezializatua dau oinarri; hau da, kontzeptuak semantikoki lotzen dituan sarea. Elhuyar Fundazinoak sortutako edukien gainean egiten ditu bilaketak, eta, Tecnaliak garatutako teknologiaren bidez, termino bat bilatzen danean, ontologian oinarritu eta termino horren sinonimoak, azpiklaseak eta superklaseak be bilatu leikez. Ostera, emoitzea irudi bat bada, antzeko irudiak emoten ditu, Vicomtech-IK4ren teknologian oinarrituta.

Filmak automatikoki bikoiztea oraingoz erronka gatxa bada be, bikoizketa automatikoaren demoak egoki egiten dau lan ezaugarri zehatzeko dokumentalakaz: hizlari bakarra dagoanean eta ezpainen mobimentuagaz koordinetea ezinbestekoa ez danean. Gaztelaniazko dokumental bat eta haren transkripzinoa izanik, Vicomtech-IK4ren denpora-lerrokatze automatikoaren teknologiaren bidez, azpititulu-fitxategi bat sortzen da. Gero, IXA Taldearen Matxin itzultzaile automatikoak euskerara itzultzen ditu azpititulu horrek, eta Aholab-en testu-ahots bihurketa-teknologiak euskerazko ahots sinkronizatua sortzen dau. Demo horrek ondo funtzionau dau Elhuyarren, Teknopolis telebista-saioko hizlari bakarreko atalakaz.

Hizkuntzak irakasteko tutore personalari jagokonez, emozinoak adierazo leikezan 3Dko pertsonaia bat da, Vicomtech-IK4k garatutakoa. Euskeraz berba egiten dau, eta euskeraz esaten jakona ulertzeko gai da, Aholab-en teknologiari esker. Holan, IXAren teknologiaren bidez automatikoki sortutako gramatika-ariketak edo ulermen-ariketak egiten lagundu leikigu. Gainera, Aholab-en teknologia erabiliz, gure ahoskerea ebaluatzen dau. Azkenik, idazteko be lagungarria izan daiteke (hiztegiak konsultetea ahalbidetzen dau, berbak zelan deklinetan diran eta zenbakiak zelan idazten diran esan...), IXA eta Elhuyarren teknologiaren bidez.

BerbaTek proiektuaren aurretik, 5 eragileek osotutako partzuergoak Anhitz proiektua garatu eban 2006 eta 2008 artean, eta zientzia-aditu birtual baten demoa garatu eben. 2002-2004 aldian, barriz, Hizking XXI proiektua garatu eben.

Horren guztiaren barri emon dabe gaurko ekitaldian Itziar Nogeras Elhuyar Fundazinoko zuzendari nagusiak, Edorta Larrauri Eusko Jaurlaritzako Industria, Barrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologia zuzendariak, Begoña Muruaga Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskerea Sustatzeko zuzendariak eta Igor Leturia Elhuyar Fundazinoko I+G unitateko arduradun eta BerbaTek proiektuaren koordinatzaileak.


Informazino gehiago:


www.berbatek.com
www.berbatek.com/eu/demoak www.berbatek.com/eu/aplikazioak

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu