Basque Culinary Centerrek Euskadiren Eguna antolatu dau Berlinalen, euskal gastronomia, produktuak eta kulturea ezagutzera emoteko
2012-02-06 17:47 Jan edanakBasque Culinary Center-ek, zezeilaren 13an, Basque Day lelopean eta Berlinale Zinema Jaialdiaren harian, euskal kulturearen, gastronomiaren eta kalidadezko lurreko produktuen enkantua erakutsiko dau Berlinen.
Basque Culinary Center-ek, zezeilaren 13an, Basque Day lelopean eta Berlinale Zinema Jaialdiaren harian, euskal kulturearen, gastronomiaren eta kalidadezko lurreko produktuen enkantua erakutsiko dau Berlinen, Espainiako Enbaxadan. Basque Culinary Centerrek antolatu dau jardunaldia, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailagaz eta Etxepare Euskal Institutuagaz batera, zezeilaren 9tik 19ra egingo dan Berlinale nazinoarteko zinema-jaialdiko ekitaldien barruan.
Donostiako Zinemaldiko Culinary Zinema eta Berlinaleko Kulinarisches Kino sailen arteko lankidetzatik sortu da ekimena. Culinary Zinema gastronomiari buruzko saila Donostiako jaialdiaren azken edizinoan jarri eben abian Basque Culinary Centerrek eta Zinemaldiak berak alkarlanean, eta aurrerantzean be bere tokia izango dau.
Basque Day jardunaldia 11:30ean hasiko da, Berlinen Espainiako enbaxadore dan Rafael Dezcallar de Mazarredok bertaratutakoei egingo deutsen ondoetorriagaz. Jardunaldiaren barruan, Euskadiko nekazal produktuen erakusketea be antolatuko da. Amaia Barrenak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza saileko Barrikuntza eta Elikagaien Industrien zuzendaritzako buruak, ekimenaren aurkezpena egingo dau.
Era berean, Gastronomia, artea eta gizartea gaia berbagai izango dauen mahai-inguruan parte hartuko dabe Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizega, Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos, Andoni Luis Adúriz, Elena Arzak eta Eneko Atxa sukaldariak, eta Thomas Struck Kulinarisches Kino sailaren zuzendaria.
Horrezaz gan, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, Felipe Ugarte musikariak emonaldia eskainiko dau Beñat Iturriozegaz (txalapartea) eta Mikel Aristegigaz (jantzea) batera. Ugarte Mugaritz BSO filmeko musikearen egilea da, eta baita zuzendarikidea be.
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak nazinoarteko entzuleen aurrean egingo dau berba, zinemaren inguruko jentea eta Alemanian euskal produktuen banatzaile diranak bertaratuko baitira ekitaldira. Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Isabel Muela be izango da Euskadi Day jardunaldian.
Goizeko ekitaldiak amaituta, bertan batzekoak diran ehun lagun ingururentzako luncha eskainiko dau Elena Arzakek, eta gainera, pintxoak konbidatuen aurrean egingo ditue, zuzenean.
Mugaritz BSO filmaren nazinoarteko estreinaldia
Gauean, Basque Day amaitzeko eta jaialdiko Zinema eta Gastronomia - Kulinarisches Kino sailean Mugaritz BSO filma nazinoartean estreinau ondoren, Andoni Luis Adúriz sukaldariak 200 lagunentzako afaria eskainiko dau Berlinalen. Basque Culinary Centerren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo sailaren Euskadi, goza ezazu kanpainearen babesa dauka afariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!