Gizontasunaren ereduak aztertu ditu Julen Gabiria idazleak umeentzako liburu barrian

Dabi Piedra Robledo 2012-02-07 14:38   Kulturea

Gizontasun ereduen inguruko hausnarketea da, funtsean, liburua, baina ez bakarrik aitatasunagaz lotuta, gizartean oro har gizonari ezartzen jakozan egitekoez be jarduten da Julen Gabiria.

Mikel Zarate Haur Literatura sariketearen bigarren ekitaldia irabazi dau Gabiriak Nire aita ikusezina da lanagaz 2011n eta, orain, Elkar argitaletxeagaz plazaratu dau. Esperientzia personaletik abiatuta otu jakon umeentzako nobela hori idaztea, aitatasunaren eta gizon izatearen ikuspegi barria emoten ahalegindu da idazle galdakaoztarra, tonu umoretsua galdu barik. Patxi Gallegoren irudiek janzten dabe liburua.

Nire bikotekidea haurdun geratu zanean, gizon ikusezina bihurtu nintzala konturatu nintzan; ama eta umea bihurtu ziran besteentzat protagonista eta ni ahaztuta geratu nintzan, azaldu dau Julen Gabiriak. Horrezaz gan, gizonezkoa izateagaitik, aitatasuna neure erara disfrutetako mugak topau dodaz, gizarteak ezarritako kanonetik ezin aldenduta ibili naz, dino Gabiriak. Bizipen horreetatik abiatuta, eta beste aita batzuekaz berba egin eta gero, liburuaren mamia atara eban. Nire aita ikusezina da liburuan, Elene 11 urteko neskatoa da protagonista nagusia eta Xabat nebea jaioten danean, konturatzen da aitari inork ez deutsala kasurik egiten, gizon ikusezin bihurtu dala. Hori konpontzeko ahalegina egiten dau Elenek, ez da niri gertatutakoaren kontaketea, baina neure gogoetak erabili dodaz nobelarako, zehaztu dau Gabiriak.

Gizontasun ereduen inguruko hausnarketea da, funtsean, liburua, baina ez bakarrik aitatasunagaz lotuta, gizartean oro har gizonari ezartzen jakozan egitekoez be jarduten da Julen Gabiria: Elene protagonisteak berak be, gizontasun klasikoa irudikatzen dauen mutil baten eta estereotipoa apurtzen dauen beste baten artean aukeratu behar dau, ereduen arteko talka hori agiri da istorioan. Gai mamitsua da, beraz, baina Julen Gabiriak, umeentzako tonuan eta umorea galdu barik idatzi dau, gertaerak eurak umoretsuak dira. Idazlearen esanetan, ume zein gurasoentzat idatzi dot eleberria, alkarregaz istorioa irakurten imajinetan dodaz, eta gero, gurasoek ondorio batzuk atarako ditue eta umeek beste batzuk, zeinek bere adinaren arauera.

Istorioa bera, zati nagusi bitan banatu dau Gabiriak. Lehenengoa, Xabat umetxua jaio aurrekoa, iraganean kontauta dago. Bigarren zatiak eguneroko formatua dauka. Elene protagonistea da narratzailea. Patxi Gallegok egindako marrazkiek be aitamena merezidu dabe, sekulako lana egin dau Patxi Gallegok, istorioa ederto interpretau dau eta irudi ikusgarriak egin ditu, liburua hobeto ulertzen laguntzen dabe, esan dau Julen Gabiriak.

Nire aita ikusezina da nobeleagaz, beraz, Mikel Zarate saria irabazi eban 2011n Julen Gabiriak. Lezamako Udalak eratutako haur literatura lehiaketearen bigarren ekitaldian gailendu zan Gabiria eta, honezkero, hirugarrena be martxan dago. Aurreko edizino bien arrakastea errepetidu gura dogu 2012an, nabarmendu dau Alaitz Etxeandia Lezamako alkateak, Mikel Zarate gure idazle handia omentzeko sortu genduan lehiaketea eta, hasieran zalantzak izan arren, asmau egin dogu umeen literatureari buruzko lehiaketea antolatuta, umeentzako liburuak be lehen mailako literaturea dira. 2012ko apirilaren 30erako entregau behar dira lanak Lezamako udaletxean hirugarren ekitaldi honetan eta, ondo bidean, urte amaieran irabazlearen liburua argitaratuko dau Elkarrek. 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako istorioak izan beharko dira, euskeraz; euskal kulturea eta euskerea zabaltzea da gure asmoa eta, horregaitik, krisian egon arren, lehiaketeari eutsiko deutsagu, ahal bada urte luzez, azpimarratu dau Etxeandiak.


Idazlanak helbide honetara bialdu:

Lezamako Udala — Mikel Zarate Saria
Aretxalde, 1
48196 Lezama


Argibide gehiagotarako hona jo daiteke:

Lezamako Udala: liburutegia@lezama.org edo 944556126

Elkar argitaletxea: liburuak@elkar.com edo 943310267

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu