Martxan da Bardoak 2012, Nafarroako taldekako txapelketa barria

Bizkaie! 2012-02-02 10:43   Bertsolaritzea

Bardoak 2012k abiapuntu ikusgarria dauka: 17 taldek hartuko dabe parte, 99 parte-hartzailegaz. Danetara, 51 bertsolarik urtengo dabe plazara, inoizko kopururik handiena. Eta saio kopurua be ez da edozelakoa, bi hilebetetan 24 saio izango ditu taldekako txapelketa barriak. Finala izan eze, alkarte giroko saioak izango dira, kalidadezkoak, hurrekoak eta barritzaileak.

Taldekako txapelketa barria abiatu da Nafarroan. Nafarroako Bertsozale Alkarteak igaz erabagi eban Nafarroako Bertsolari Txapelketea bi urtetik behin martxan jartea eta horren osogarri lez bestelako ekimen bat abiarazotea. Bardoak 2012 da ekimen barri hori, Nafarroa mailako taldekako txapelketea. Helburu nagusia da bertsozaleari bertsolaritzaz gozetako aukera barritzailea eskaintzea. Berez, zezeilaren 3tik martiaren 31ra luzatuko da Bardoak 2012, halan da be azken momentuan bertsolarien agenda arazoakaitik lehenengo saioa urtarrilaren 27an egin zan Etxarrin.

Datuei erreparauta, Bardoak 2012k abiapuntu ikusgarria dauka: 17 taldek hartuko dabe parte, 99 parte-hartzailegaz. Danetara, 51 bertsolarik urtengo dabe plazara, inoizko kopururik handiena. Eta saio kopurua be ez da edozelakoa, bi hilebetetan 24 saio izango ditu taldekako txapelketa barriak. Finala izan eze, alkarte giroko saioak izango dira, kalidadezkoak, hurrekoak eta barritzaileak. Kasu gehienetan saio horreek, bazkari, askari, afari edo bestelako ekitaldiakaz osotuko ditue.

Talde lana da ekimen barriaren oinarria. Gitxienez bost partaide ditu talde bakotxak: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria. Hortik aurrera, nahi aina laguntzaile. Talde horreek guztiak, ahal izan dan kasuetan, eskualde edo inguru bereko kideakaz egin dira. Hori dala eta, talde lana da bertsolariek saioetan egin beharko dabena, danen artean banatu beharko baititue egin beharreko ariketak. Nafarroako bertsolaririk ezagunenak dagoz taldeetan, eta eurekaz batera bertsolari hasibarriak, horregaitik talde lana ezinbestekoa da.

Saioetan ez da txapelketako ohiko epaiketa sistemarik izango. Lehen fasean beste taldeetako bi kidek epaituko dabe saioa, puntuazinorik jarri barik, ariketaz ariketa talde onena aukeratuta. Horreekaz batera, entzuleek be saioan hobetoen nor ibili dan baloretako aukerea izango dabe. Bi horreetatik urtengo dau saio bakotxeko irabazleak.

Kontuak kontu, taldearen ardurea ez da saioetan kantetea bakarrik. Talde bakotxak etxeko saioa antolatzeko ardurea iznago dau, etxeko saioa aurkeztearena eta saio batean epaile lanak egitearena. Bardoak 2012ko helburuetakoa da bertsolaritzearen arlo guztiak lantzea.


Egiturea

Hiru fasetan dago egituratuta Nafarroako taldekako txapelketa barria. Lehen fasean, hiru taldeko bost multzo dagoz eta seigarren bat bikoa. Multzoko talde bakotxak bi saio izango ditu, multzo bereko beste bi talderen kontra, bat etxean eta bestea kanpoan. Danetara, lehen fase horretan 17 saio izango dira, urtarrilaren 27tik zezeilaren 19ra.

Bigarren fasera multzo bakotxeko lehenengoa pasauko da, sei talde guztira. Hiruko multzotan, bina saio egingo ditue, buelta bikotxean, etxean eta kanpoan. Danetara, sei saio, martiaren 2tik 18ra. Eta, azkenik, hiru talde pasauko dira martiaren 31n egingo dan finalera.


Finala

Leitzan izango da Bardoak 2012ko finala, martaren 31n. Horretan, sailkatutako hiru taldeak igoko dira taulara, bederatzi bertsolari. Baina egun osoko jai eguna izango da. Azken urteotan Nafarroako Bertsolari Txapelkeetaren finala bertsolaritzearen eta euskal kulturearen ezinbesteko hitzordu bihurtu da, eta Bardoak 2012ko final horrek lehiaz harago dagoan bertsolaritzearen jai handia izaten segidu nahi dau.


Webgunea

Bardoak 2012 taldekako txapelketearen informazino osoa eta eguneratua (egutegia eta ordutegia, sarrerak zelan eskuratu, bideoak eta argazkiak…) www.bardoak.com gunean egongo da. Horrezaz gan, sare sozialak be (Facebook eta Twitter) erabili leikiez zaleek aurtengo edizinoaren zehetasunak segiduteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu