Arratiako San Blas ermitea da izen hori dauen Bizkaiko ermita bakarra

Bizkaie! 2012-02-03 11:43

Urregi auzunean dago, Dima eta Zeanuri herrien arteko mugan. Horregaitik, bi herri horreek alkarbanatu izan ditue mantentze lanak zein San Blasenganako debozinoa.

Izan bere, bada San Blasi eskainitako beste ermitaren bat, baina beste santu bategaz batera; esate baterako, Zeberioko San Pedro eta San Blas ermitea.

Kontuak kontu, Urregi auzunean dago, Dima eta Zeanuri herrien arteko mugan. Horregaitik, bi herri horreek alkarbanatu izan ditue mantentze lanak zein San Blasenganako debozinoa.

Eraikina nahiko handia da eta kanpoaldeko hormetan, erlijinozko arkitektura gotikoaren ohiko kontrahormak ikusi daitekez. Barrualdea zabala da eta, burualdean, Jesus gurutziltzatua dago; haren aldamenean, barriz, San Blas eta Paduako San Antonioren irudiak dagoz.

Gurutze-bide bakun bat dauka alboetako bi hormatan bananduta. Ermitearen behealdean dagoan eleizpe txikiaren zati bat itxita dago; horma batek bereizten dau barrualdetik eta, horma horretan, zur torneatutako hesiak daukiezan leihoak dagoz.

Esaten dabenez, San Blas Armenian jaio zan, medikua eta gotzaia izan zan, eta ezaguna zan bere osatzeko dohaina zala-eta. Bizia salbau ei eutsan arrain-hazur bategaz itoten egoan ume bati, eta, ordudanik, samea jagoten dauela uste dabe sinestunek. Antza danez, Kapadoziara joan zan eta eremutar biziera izan eban han. Martirizatua hil zan 316. urtean.

Antxina, zezeilaren 3an, San Blas egunean, ohitura zan arto- eta baba-haziak eroatea ermita horretara, hazi horreek bedeinkatu ostean uzta ona izateko, bai eta elikagaiak eta samako gaixoetatik babesten eben lokarriak bedeinkatzea bere.

Azken urteotan udan ospatzen dabe jaia, Dimako koru eta meza santu eta guztiz.


Informazino gehiago:

http://arratiaeliza.blogspot.com/

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu